Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Wangechi Mutu

Susan Thompson

Izenburua:
Wangechi Mutu
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Giza gorputza | Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Sinbologia | Kapitalismoa | Gehiegikeria | Gogoeta | AEB
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Collage
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Mutu, Wangechi

Wangechi Mutu, batez ere egiten dituen collage erakargarriengatik da ezaguna. Horietan aldizkari pornografikoetako ebakinak eta tintaz eta kolore orbanez marraztutako trazuak konbinatzen ditu, aldi berean erakargarriak eta groteskoak diren irudiak sortzeko. Giza gorputza leku moldekatu eta kultur edukiz betetzat gogoraturik, haren sorkari hibridoen edertasun distortsionatuak agerian du irudi femeninoaren irudikapen bereziki afrikarraren historia luzearen eta gorabeheratsuaren zama.

Salokeria ahanzturatik ateratzen (Exhuming Gluttony, 2006/11) instalazioan, Mutuk hiru dimentsioetara estrapolatzen du bere collageetako ikusizko mundua1. Behatzailea espazio soil batean sartzen da, agian festa lizun baten edo zeremonia erritual kontrolgabe baten lekua izandako espazio batean. Orratz formako hanka ezin meheago batzuek eusten dioten zurezko mahai handi batean gainean, ardo-botilak dira sabaitik zintzilik, botila-lepoak larruz bilduta dauzkatela. Ardo beltza etengabe erortzen da, tantaz tanta, mahai gainean, isuri eta putzu eskarlatak egiten dituela; horien koloreak aretoko pareta luzeenaren paraleloan doan errezeleko tinta-orbanak gogorarazten ditu. Animalia-larru zatiz egin ohazal bat da kontrako paretatik zintzilik, ausarkeriazko tiroek eragin orbainak agerian, gehiegizko bortizkeriaz hornitu istorio bat iradokitzen digula espazioan.

Mutuk gertaera traumatiko baten ondoriotzat sortu du eszena. Haren iritziz, otordu ikaragarri baten lekua izan daiteke gela, “horretan ustekabeko zerbait gertatu berri baita, eta berandu iritsi eta oraintxe sartu zara, edo haren parte zinela gertaeren lekura itzuli zara. Galderek flotatzea nahi dut, esaterako zer gertatu da hemen?, edo zer da leku hau?. [...] Egiaz, oraina, unekoa, ikusgarria harrapatzen saiatu nintzen. [...] Ardoa erakusketa osoan zehar etengabe mahai gainean tantaka erortzea ziurtatu nahi nuen. [...] Lehen aurkezpen honetan mahaia erabat aldatu zen […] eta horrek, niretzat, trauma edo gertaera horren jarraitutasuna adierazten du halaber”.

Badirudi gelak behinolako erritu bat zein etorkizun distopiko bat jorratzen dituela, baina egungo kapitalismoaren gehiegikeriari egin kritika obraren erdi-erdian dago. “Uste dut sekula ez diodala erabat utzi hemen [Estatu Batuetan] dagoen material, janari eta aberastasun kantitatea nabaritzeari zein horrekin harritzeari —azaldu du artistak—. Obra hau sortzen ari nintzenean, jakin banekien diru- eta aberastasun-kantitate masibo hori etengabe egiten eta berregiten dela. Artearen munduan bereziki senti zitekeen, zeren eta uste baitut horren alderdi komertzialena une horretantxe ari zela gorantz egiten. Sentitu nuen gehiegizko hazkuntza hori lotuta zegoela… une horretan gertatzen ari ziren gerrekin (Afganistanen, Iraken) eta festa frenetiko horretatik atereak ziren antzeko beste trauma batzuekin”. Horixe da artistak behatzailea zuzenean inplikatuta sentitzea nahi duen egoeretako bat. Hemen, Muturen collageetan hain era nabarmenean erakutsitako irudiaren ordez, behatzailearen gorputza dago. “Jakin-minak bultzatu egiten nau rolak aldatu eta jendea espazioan zehar ibilaraztera eta mahai horren inguruan bere koreografia propioari segiaraztera, eta jendea gauzetatik urrundu edo hurbilaraztera, betiere dituen sentimendu eta sentsazioetan oinarrituta. [...] Leku bat egin nahi nuen, non publikoa, funtsean, antzerki honetako pertsonaia izango zen”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Obra hau 2006an Salokeria ahanzturatik ateratzen, maitale baten requiema (Exhuming Gluttony, A Lover’s Requiem) tituluarekin egin obraren hurrengo iterazioa da. [itzuli]