Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Walid Raad / The Atlas Group

Susan Thompson

Izenburua:
Walid Raad / The Atlas Group
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta komunikabideak | Sorkuntza artistikoa | Argia | Atlas taldea | Egiazkotasuna | Fikzioa eta errealitatea | Gogoeta | Libanoko gerra zibila | Libano | Yussef Nassar | Indarkeria | Suntsipena
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Raad, Walid

“The Atlas Group 1999an Beiruten jaiotako proiektu bat da, eta Libanoko historia garaikidea ikertzea eta dokumentatzea du xede. The Atlas Groupek herrialdearen historiari buruzko soinuzko, ikusizko, literaturako eta beste mota batzuetako dokumentuak aurkitzen, gordetzen, aztertzen eta produzitzen ditu”. Horixe dio The Atlas Group-en Une batez ikaratu nintzen arrazoi izan nezakeela pentsatzean (I Was Overcome by a Momentary Panic at the Thought that I Might Be Right, 2004) tituluko obraren paretako testuak1. Taldea Walid Raad-ek asmatutako erakunde fikziozkoa da, ustez 1989an sortua. Horrela, gutxi gorabehera 1999tik 2006 arte Raadek zenbait proiektu sortu ditu, 1975 eta 1991 bitartean Beirut suntsitu zuen Libanoko Gerra Zibilaren artxibo gisa. The Atlas Group-ek eta izen horren pean sortutako obrek zalantzan jartzen dute egiarik ba ote den aukera hutsa, eta informazioaren, gertaeren eta komunikazio-modu fidagarrienen moldagarritasuna aitortzen dute.

The Atlas Group-en obra bakoitzaren atzean funtsean fikziozkoa den istorio bat dago, erreala balitz bezala aurkeztuta. Une batez ikaratu nintzen arrazoi izan nezakeela pentsatzean lana Yussef Nassar-en istorioarekin hasten da, obra instalatuta dagoen espazioko paretan jarritako testu handi baten bitartez helarazten baitzaio ikusleari. Horretan azaltzen duenez Nassar “Libanoko armadako lehergai eta munizio alorreko aditu nagusia zen; 1957 eta 1993 bitartean Beiruten gertatutako leherketa guztietako (batez ere auto-bonbak ziren) ikertzaile nagusia”. Testuak dioenez, ikertuak zituen leherketa guztietako argazkiak eta oharrak, diagramak eta eskemak gordetzen zituen Nasarrek bere egunkarietan (urteko bat). Gainera, azaltzen du instalazioak eskultura batzuk aurkezten dituela eta horiek Nassarren eta The Atlas Group-en arteko lankidetzaren emaitza direla, Nassarrek 1985ean, 1986an eta 1987an egindako zirriborro eta argazki batzuetan oinarrituak.

Instalazioaren espazioan, ilunetan ia-ia, dentsitate handiko apar zurizko hiru zirkulu handi argitzen dira, gainazalean zulo zirkularrak dituztela. Pareta batean zintzilik, Nassarren egunkarietako hiru argazki, ohar eta marrazki multzo. Obran egia bilatzeko ahalegin oro are zailago egiteko, bada pieza honen 2005eko bertsio bat, antzeko titulu eta forma dituen bat, baina paretako testua desberdina izaki beste azalpen bat planteatzen du.

The Atlas Group-en obretako askok traumaren irudikapenera jotzen dute datuen interpretazioaren bitartez, eta horrek analisirako tarte bat jartzen du ikuslearen eta indarkeriaren artean. Pieza honetako erdiko zirkuluak garbi daude, zuriak eta abstraktuak dira, irudikatzen duten lurra ez bezala, lehergailuen ondotik geratutako lur suntsitu erraustua baita hura. Pieza argi ahuleko espazio batean aurkezteak, pareta gainean testu bat eta argiztapena biltzen den objektu gutxi batzuk dituela, imitatu egiten ditu museo historikoetako ohiko erakusketak, narratibari zilegitasun faltsu bat emanez; horrela, bultzatu egiten du behatzailea, beste irudikapen modu baimendu batzuk zalantzan jarri eta historiako bertsio guztiak baldintzatuta dauden moduak kontuan har ditzan. Dena den, askok eta askok Raaden historiak egiazkoak direla sinesten segitzen dute, berak, elkarrizketa eta adierazpenetan, fikziozkoak direla onartu arren. Artistaren iritziz, horrek “berretsi egiten du diskurtsoa (ponentzia, hitzaldia) komunikatzeko eta aurkezpena (museo edo galeria bateko pareta zuriak, binilozko testua, markoa) egiteko modu jakin batzuei lotuta dagoen autoritate- eta autentikotasun-karga; nik horietan oinarritzea eta, aldi berean, horiekin jokatzea erabaki dut”2.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Obra hori Une batez ikaratu nintzen arrazoi izan zezaketela pentsatzean (I Was Overcome with a Momentary Panic at the Thought that They Might Be Right) tituluarekin aurkeztu izan da halaber. [itzuli]
  2. Walid Raad, aipatua in Alan Gilbert, “Walid Ra’ad”, Bomb 81 (2002ko udazkena), 40. or. [itzuli]