Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Steve McQueen

Susan Thompson

Izenburua:
Steve McQueen
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta politika | Sorkuntza artistikoa | Neokolonialismoa | Kongo | Irak | Gordon Matta-Clark | Joseph Conrad | Koltana | Zinema
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Animazioa | Bideoa
Aipatutako artistak:
McQueen, Steve

Steve McQueen-en filmak meditazio sotilak dira, eta gai politikoak jorratzen dituzte sarritan, zeharka, azalpean bor-bor mantentzen dituztela. Haren Gravesend/Lehertu gabe (Gravesend/Unexploded, 2007) obrak elkarren ondoko espazioetan aurkezten diren bi film dira. Lehertu gabe monitore batean erakusten da, Gravesend proiektatzen duten espazio handiago baten gelaurre txiki batean. Minutuko iraupena duela, Lehertu gabek lehertu ez den lehergailu baten inpaktuak kaltetu duen Hamzako (Irak) eraikin baten irudia zirriborratzen du. Kamera eskuan filmatu lan horrek eraikineko zenbait solairu zeharkatzen dituen zulo zilindrikoa erakusten du. Gordon Matta-Clark-en eraikin moztuetako bat gogorarazten duen obra hau lehergailua lehertu balitz gertatuko zenaren inguruko gogoetaz beteta dago.

Gravesendek koltana (kolunbita-tantalita) du gai; tantalio aberastasun handiko minerala da, eta gailu elektronikoetan, esaterako ordenagailu eramangarri edo telefono mugikorretan instalatutako kondentsadoreetan erabiltzen da. Horrelako gailuak mundu osoan zehar izugarri hedatu direla eta, koltanaren eskaerak neurriz gain egin du gora azken urteotan, eta gatazka itzelak eragin ditu koltan aberastasun handiko Kongoko lurraldeetan; han, mea-zain bilatzaile basatiak lehian, borrokan ari dira meategiak kontrolatzeko, eta jauntxo ustelak eta merkatu beltza dira nagusi. Gaia eduki politikoz betea badago ere, McQueenek ez du dokumentalaren formatua aukeratu bere lanerako, ikuspegi abstraktuago eta propio ez-narratibo bat baizik. Filmak ez du aurrekarien berri ematen, eta behatzailea galdu samartuta geratzen da zeren eta Kongoko oihanaren erdian kokatutako eszena batetik, langile bakarti bat meategi batean koltana ateratzen ari dela, Erresuma Batuko osagai elektronikoen fabrika ezin garbiago batean gertatzen denera egiten baitu jauzi, honetan minerala produktu bihurtzen dutela, merkatu globalean eta, bereziki, mendebaldekoan irrikaz kontsumitzeko. Meatzari baten esku zimelduak, haragi bizi pikotxaren mugimenduengatik, eta osagai elektronikoak muntatzen dituzten makina teknologiko robotikoak elkarren ondoan jartzen dituelarik, politika ekonomiko postkolonial eta globalari buruz argudiatzen du McQueenek, horien arteko loturak esplizitu egiteke.

Filmaren erdian zuri-beltzeko animazio abstraktu bat txertatzen du; horrek Kongo ibaiaren bideari segitzen dio, airetiko ikuspegi batez, arrasto ilun bihurgunetsuak hondo zuria zeharkatzen duela lirikoki. Geroago bada harraldi luze eta mantendu bat, eguzkiaren sarrera erakusten diguna bera profil industrial baten gaineko zeru lainotsu batean. Irudi horrek bikain ilustratzen digu Joseph Conrad-en Ilunpeen bihotzean (1899) obraren hasieran deskribatzen den eszena bat, zeinetan Kongon zeharreko bidaia batean abiatzear baita protagonista, hain justu McQueenen piezari izena ematen dion Erresuma Batuko Gravesend hiritik. 35 mm-tan filmatua eta definizio handiko bideo digitalera eramana, piezak zuzenean erakartzen du ikuslearen arreta, artistak, pazientzia handiz, luze eta zabal landu dituen irudi bikainekin. Eduki politikoa badu ere, McQueenek dio ezen, azken batean, Gravesendek bizitzako errealitateak aztertzen dituela. “Behatzailea obran murgildu ahala, politikak laga egiten dio arazo izateari”, diosku. “Noiz sartzen da politika bizitzan, eta noiz bizitza politikan? Une honetan bertan ari da gertatzen. [...] Elkarrekin konektatuta daude”1.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Steve McQueeni Jeff Reichert-ek egin elkarrizketa: “Breathless: An Interview with Steve McQueen”, Reverse Shot 24 (2008ko apirilak 27), 2011ko urtarrilaren 7an jasoa, http://www.reverseshot.com/article/interview_steve_mcqueen. [itzuli]