Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Alexandros Psychoulis

Susan Thompson

Izenburua:
Alexandros Psychoulis
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta Internet | Artea eta emozioa | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Materiala | Sinbologia | Israel | Palestina | Indarkeria | Suntsipena
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Artisautza | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Psychoulis, Alexandros

Alexandros Psychoulis-ek teknologia informatikoa eta baliabide berriak erabiltzen ditu, iraultza digitalaren inpaktua esploratzen duten lan interaktiboak sortzeko. Gorputzerako krema (Body Milk, 2003) ia-ia erabat hari arrosaz egindako instalazioa da. Lehen begiratu batean, badirudi teknologian oinarritutako Psychoulisen jardunarekiko haustura garrantzitsua dagoela horretan, baina obraren sorburuak Interneten daude. Egun batean, “sex bomb” gako hitzekin online bilaketa bat egiten ari zela, harrituta geratu zen ikusirik ezen “starlet tindatuen” irudietarako esteken artean bilaketak, kodetze-akatsen batengatik seguruenik, terrorista suizida bati, emakumezko nerabe palestinar bati buruzko prentsako artikulu batera ere eraman zuela. “Denbora pixka bat behar izan nuen ikusten ari nintzen web orria sexu-edukiari buruzkoa ez zela konturatzeko”, azaldu du Psychoulisek; oso bestela, egunkari ezagun eta izen oneko batekoa zen. Gazte hark, Ayat al-Akhras zen, Israelgo supermerkatu baten barruan leherrarazi zuen gainean zeraman bonba. Psychoulis harri eta zur geratu zen “neska polit baten irudi” horrekin topo egitean, “Atenasko Starbucks-eko […] neskatxa alaiak” gogorarazten zizkion eta. “Era inkontziente batean, nire alaba gazteena izan zitekeela pentsatu nuen, hura nerabea baita. Benetan ez nengoen horrelako informazio-mota baterako prestatuta”. Gaztearen irudiarekiko nahi gabeko topaketa horrek webean zehar nabigatzeko moduaren inguruko gogoeta eragin zion, eta leherketaren espazioa ehuntzen hasi zen, haria erabiliz. Arrosa koloreko haria harturik, supermerkatuaren barrualdea leherketaren ondotik irudikatzen zuen zona bat sortu zuten artistak eta ehule-talde batek: apalak lurrera erortzen eta kutxak nonahi botata; beste forma anbiguo batzuk giza gorputzaren zatiak izan zitezkeen.

Psychoulisentzat, ehotzea Interneten zehar nabigatzearen antzeko jarduera zen, kontu bitxia inolaz ere. Keinu sinple bat, hots, “gorputzezko eta adimenezko gogoeta, […] mugimendu eta pentsamendu errepikatuak” eragiten dituen puntua edo klika errepikatzetik harago, objektu ehundu batek webaren egitura ere gogorarazten du, esteka batetik bestera doazen online bideetatik abiatuta sortua baita hori ere. Lan horretan, bere esplorazio digitalak hiru dimentsioetara eramatea interesatzen zitzaion Psychoulisi. “Gogoberotasun digitalaren hedapenetik” urrundu nahi zuen, eta informazioa online trukatzearen “ezaugarri eta interrelazioak ikertu”. “Esperientzia honek espazioan zabaltzen dituen adar eta proiekzioak egiaztatu beharra nuen benetan”.

Obrak aipatzen duen eszenan muturrera iristen da indarkeria, baina Psychoulisek saihestu egin zuen suntsipen horri lotutako koloreak edo materialak erabiltzea, eta pieza ia-ia erabat kolore arrosa argiko hariarekin egitea aukeratu zuen. Material horren bitartez obraren edukia gozatzen saiatu beharrean, nahi duena da ikuslea pixkanaka iristea begien aurrean duen eszena kaotikoa ulertzera; al-Akhras-en irudia online topatu zuenean berak esperimentatu zuen desorientazio bera sentiarazi nahi dio behatzaileari. “Arrosak beste edozein kolorek baino inpaktu handiagoa eragin zezakeen. Ustekabeko gertaera baten aurreko erantzuna da inpaktua. [...] Halako inplikazio emozional gutxi asko bizi bat lortzeko, gidatu egin behar duzu ikuslea; ikusten ari denaz jabetzen denean baino ez duzu hura harritu behar. Horixe gertatu zitzaidan niri. Sarean irudiak bilatzeak espero gabeko zerbaitetara eraman ninduen”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]