Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Nate Lowman

Katherine Brinson

Izenburua:
Nate Lowman
Egilea:
Katherine Brinson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta industria | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Artea eta komunikabideak | Artea eta politika | Artea eta umorea | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Tamaina | Irakeko gerra | Publizitatea | Dinastia telesaila | AEB | Richard Prince | George W. Bush
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Argazkia
Aipatutako artistak:
Lowman, Nate

Nate Lowman-en obrak kultur erreferentzia eta ikusizko material askotarikoak hartzen ditu, identitate estatubatuar garaikidearen konplexutasunak eta kontraesanak itxuratzeko. Umore sardonikoa lirismo malenkoniatsuarekin konbinatuz, bere pintura, argazki, eskultura eta instalazioetan agregazio eta eraldaketa sotilerako estrategiak erabiltzen ditu psike kolektiboan hondoratutako narratibak edo, berak esan bezala, “kolpe-leungailuetako eranskailuetan lerro artean dagoen poesia” atzera argitara ateratzeko.

Petrolio-plataforma (Oil Riggs, 2005) saila 2004an sortu zen, Brooklyngo Liburutegiak bere funtsetatik hainbat irudi kendu behar zituelarik artistak irudi-multzo hori arakatu zuenean. Kasualitatez, “Petroleum” etiketa zeukan artxibo bat aurkitu zuen, eta horretan petrolio-plataformak erakusten zituen aldizkari-ebakin sorta bat; berehala sentitu zuen eraikuntza industrial haiei zerien mehatxuaren eta edertasun sublimearen nahaste paradoxikoaren erakarmena. “Zientzia fikzioak irudikatutako edozein gauzak baino itxura hobea dute, eta, hala eta guztiz, munduan duten inpaktua erreala da eta, sarritan, ondorio desatseginak dauzka —dio artistak—. Ildo horretatik, objektuak berak glamourdunago bihurtzen dira: sua eta kea jariatzen dute itsaso gainera, ilunabarra dutela hondo. [...] Elementala eta apokalipsi-ostekoa da aldi berean”.

Lowmanek birfotografiatu egin zituen irudiak 35 mm-ko pelikularekin, argiztapen artifizial handia aplikaturik jatorrizko ebakinei, gero nabarmen handiagotu ahal izateko. Ikusi nahi zuen “irudia nola hasten zen zatikatzen eskala aldaketaren eraginez”, eta nola geratzen zen agerian haren jatorria masa-komunikabideetan zegoela. “Gauza sotil asko gertatzen dira irudiak neurri handiago batean erreproduzitzen direnean —diosku—, batez ere pelikularekin egiten denean lan. Eremu-sakonera guztia asmatu egiten da atzera, objektua laua da eta. Fokua aldizkariko puntu-bilbera lerratzen da, eta alderdi fisiko, erreal horiek objektuaren esangura itxuratzen hasten dira. Teknika hori baliatzea Richard Prince-ren birfotografiako obra aitzindariei eskaini omenaldi zuzena da, eta Lowmanek propio azpimarratzen du asoziazio hori, Princeren Unaiak (Cowboys) laneko dimentsio eta enkoadratzeko zehaztapen berberak erabiltzean; Cowboys hori dugu Princek 1980an, eta Marlboro zigarreten publizitate-kanpainan erabilitako mendebaldeko ikonografia bere eginez, abiatu zuen sail ospetsua.

Petrolioaren industriarekin lotutako irudi konbinazioek —eta horiekin batera doazen Irakeko gerrarekiko asoziazioek—, unai arketipoaren irudiekin batera, oso oihartzun politika sakona zuten Lowmanentzat. “Nolabait Amerika barruan hazi eta Kennedy-kontrako moduko zerbait bihurtua zen dinastia patetiko baina gaiztotzat hartzen nuen gogoan Bush familia. Hortxe zegoen G. W., egoki jarrita argazkirako, unai jantzirik beti, sasia garbitzen Texaseko Crawfordeko bere arrantxoan”. Argazki horien tituluak —Fallon, Alexis, Steven, Blake eta Krystle— laurogeiko hamarkadako Dinastia telesaileko pertsonaietako batzuen izenak dira; telesail hark petrolioaren handiki eta garai hartako gehiegikerien ikur Carrington familia aberatsaren bizitza eta gorabeherak kontatzen zituen. Lowmanentzat, telesaila Etxe Zuriko familia texastarraren posearen korolario surrealista zen. “Aberastasun desatsegin, lizun horrek irreal ematen zuen, gehiegikeriaren mailan; bazirudien folletoien gidoigile eta teleberrien aurkezle androide-talde batek errealitatea abduzitua zuela nolabait”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]