Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Annette Messager

Susan Thompson

Izenburua:
Annette Messager
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Bildumagintza | Sorkuntza artistikoa | Forma | Lan-prozesua | Materiala | CAPC Musée d'art contemporain | Memoria | Sentimenduak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Artisautza | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Messager, Annette

Annette Messager-ek, bere obran, oroitzapena, nostalgia eta galera lantzen ditu, beretzat balio sentimentala duten objektuak bilduz eta, hurrena, arreta handiz prestatutako eran aurkeztuz horiek. Behin eta berriro erabiltzen dituen materialen bitartez, horien artean baitira lapitzak, haria, objektu josiak eta argazkiak, arte-sorkuntzaren eremura eramaten ditu tradizionalki etxekoari eta eskulangintzakoari lotuta egon diren prozesu eta bitartekoak.

Dependentzia/Independentzia (Dépendance/Indépendance, 1995) instalazioan, hari-sorta, hari-jauzi bat zintzilik dago sabaitik, eta duen kokapenak bihotz baten forma delineatzen du lurrean. Kordel bakoitzean, Messagerren praktikan ohikoak diren objektu batzuk ikusten ditugu: argazki askotarikoak, animalia disekatuak, oihalezko letra josiak, kolorezko lapitzak, plastikozko poltsak edo sareak. Elementu horiek motaka daude antolatuta, eta behatzaileak fisikoki zein bisualki zeharka ditzakeen gune tematikoak sortzen dituzte. Messagerrek irudikatzen du ikuslea “argazki-bide batean dagoela, hitzezko errepide batean geroago, eta baita oihalezko organoen eta animalia disekatuen (taxidermia) bidegurutze batean ere; bere bidea aukeratu behar du ikusleak, eta bera da askotariko eta trinkoak diren material isolatuen masa horrekin bat egiten duena”. Ikuslea konduktu horien artean dabil, bihotzak ponpatuko balu bezala, eta ibilbide horretan obra aktibatzen duelarik bertako elementuak elkarrekiko harremanean sar daitezen eragiten du. Hauxe da Messagerrek obran zuzenean parte hartzera gonbidatzen gaituen lehen lanetako bat. “Ikuslea aktiboagoa izatea nahi nuen; nahi nuen hura sartzea, galtzea, eta gatazkan diren baina ohikoak zaizkigun objektu eseki eta desberdin horiekin topo egitea”.

Messagerrek Bordeleko CAPC Musée d’art contemporain-en erakusketa baterako sortu zuen pieza; han, espazio itzelak eragin ikara sentitu zuen, museotik beretik zetozen era guztietako presio instituzionalen pisua. Eta larritasun hori, azkenean, obraren bultzada sortzailea izango zen. “Hasieran espazio itzel hura… paralizatzailea zen —dio artistak—. Are gehiago, erakundearen zuzendaritza ere aldatua zuten, goitik behera berregituratuta. Kaosak irentsi ninduen, eta erabat ibilgetu ninduen. Goiz batean jaiki, eta mendean ninduen hura guztia baino indartsuagoa nintzela esan nion neure buruari; nire obran, nik neuk nahi nuenean zentratu baino ez nuen egin behar. Horrela, Dependentzia/Independentzia titulua aukeratu, eta zeharo askatuta sentitu nintzen! [...] Erakusketa horrek indartsuago egin ninduen, nire beldurrak garaitu nituen. [...] Uste dut obra ludiko eta askeagoak sortzera eraman ninduela”.

Artearen eta bizitzaren arteko banaketa arbitrariotzat sumatua zuenaren kritika eginez, arte-ibilbidea abiatu zuenean bi kategoriatan banatu zuen bere sorkuntza-jarduera Messagerrek. Bere logela txikian objektuak, irudiak eta informazioa bilduz sortzen zituen obrek “Annette Messager, bildumagilea” izango zuten egile; eta estudioan egiten zituenak, berriz, “Annette Messager, artista”renak izango ziren. Hala eta guztiz, piezetako batzuek rol horien konbinazioa eskatzen zuten. “Uste dut Dependentzia/Independentzia-k adiskidetu egin zituela identitate desberdin horiek, eta indarberriturik atera nintzen horretatik: espazioa konkistatu behar nuen, instituzioa konkistatu behar nuen. Horrenbestez, larritasun guztiaren ondotik, askatasun berria sentitu nuen ‘Annette Messager’ guztiak batu eta atzera zatitu, deformatu, hustu, ebaki eta berriro itsasteko alaitasun osoz!”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]