Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Martin Kippenberger

Martin Kippenberger

Izenburua:
Martin Kippenberger
Egilea:
Martin Kippenberger
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta umorea | Artistak | Sorkuntza artistikoa | Tamaina | Gogoeta | Golkoko gerra | John Baldessari | Suntsipena
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Argazkia | Instalazioa | Pintura
Aipatutako artistak:
Kelley, Mike | Kippenberger, Martin

Artistak kulturaren barnean betetzen duen eginkizunaren ikerkuntza konstante bat izan zen Martin Kippenberger-en obra multzo askotarikoan eta bizitza pribatuan. Bere irudi hauslea eta inguru soziala zehatz-mehatz itxuratu zituen, garatzen ari zen jardun artistikoaren zati gisa, eta artearen eta bizitzaren arteko gurutzatzea interesatu zitzaion, bere buruari galdetzen ziola ez soilik artea zer den, baizik eta baita artista izatea zer den ere.

Bere arte-ibilbidean zehar, Kippenbergerrek sarritan jo zuen autorreferentzialtasunera. Irudiak birziklatzeko joera zuela eta, iraganeko obra, erakusketa eta gaietara itzultzen zen maiz, obra berriak egiteko. Titulurik gabea (1989-90) Morroi gogorra (Heavy Burschi) sailaren parte da; sail horrek, proiektu horrek, zenbait modutan definitzen du Kippenbergerrek arte-praktikara hurbiltzeko duen era konplexua. Sail horretarako, bere laguntzaileetako bat prestatu zuen, bere katalogoetako irudietatik abiaturik pintura-multzo bat sor zezan. Azken akaberarekin pozik ez, pinturak ondoegi zeudelako eginda itxura, eta denak suntsitzea erabaki zuen Kippenbergerrek. Dena den, horren aurretik irudi guztiak fotografiatu zituen. Eta horien bina marrazki ere egin zituen, hotel baten idazpurua zeukan paper gainean, bata bestearen isla izateko moduan. 1991ko erakusketa batean argazki horiek erakutsi zituen, eskala handian inprimatuta, pintura haien hondakinez betetako edukiontziaren ondoan. Erreferentziak azalera ateratzen dira irudiak teknika baten erabileratik beste batera doazen neurrian, laguntzaileak prozesatuta lehenik, kamerak prozesatuta ondoren. Kippenbergerren zuzendaritzapean, zeuzkan katalogoetako irudiak, berez lehendiko obren erreferentziak zirenak, pinturak, argazkiak, marrazkiak eta instalazio bat izango ziren berehala.

Titulurik gabe (1991) lanean, Kippenbergerrek atzera heldu zion lehen aldiz 1983ko Gerra zitala (Krieg böse) obran erabili zuen behin eta berriroko gai bati. Pintura horiek korazatu baten brankan dagoen gnomo bizardun baten irudia dute erdigune, Bizarzuriren bertsio belizista eta gaizto bat eskainiz jantzia dela. Titulurik gabe lanak lehenagoko obra batzuen konposizioa eta figurazioa errepikatzen ditu, baina eszena tonu urdinez ematen du, erabat ia-ia. Itsasontziaren, kanoiaren eta gnomoaren ingeradak aerosol pinturaz estali dira laster batean, eta horrek obraren abstrakzioa areagotu eta erreferentzia iluntzen du; “USW” letrak espraiz pintatu dira halaber, nabarmen ageri baitira itsasontziaren albo batean, Estatu Batuek Golkoko Gerran izan partaidetzaren erreferentzia egitearren agian.

1989 eta 1990 bitartean, Kippenberger Los Angelesen bizi izan zen, eta John Baldessari eta Mike Kelley artista estatubatuarrekin harremanetan hasi zen; bere obretan txisteak eta umorea sartzeagatik ziren ezagunak artista horiek. Kippenbergerrentzat txisterik onenak testuingurua baino ez zutelarik graziarik ez zutenak ziren. Behin batean laudorioa eskaini zion lagun bati, haren burutazioa baitzen istorio bateko “azken kolpea kentzea” eta horren ordez “nola amaitzen den ez ote dakidan nago” moduko bat jartzea. Kippenbergerrek aipatu zuen ezen umoristak “ia-ia bost minutu eman dituela hizketan eta jendeak dagoeneko barre handiak egin dituela, ez dagoela amaiera beharrik”1. Txiste baten asmakuntza (Die Erfindung eines Witzes, 1993) sailean, artistak bederatzi pinturako multzo bat sortu zuen, horietakoa Titulurik gabe; pinturotan irudi bibotedun bera aurkezten zuen, egoera desberdinetan. Sailak egituratzen duen narrazioa hain dago zatikatu eta loturarik gabe ezen ezinezkoa baita haria osatzea. Obra horretan, txistearen amaiera irekia ikuslearen eginkizuna da, zatietatik abiatuta saiatu behar du eta esangura egituratzen.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Martin Kippenberger, aipatua in Martin Kippenberger: I Had a Vision, erak. kat. honetarako: Martin Kippenberger: New Work, San Frantzisko, San Francisco Museum of Modern Art, 1991, 107. or. [itzuli]