Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

William Kentridge

Susan Thompson

Izenburua:
William Kentridge
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Gizakia | Giza gorputza | Ulises | Artea eta musika | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Hegoafrika
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Animazioa | Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Kentridge, William

William Kentridge oso ezaguna da, batetik eta neurri batean Hegoafrikaren historia gorabeheratsua eta bestetik giza izaera jasotzen dituzten bere animazio filmengatik. Filmak marrazki handi batekin hasten dira, eta eboluzioa izaten dute Kentridgek marrazki horren zati batzuk ezabatu eta atzera marraztu ahala; izan ere, horrela esparru berri bat sortzen du, igarotako eszenen palinpsestoa utziz orrialdean eta filmean txertatuta. Antzerkirako proiektuak ere lantzen ditu sarritan, bere ohiko animazioak jasotzen dituzten dekoratu dinamikoak eta antzezpenak sortuz.

Ulises: EKOgrafia diapositiba botila (Ulisse: ECHO scan slide bottle, 1998) hiru kanaleko bideo-instalazio bat da, Kentridgek Claudio Monteverdi-ren Ulises aberrira itzultzea (Il ritorno d’Ulisse in patria, 1641) operaren produkzio baterako sortu zuen film-materialarekin egina. 1998an, South African Handspring Puppet Company-rekin batera, Ulisesen itzulera (Il Ritorno d’Ulisse) operaren bertsio laburtu bat aurkeztu zuen Bruselan; horretan txotxongiloak, kantariak eta filmak erabili zituzten, animazioa eta irudi erreala konbinatuta. Interpretazio horrek Odisearen sekzioa du oinarri, Homerok Troiako gerrari buruz idatzi epika alegia: Ulises Itakara, etxera, itzultzeko bidaia luzerako prestatzen da, eta han, etxean bertan, bere emazte Peneloperen kortejante ugariak garaitu beharko ditu. Alabaina, eszena egungo Hegoafrikan kokatu da, eta heroia ospitale bateko ohean dago, zain dauzkan erronkak gogoan. Kentridgek dio opera horren ezaugarria dela “Ulisesen heroismoa eta giza hutseginkortasunari buruzko hitzaurrea elkarren ondo-ondoan agertzea. Heroiko eta kondenatutzat hitz egiten du gorputzari buruz, plazeraren eta minaren lekutzat”. Filma giza gorputzean eta beronen barnealdean zeharreko ibilbide bat da, eta paisaia ezezagun batean zeharreko bidaia batekin konparatzen du. Izaki ahuldu, zaurgarri eta, inolako zalantzarik gabe, gizatiartzat deskribatzen du Ulises.

Ulises: EKOgrafia diapositiba botila-ko hiru pantailen bitartez, giza gorputza bere barneko barrunbeetatik urruntzea esploratzen du Kentridgek. Emazteak “gauero, ohera joatean, medikuntza-liburuak irakurtzen zituen” garai batean zehar, gorputzaren barnealdearen funtzionamendua erakusten duten teknologia klinikoekin interesatu zen. Obra honetako animazio eszenetako asko eskaner, OTA, erradiografia eta ekografiek produzitutako irudien azterketa zehatzetik sortuak dira. Pantaila batean, ekografia batek barne-organo zenbaiten jarduera erakusten du; irudi hori, ondoren, bigarren mailako errepideetan, autobideetan eta, azkenean, hirian bertan dabilen auto bateko haizetakoa bihurtuko da. Beste pantaila batean, arnasgailu artifizial bat gora eta behera dabil, arnasketa lagunduan oinarritutako erritmoa ezarriz obra osoari. Hirugarren pantailan, kamera bat motel mugitzen da gorputz baten larruazalaren gainetik: lehen plano izugarri hurbileko bat da, eta haren toles eta zimur ugarietan biltzen da nagusiki. Keinu intimoa da eta gorputzaren kanpoaldean kokatzen du obra, geroko animazioek zain- eta birika-barrunbeak zeharka ditzaten baino lehen. “Gorputzaren irudi osoago bat, barneko eta kanpoko bat” emateko sartu zuen sekzio hau Kentridgek, eta larruazaletik hurbil eusten dio kamerari, “kanpoaldea arrotz [eta] ezagutezina izan dadin”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]