Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Paul McCarthy

Susan Thompson

Izenburua:
Paul McCarthy
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Artea eta identitatea | Artea eta umorea | Sorkuntza artistikoa | Kontsumoa | Dualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Collage | Marrazkia
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
McCarthy, Paul

Paul McCarthy-k laurogeita hamarreko urteez geroztik egin lanaren parte handi bat obra lotsagabe eta pikaroki ludikoak dira, eta marrazki bizidunetakoak diruditen pertsonaiak jartzen ditu bertan, harrituta eta egoera zailetan. Egiten dituen eskulturetan —marrazki, instalazio eta bideoetan— sexua, politika eta entretenimendua nahasten ditu, eszena zentzu bikoak sortuta.

McCarthyren Saltxitxa moztea (Sasadge Cut, 2001) marrazkiak neurri oroz gaineko sudurra eta beso faliko iharra dauzkan pirata bat erakusten du, eta itsutetan gora doan beste bat, honen proboszide nabarmena iradokitzaile ageri dela lehenaren hanka tartean. Horien ondoan saltxitxa handi bat ikusten da, obran collage eran jarrita dagoen emakume bat (emakume-argazki bat) miazkatzen ari dela. Saltxitxan ebaki baten zirriborroa ikusten dugu, irentzearen larritasunaren aipamen ludikotzat.

McCarthyren 1994ko Tomate-burua (bordele) [Tomato Head (Burgundy)] obrak neurri naturaleko irudi bat erakusten digu; tituluak dioskun moduan, tomate erraldoi bat du hark buru. Haurrentzako “Patata-jauna” jostailuaren antzeko irudi horrek zulo batzuk dauzka begiak, sudurra, ahoa eta belarriak beharrean, eta horietan piezak sar daitezke, irudia zenbait luzakin edo espresioz hornitzearren horrela. Jostailuaren kasuan ez bezala, zuloan eta hankartean ere badauzka zuloak piezak jartzeko. Forma desberdinak dituzte piezek, ohiko begiak eta belarriak baitauzkagu, ezohikoago zaizkigun zakila eta bagina, neutroagoak diren karratuak eta laukizuzenak, eta beste zenbait gauzaren forma duten batzuk, hala nola azenarioak, sardexkak, eskuareak edo aitzurrak. Horietako edozein zuloetako edozeinetan sar daitekeenez, aukera-sorta amaigabea da. Irudiak azenarioa eduki dezake zakila esperoko genukeen lekuan, edo eskuarea bat sudurrak beharko lukeen tokian. Bada, noski, piezak ohiko moduan jartzeko aukera ere, hau da, “dagokien tokian” jartzekoa. Erabiltzen ez direnak lurrean zehar sakabanatzen dira, behatzailea gonbidatzearren irudirako beste konbinazio posible batzuk irudika ditzan. McCarthyrentzat piezetarako zuloek esangura bat dute. “Zuloak espazio batetik besterako sarbidea dira. Kanpotik barrurakoa, barrutik kanporakoa. Zulo biribil eta karratuak, gorputz-zuloak eta arkitekturakoak, ahoa, belarriak, begi-zuloak, uzkia, bagina, zakilerako zuloa, aurreko atea, atzeko atea, leihoak. [...] Sexua eta nahasmendua dira kontua”1.

Obrak identitatea eraikitzeko gaitasuna aipatzen du: aldaketa eta ordezkatze horiek egitean irudiak bere pertsonaren iterazio potentzial desberdinekin jolas dezake, eta eskaintzen zaizkion identitate posible guztiak esplora. Alabaina, irudiak zenbait elementu badauzka ere bere burua itxuratzeko, elementu horiek prefabrikatuak daude, aurrez determinatutako multzo bat osatzen dute. Aukera errealak aurreikusita daude eta, beraz, oso mugatuak dira; irudiak ezin du eman dizkioten potentzialtasun horietatik kanpokorik esploratu. Murriztapen horiek erakusten dute mugatua dela gaur egungo kultura normatiboan pertsonek aukera dezaketen identitate- eta bizimodu-kopurua. Obrak jostailuekin —Lego eta Patata-jaunarekin— duen harremanak eta Tomate-burua (bordele) parke tematiko bateko maskota lelotu suerte bat delako sentsazioak komertzializazioa eta entretenimendua aipatzen dituzte, aukeratzeko posibilitatez gainezka egiten duelarik norbanakoa erabakiak hartzeko gai ez den kontsumo-kulturarekin batera.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Paul McCarthy, aipatua in Benjamin Weissman, “Paul McCarthy”, Bomb 84 (2003ko uda), 36. or. [itzuli]