Juan Muñoz. Atzera begirakoa
Arabiarra, 1995 [207 aretoa]
Entzuten ari den irudia, 1991; Balkoia, 1991 [209 aretoa]
Iruzkinak
Solasaldi-eszena, 1996; Solasaldi-eszena, 1994 [209 aretoa]
- Izenburua:
- Solasaldi-eszena, 1996; Solasaldi-eszena, 1994 [209 aretoa]
- Erakusketa:
- Juan Muñoz. Atzera begirakoa
- Gaiak:
- Gizakia | Giza gorputza | Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Materiala | Erakusketak | Solasaldi-eszenak | Talde-erretratuak | Irlandako Arte Modernoaren Museoa | Dualtasuna | Klase sozialak
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Muñoz, Juan
Juan Muñoz 1990eko hamarkadaren erdialdera hasi zen Solasaldi-eszena lantzen. Serie honen izenburuak 1720. urtearen inguruan Ingalaterran modan jarri ziren izen bereko erretratuak aditzera ematen ditu. Solasaldi-eszenak taldeko erretratuak ziren, erdiko klase aberatseko familia eta lagunei egiten zitzaizkienak. Euren buruak ekitaldi sozialetan erakusteko enkargatzen zituzten, hala nola, ehizaldietan, afarietan edo festetan.
Solasaldi-eszena serieak Muñozek ohiko fundizio-prozesua alde batera utzi zueneko unea adierazten du. Izan ere, garai hartan hasi zen bere irudiak modelatzen. 1996an sortu zuen obra honetan poliesterrez egindako bost irudi aurkezten ditu. Euren gorputzak duten oinarri esferikoagatik bereizten dira: hareaz betetako eta erdian soka batez lotutako zakuak dirudite. Material zurrun batez eginda daude eta, hala eta guztiz ere, itxura leuna eta moldakorra dute. Eta antzematen zaien patina efektua erretxina eta hareazko geruza bat aplikatuz lortu zuen Muñozek.
Erdian dauden bi irudien arteko isilpeko elkarrizketa da obra honen ardatz nagusia. Gainerako irudiak inguruan daude bilduta, beste bien gorputzek eta elkarrizketak inguruan duten espazioa erakarri izan balute bezala. Muñozek esan zuenez, euren artean berriketan ari diren bi irudien imajina sortzean aurkitu zuen gainerako irudiak espazioan antolatzeko modua. Helburua ez da, berez, elkarrizketaren gaia. Muñozek lortu nahi duen efektua hauxe da, behatzaileak bere burua egoera horretatik kanpo ikustea, eszenak erakarri arren, arrotz sentitzea.
Muñozen iritziz, obrak distantzia jakin bat mantendu behar du ikuslearekiko, berez bestelako mundu bat osatzen duenarekiko. Haren ustetan, maisulanetan ere piezek ez dute gure presentziaren beharrik, eta behatzailerik gabe ere funtzionatzen dute.
Solasaldi-eszena instalazioa 1994an sortu zuen Muñozek Dublingo Irlandako Arte Modernoaren Museoko atrioan egin zioten bakarkako erakusketa baterako. 22 irudik osatua, kanpoko espazio baterako artista honek sortu zuen eskulturarik handiena da.