Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Matthew Barney

Susan Thompson

Izenburua:
Matthew Barney
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Sorkuntza artistikoa | Materiala | New York | Dualtasuna | Suntsipena
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Bideoartea | Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Barney, Matthew

Matthew Barney-ren obra, enigmatikoa eta kontzepzio konplexukoa, pertsonaia fantasiazkoak eta ezohiko materialak dituela, funtsezko gai jakin batzuen inguruan antolatzen da, horien artean baitira indar antagonikoen kontrako erresistentzia etengabea eta kalkulatua, indar horien adopzioa eta etengabeko anbiguotasunetan jasotako sorkuntza-aukerak.

Bost zatiko CREMASTER (CREMASTER, 1994–2002) sail multimediak, horren titulua eta gai nagusia testikuluen uzkurdura kontrolatzen duen gizonezkoen kremaster muskulutik dator, igoera eta jaitsiera gaiak esploratzen ditu, bereizte biologikoaren ereduekin batera. Garapen osoa eraldaketarako borrokatzat aurkezturik, filmek saga epiko baten itxura hartzen dute, zenbait garai eta geografia zeharkatzen dituztela. Film bakoitzaren kokapen espezifikoa oso garrantzitsua da Barneyrentzat, beronen bizitzarekin baitu lotura, eta pertsonaiei eta horien ekintzei esangura eta eduki folklorikoko geruzak eransten baitizkie.

Film bakoitzean, Barneyk xelebrekeria, zehaztugabetasun eta ahalegin nekezez betetako mundua aurkezten du, metaforak eta mitoak baliaturik eraldaketa-aukerak esploratzearren. Aurkezten dituen pertsonaiak, anatomikoki anbiguoak, generoa garatu aurretiko egoeretan geldituta daude, eta konklusioaren zain. Barneyk azaltzen du ezen obra honek “transzendentzia baino gehiago, transzenditzeko aukera barnean daraman intuizio-egoera bat jorratzen duela, eta prozesu fisiko baten ulerkuntzaren bitartez geureganatzen dugun intuizio mota”1. Zeharo kontzeptualak eta oso alegorikoak badira ere, filmek materialen fisiologiaren eta fisikaren ezagutza sakona dute halaber oinarri.

Produkzioko argazkiekin eta fotogramekin batera, Barneyren filmek eskulturako instalazioak eta eszena nagusietako batzuetan inspiratutako objektuak sorrarazten dituzte, eta forma berrietara hedatzen dira horiek. Chrysler Imperial (2002) CREMASTER 3 (2002) laneko lehen eszenetako batetik dator. New Yorkeko Chrysler eraikinean garatzen den film horretan, eta tradizio zeltaren eta masoien eraginpean, Barneyk “ikasle” papera betetzen du, masoi izan nahi duen batena alegia. Egin berria duen iniziazio-errituan tranpa egin duelarik igogailu baten kabina erabili baitu harlangaitz ilara akasgabe bat fabrikatzeko moldetzat, Ikaslea ikusten dugu 1967ko Chrysler Crown Imperial modeloko bost autori paleta batez zementua ematen (auto bakoitzak CREMASTER laneko kapituluetako baten intsignia darama erregai-deposituaren tapan), berehala egitekoa den eraispen rally batean parte har dezaten sendotzearren horrela. Lasterketa horretan, Imperial-ek beste auto bat suntsitzen dute, Chrysler Imperial New Yorker bat zehazki. Chrysler Imperial instalazioak auto bakoitzaren rally osteko egoeraren eskultura abstraktuak erakusten ditu. Crown Imperial-ak ordezkatzeko, autoen beren bertsioak erabili dituzte, bertsio fantasmagorikoak eta itxuraz erdi urtuak: plastiko zurizko husturak dira, altzairu eta hormigoiz eginak, baselinaz beteak. New Yorker txikitua irudikatzen duena metalezko gurutze formako egitura bertikal bat da; kapot bat gogorarazten digu, edo igogailu baten ateak agian, Chrysler eraikinaren aipamen gisa. Instalazio horiek filmeko sekuentziak aipatzen dituzte, horiek bikoizteke ordea, filmetik harago zabaltzen den berrinterpretazio bat eskainiz horrela.

Horren paraleloko keinu batean, Murrizketa trazatuz 9 (Drawing Restraint 9, 2005) eskultura Barneyren izen bereko filmeko (2005) eszena batek sorrarazi zuen. Filma baleontzi japoniar batean dago girotuta, eta Douglas MacArthur jeneralak Japonia okupatu zueneko eszena batekin hasten da, ostalariaren eta anfitrioiaren dikotomia baliaturik abiapuntu tematiko gisa. Murriztapenen lasaitzea esploratzen du, eta horren ondorio fisiko eta psikosexualak halaber. Murrizketa trazatuz 9 eskultura errezeptakulutzat sortu zen, edizio mugatuko filmerako, eskulturazko beira-arasen oso antzera, horiek ere CREMASTER film bakoitzari baitagozkio.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Matthew Barney in Gabriele Detterer (ed.), Art Recollection: Artists’ Interviews and Statements in the Nineties, Ravenna, Italia, Danilo Montanari, Exit eta Zona Archives Editori, 1997, 26. or. [itzuli]