Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Guyton / Walker

Susan Thompson

Izenburua:
Guyton / Walker
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISSN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta umorea | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Materiala | New York | Dualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Instalazioa | Serigrafia
Aipatutako artistak:
Guyton, Wade | Walker, Kelley

Wade Guyton eta Kelley Walker New Yorken finkatutako bi artista dira, jarduera artistiko indibidualak garatuak, eta urte askoan zehar lagunak izanak elkarrekin lan egitea erabaki aurretik. Lehen kolaborazioa 2004an egin zuten, Minnesotako St. Paul-eko erakusketa baterako. Harrezkero, eta ibilbide indibiduala jorratzen segitzen duten arren, elkarrekin ere egiten dituzte obrak, Guyton\Walker izenarekin: irudi material eta digitalak sortzen, errepikatzen eta estratifikatzen zentratutako instalazioak egiten dituzte, irudiaren eta objektuaren arteko mugak desegiten zentratuak bezalaxe.

Guyton\Walkerren bi obra, Titulurik gabe (2008) izenekoak dira biak, pintura-poto multzo bat dira, kolore bizizko etiketak dituztela eta txoko batean pilatuta daudela, mihise inprimatuen artean. Etiketa eta mihise horietan ikusten diren irudi eta motiboak era digitalean produzituak dira, hots, ordenagailu bitartez irudiak moldatuz eginak, edo serie-inpresioen bitartez fisikoki produzituak. Artistek berek diotenez, ateratzen diren irudiek “geruza kopuru bat daukate: ikusizkoak, espazialak, materialak eta metaforikoak, [zeren eta] obraren parte handi bat eskanerretik eta Photoshop-etik igarotzen baita, eta orduan modu desberdinetan erreproduzitzen baitituzte, tinta-txorro bidezko edo serigrafiazko inpresio gisa, adibidez”. Pinturetan metatzen diren geruza horiek “gainazal trinkoa, konprimatua sortzen dute”.

Guyton\Walkerrentzako nortasun artistikoa sortzeko ahaleginean, horrek bien interesak islatu baina bakoitzaren jardunaren desberdina izan beharko baitzuen, “eskanerra aukeratu genuen, biok partekatzen genuen tresna bat zelako [eta orduan] Guyton edo Walker ez ziren irudiak bilatzeari ekin genion”; obrek oinarri izango zituzten irudi horiek “estudioan tekila hartzen ari ginen batean” aurkitu zituzten. Honela azaltzen dute: “limek eta horiek mozteko aiztoek eskanerrean amaitu zuten. Gero kokoak etorriko ziren, limoiak, sagarrak, marrubiak, baita oilasko hezur batzuk ere. Mundu errealeko objektuak eskaneatzean, Guyton\ Walker aurretiazko digitalizaziorik gabeko irudiak produzitzen hasi ziren, irudi ez baldintzatuak (zentzu literalean); eskanerrak aukera ematen zien objektuen irudiak zuzenean egiteko, inolako bitartekaritzarik, esaterako kamerarik edo internetik gabe. Eskaneatzetik ateratzen ziren irudiak edizio digitaleko programen bitartez lantzean, geruzak gehitzen baitzizkieten eta neurriak eta koloreak txandakatzen, irudi-multzo bat sortu, eta horiek, ondoren, inprimatu eta instalazioko objektuen gainean serigrafiatu zituzten.

Guyton\Walkerri objektuaren eta irudiaren artean nahasketa sortzea interesatzen zaie, erlazio sinbiotiko batean batuz horiek. Instalazioetan, pintura-potoak irudientzako euskarri dira, baina irudiak pintatzeko erabilitako materiala ere badaukate: horrela, irudiek aldatu egiten dituzte berak itsatsita dauden objektuak eta, aldi berean, objektu horiekiko erlazioak eraldatzen ditu. Guyton\Walkerrek azaltzen dutenez, “potoak pinturentzako edukiontzi literal izaten hasi ziren. Uste genuen dibertigarria izango zela pintura-lataren eta janari-lataren, barazki- edo fruta-lataren arteko gurutzatzearekin jolas egitea, horietan ontziak daukana irudikatzen baitu etiketak. Orduan, eskanerrean frutak jartzen hasi ginen, eta ateratzen ziren irudiak pintura-potoentzako etiketa gisa erabiltzen. Eragin zirkularreko mugimendua zen: latek eragina zuten pinturetan, eta pinturak latetan eragiten hasten ziren”. Horrek gainazalaren eta potoen edukiaren esangura aldarazi zuen. “Dagoeneko ez ziren pinturentzako edukiontzi hutsak, latak eta etiketak espazioarekin berarekin erlazio handiagoa izaten hasi ziren”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]