katalogoa
Robert Gober
Susan Thompson
- Izenburua:
- Robert Gober
- Egilea:
- Susan Thompson
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
- Neurriak:
- 27 x 23 cm
- Orrialdeak:
- 207
- ISBN:
- 978-84-95216-67-0
- Erakusketa:
- Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
- Gaiak:
- Generoa eta sexualitatea | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Sorkuntza artistikoa | Forma | Materiala | Gogoeta | HIESa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Gober, Robert
Bere karreran zehar, Robert Gober-ek zenbait eskultura-sail sortu ditu etxeko objektu arrunt bat harturik oinarri, objektuaren gero eta aldaera distortsionatuagoak eginez elementu arrotz eta durduzagarri bihurtu arte. Sarritan zenbait urte ematen ditu lanean objektu beraren permutazioak lantzen, eta forma sinpleak eta egunerokoak erabiltzen ditu bere belaunaldiaren kezka handiei heltzeko.
Askarik gabeko konketa parea (A Pair of Basinless Sinks, 1986) deitua gaitzat konketa hartu zuen eskultura-sail horietako lehenekoa da, eta honakoa diosku hari buruz: “zeharo kezkatuta eduki ninduen hiru urte baino gehiagoz”, 1984tik aurrera1. Lehenbiziko konketa-eskulturaren forma Goberrek aitona-amonen etxean ezagutu zituen aska bikoitzeko esku-garbitoki batzuetatik eta umetan bere etxeko bertako sotoan ikusia zuen antzeko beste batetik zetorren; Goberren aitak “orduak eta orduak” ematen omen zituen soto hartan, bere “zaletasun ugarietan” murgilduta. Hurrengo urteetan zehar, Goberrek konketaren oinarrizko formaren aldaera ugari fabrikatu zituen, bikoiztuz hura, hirukoiztuz, diagonalean edo angeluan jarriz, eta mutazioak eta hibridoak sortuz. Askarik gabeko konketa parea pieza berantiarra da sail horren barnean, eta paretan zintzilikatutako bi aurreko panel dauzka, garbiontzi zein txorrotentzako zulorik gabe. Saila osatzeko, Konketa erdi-lurperatua (Half-Buried Sink, 1987) pieza dugu; horretan, antzeko aurreko panel bat soropil parterre batetik ateratzen da, hilarri bat balitz bezala. Horrela, Goberrek “irudia lurperatzen du, literalki”.
Hurrengo sailerako, ohea hartu zuen gai, baina beste norabide batean abiatu zen berehala. “Konketen sail edo serie izaera zela eta —azaldu du—, ohea beharbada antzera tratatzen ari nintzela pentsatu nuen. Ohe bikiak, ezkontza-ohe bat edo, agian, angelu zuzenean jarritako ohe bat. Hori beharrean, denboran atzera egin nuen, nire denboran atzera, eta sehaska bat eta gero umeentzako parke bat egin nituen. X formako sehaska (X Crib, 1987) sail horretakoa da, eta Goberrek “hitzaren aurretiko gatazka” ikusten du haren gurutze-forman. Txakurrentzako ohe sail bat ere sortu zuen artistak, tartean Txakurrentzako saskia (Dog Bed, 1986–87), umeentzako lehenbiziko parkea egiten ari zenean esku batean min hartu eta gero. Bere kasa ikasi zuen saskiak egiten, saskigintzari buruzko instrukzio-liburu bati esker, eta jakintza horixe erabili zuen txakurrentzako saskiak egiteko, eskuarentzako errehabilitazio ariketa gisa.
Geroago, Gober genero- eta sexualitate-gaiak esploratzen hasi zen. Titulurik gabe (1991) lanean zuzenean heltzen zion sexuen arteko aldeari, ikusleari giza enbor bat aurkezten ziola, goitik behera bereizita, erdialde batean emakumezko ezaugarri anatomikoak eta bestean fisiologia maskulinoarenak agerian. Titulurik gabe (1992-96) eta Egunkaria (Newspaper, 1992) lanetan —horiek biak egunkariak erabiltzen zituen sail baterako ziren—, artikulu bat sortu zuen, Vatikanok homosexualen kontrako diskriminazioa toleratu zuen moduari buruz, eta Saks Fifth Avenue saltegi handiaren iragarki faltsu batekin batera argitaratu zuen, bera andregai jantzirik ageri dela bertan; horrela, garratz eta zorrotz kritikatzen du ezkontza-instituziorako sarrera mugatua. Konketa- eta ohe-sailek gai horiek ere lantzen dituzte, politizatu diren esparru pribatuak irudikatzen baitituzte objektu horiek. Oheek eta sehaskek sexu-orientazio askearen kasuan eta ezkontza eta adopziorako aukeretan gertatzen den desberdintasuna aipatzen dute. Goberrek konketen saila gogorarazten duenean, HIESaren krisiaren gaineko gogoeta egiten du, goreneko unean baitzen hura une hartan: osasun publikoko kontu bat, gorputzaren esparru pribatuan sustraitua eta zituen adiskide eta ezagun askori eragiten ziena; alabaina, gobernuak, elizak eta gaixoen familiek ezikusia egin zioten arazoari, propio gainera. Gaitzak eragindako beldur-testuinguru horretan, Goberrek konketak dauzka gogoan, eta “egoera horrek are indar handiagoa hartzen du. Zer egiten dugu konketa baten aurrean gaudenean? Garbitu egiten gara. Promesa hautsi hura gorpuztuko zuten objektuak sortzeko obsesioa nuen”.
[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]
Oharrak
- Robert Goberren aipamen guztiak hemengoak dira: Theodora Vischer, ed., Robert Gober: Sculptures and Installations 1979–2007, Basilea, Schaulager; Gotinga, Steidl, 2007, 60., 154., 158. eta 176. or., hurrenez hurren. [itzuli]