Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Rachel Whiteread

Susan Thompson

Izenburua:
Rachel Whiteread
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Gizakia | Giza gorputza | Heriotza | Artea eta espazioa | Artea eta historia | Sorkuntza artistikoa | Memoria | Liburuak | Presentzia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Whiteread, Rachel

Kanpokotasunaren eta barnatasunaren arteko erlazioa ikertzen duelarik, Rachel Whiteread-ek espazio positiboa eta negatiboa esploratzen ditu, motibo bihurtzen dituen objektuak inguratzen dituzten barnealdeko eta kanpoaldeko husturen bitartez. Bai espazio txikietan, armairu baten barruan kasu edo aulki baten azpian dagoen espazioan esaterako, bai beste espazio handiago batzuetan, eskailera batean edo egongela batean esan dezagun, Whitereadek presentzia sortzen du absentziaren bidez; forma solido bat sortzen du, huts batetik abiatuta.

Mahaia (Tapoia) [Slab (Plug), 1994] tanatopraktikako mahai baten, hots, gorpuak garbitzen eta baltsamatzen dituzten mahai baten barrualdeari egin gomazko hustura da. Piezaren formak, beraz, lotura zuzena du gorputzaren proportzioekin. Whitereadek dio beti egin dituela eskulturak “gizakiaren forma erreferentzia gisa erabiliz; gorputza oso boteretsua izan daiteke absentzian ere”. Izan ere, bere lanean inoiz ez duen arren giza irudia zuzenean irudikatu, erabiltzen dituen objektu guztiak, hala nola “ur berorako poltsak, oheak, aulkiak, mahaiak, eskailerak, gelak, ateak [eta] leihoak, giza presentziak biziarazten dituen espazioak, lekuak eta objektuak dira”.

Mahaia (Tapoia) obra, kasurako, heriotzaren erreferentzia zuzena da, baina Whitereaden piezetako asko monumentu edo oroitzapen zeihar gisa interpreta ditzakegu, batetik behin batean egon zena erregistratzen duelako husturak, eta bestetik artistak erabiltzen dituen objektuak hondatu egiten direlako sarritan, hustura ateratzeko prozesuan. Liburuetan oinarritutako obra sail baterako, Titulurik gabea (2000) horien artean dago, apalategi bateko liburu multzoen arteko espazioen husturak egin zituen. Azaltzen duenaren arabera, “tapa gogorreko benetako liburuak erabiltzea ekintza agresibo samarra izan zen, zeren eta igeltsuak eta hori askatzeko substantziak erabat suntsitu zituzten liburuak”. Liburuzko obrak Whitereadek Vienako Judenplatzeko Holokaustoaren monumenturako (2000) egin proiektu batetik sortu ziren; 1995ean hasi zen horretan lanean, eta zenbait urte behar izan zituen osatzeko. Eremua hartzen duten liburu ilara handiek osatu monumentu hori liburutegi baten antzera diseinatu zuen, historia jasotzen eta iraganaren erregistro bat gordetzen duen lekutzat alegia, materialak eskainiz, metaforikoki, etorkizuneko belaunaldiek horietatik ikasi ahal izan dezaten. Horixe dugu, agian, egin dituen lanetan hilobi kutsu handienekoa: oroipen-monumentu gisa, liburutegia mausoleo bihurtzen da.

2005ean, Whiteread kartoizko kutxen husturak egiten eta jartzen hasi zen, eta horren emaitzetako bat Sakatuak (Pressed, 2005) izan zen. Formaz eta neurriz desberdinak ziren kutxak abiapuntu harturik, unitate multzo bat sortu zuen, eta horiek “eraikuntzako bloke” bihurtu ziren hurrena, pilatu edo elkarren ondoan jar baitzitezkeen, eta era askotan konbinatu halaber; Sakatuak obran, esaterako, mahai baten gainean zeuden jarrita. Obra zehatz honetarako, sentitu zuen “kutxen goiko aldeko azaleko informazioa, zirkuluak eta angeluak baitziren, oso garrantzitsua zela ”. Husturak arrastoak gordetzen ditu beti azalean, eta horiek lotu egiten dituzte, atzera, modulu-formak eta hauek erreferentzia dituzten elementu espezifikoak. Obra honetan eta egina duen bidean zehar, Whitereadek oso interes handia erakutsi du “pisuaren eta hutsaren”, espazio presentearen eta objektu absentearen arteko erlazioarekiko.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]