Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Rivane Neuenschwander

Susan Thompson

Izenburua:
Rivane Neuenschwander
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta gizartea | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Sinbologia | Ingurunea eta natura | Mapak | Geologia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Bideoa
Aipatutako artistak:
Neuenschwander, Rivane

Bere instalazio, bideo, eskultura eta paperaren gaineko obretan, Rivane Neuenschwander-ek biztanle-multzo desberdinak ditu interesgune nagusi, horiek mugitzen diren lekuekin eta gizakiek eta beste sorkari batzuek, izaki sozialak izaki, elkarrekiko eta beste inguruneekiko interakzioan diharduten moduarekin batera, bai otordu edo urtaro bateko denbora bai eon oso bat harturik oinarri.

Kontingentea (Contingente, 2008) bideoak mapamundi bat erakusten du; horretan, lur-masak eztiz daude irudikatuta, eta txindurri kolonia bat jarri dutelarik gainean, berehala hasten dira hura irensten, kontinenteak gero eta txikiago eginez harik eta erabat kontsumitzen dituzten arte. Planetako natur baliabide mugatuei eta munduko biztanleria horiek kontsumitzen ari den abiadura beldurgarriari buruzko iruzkin zorrotza da pieza. Neuenschwanderrek onartzen du, bai, piezaren alderdi didaktikoa, batez ere maparen proiekzioaren neurrian bertan ikusten den hezkuntzarako joeragatik, lehen hezkuntzako eskoletako ikasgeletakoen antzekoa da eta. Estetikaren aldetik, “txindurriek eztia irentsi bitartean erakutsi fintasun bortitza” gustatzen zaio artistari, eta intsektu horien alderdi denboragabea, “protagonista zuhurtziagabeak baitira, irrikatsuak ordea, karga sinbolikoaren adinako jabetzaren zentzuz hornituak: kontinente gehienetan daude, milaka eta milaka urte direla, gu geu baino askoz lehenagotik alegia”.

Obrak erakusten duen lur-masen murrizteak Lurraren historia geologikoan zehar kontinenteek izan eboluzioa gogorarazten digu, eta berotze globalaren ondorioen gainean ohar egiten diguten filmak halaber. Neuenschwanderrek irudi horiek zeuzkan gogoan pieza hau eta antzeko beste bat, Pangeako egunkariak (Diários de Pangaea, 2008), garatzen ari zenean; azken honetan, plaka tektonikoen mugimenduen bitartez gertatzen den kontinenteen formazioa erakusten du, txahal-carpaccio bat erabiliz. Vienako Historia Naturalaren Museoko bideo bat inspirazio harturik, hark “gure planetaren iragana eta etorkizuna proiektatzen baitzituen kontinenteen egungo itxuraren gainean”, harrituta geratu zen ikusirik “[kontinenteen] irudikapena dagoeneko ez zela nahikoa; orain, gauza zeharo ez-ziur baten proiekzioa dugu, gure geure izatearena”.

Kontingentea tituluak zenbait esangura izan ditzake. Gizakiak, planeta babesteko faktoretzat, lurrean egin bide etengabearen aipamena izan daiteke; etorkizunaren gaineko ziurgabetasunarena; are gehiago, bitarteko kontsumo handiena pertsona kontingente edo talde txikienak egiten duela esan nahi izango du agian. Neuenschwanderrek diosku ezen tituluak hori guztia gogorarazten duela, “eta baita ‘kontingente’ ‘kontinente’ren paronimoa dela ere, hau da, termino biak oso antzekoak direla bai formaz bai soinuz”. Artistak esan moduan, “halako nahasmen bat sortzea” interesatzen zaio, “munduaren irakurketa berri bat, haren esanguraren atzeratze bat” sortzea alegia.

Bere obretako askotan erreferentzia gisa erabiltzen duelarik mapa, hemen Neuenschwanderrek interes handiagoa du mapa objektu gisa eta irudikatzeko modu gisa hartzeko, lurralde jakin baten irudi zehatz gisa baino; mapa ez da munduan kokatzen jakiteko edo muga politikoak zehazteko, baizik eta lurralde horiek denok itxuratzen eta partekatzen ditugun paisaia sozialtzat ulertzeko.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]