Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Qiu Zhijie, Munduaren antzerkiaren mapa
Erakusketako diapositiben proiekzioa: Debekatua norabidea aldatzea eta Plastikoak, Gu Dexin
Iruzkinak
Munduaren antzerkia eta Zubia, Huang Yong Ping
- Izenburua:
- Munduaren antzerkia eta Zubia, Huang Yong Ping
- Erakusketa:
- Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta mitologia | Kultura eta globalizazioa
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Huang, Yong Ping
Erakusketa honetako beste hainbat artista bezala, Huang Yong Ping atzerrian bizi eta aritu da lanean, bere ibilbidearen zati handi batean. 1980ko hamarkadan arrakasta izan zuen Txinan, artista gaztea baitzen, eta ondoren Parisen lekutu zen, 1989an. Kanpotar izateak ikuspegi berezia eskaini dio Huangi mendebaldeko modernotasunaren arazoen eta globalizazioak eragin zituen kultura aldaketen gainean.
Haien artean hartu-emanetan dauden bi instalazio hauek, Munduaren antzerkia eta Zubia, gizarte garaikidearen metafora dira, artistak ikusten zuen erara. Alexandra Munroe Arduradunaren hitzetan:
Munduaren antzerkia ganga erako egitura da, panoptikoa islatzen duena, alegia, XVIII. mendean Jeremy Bentham teoriko sozial ingelesak diseinatutako eraikina. Zaintza-dorre bat erdian zuela, eta ziega irekiak inguruan, presondegi eta eroetxeen ideia modernoaren eraikin-eredu egokia zen. 1960ko hamarkadan, Michel Foucault pentsalari frantsesak mendebaldeko kontrol sistema modernoen metafora gisa ikusi zuen panoptikoa. Europarren burmuin arrazionala gainetik zegoela aldarrikatzen zen, gutxiago eta desberdin kontsideratzen ziren gizarteen aurrean, eta ondorioz, inperialismoa, kolonialismoa eta botere ahalguztidunaren bestelako erak ere indartu ziren. Kritika horren arabera, gizarte ez-mendebaldekoak eta modernitate-aurrekoak arautik kanpo ziren, mendean hartuta zeuden. Huangen ustez, munduaren ikuspegi alde-bakar horrek kanpoan uzten ditu bestelako ezagutza eta iritzi sistemak, esaterako, txinatarren ustea, zeinaren arabera kaosa ordena naturalaren osagaia den.
“Antzerki” honen formak dordoka baten oskola ekartzen du gogora, eta berarekin batera, haren gainetik arkua marraztuz datorren artelanak, Zubia izenekoak, sugea dirudi. Elkarrekin jarrita, bi lanek Xuanwu irudikatzen dute, jainko mitologikoa, sugearen burua eta buztana dituena eta dordokaren gorputza. Kosmologia taoistak azaltzen duenez, bi izaki horien bat-egite indartsuak eragin zuen unibertsoaren sorrera. Huang libreki inspiratu zen hainbat iturri desberdinetan, artegintza, pentsamendu eta errealitate sistema hibrido berri bat eskaintzeko.
Mundua birrintzen duten aldaketak kritikatzeko gogoa edukita ere, eta haiekin haserre bizian jarrita ere, ezegonkortasun, berritze eta etengabeko emendatze egoera hori onar dezagun eskatzen digu artistak. Artistaren ustez, bere antzerkia “kaos onbera” baten eszenatokia da.
Erakusketa honek 1993ko artelan horretatik hartzen du izenburua.
Txinaren errealitatearen aurrean erantzun bai, baina inguruan duten munduaren egoeraren aurrean ere erantzuten duten artistak aurkezten ditugu hemen. Haien artea, globalizazio azkarrari eta posmodernitateari emandako erantzuna dena, egiazko “munduaren antzerkia” da.