Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Munduaren antzerkia eta Zubia, Huang Yong Ping
Pekin Berria, Wang Xingwei
Iruzkinak
Erakusketako diapositiben proiekzioa: Debekatua norabidea aldatzea eta Plastikoak, Gu Dexin
- Izenburua:
- Erakusketako diapositiben proiekzioa: Debekatua norabidea aldatzea eta Plastikoak, Gu Dexin
- Erakusketa:
- Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
- Gaiak:
- Arte eta iraultza kulturala | Kritika | Kultura eta globalizazioa
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia
- Artelan motak:
- Instalazioa | Performance
- Aipatutako artistak:
- Gu, Dexin | Huang, Yong Ping | Xiao, Lu
Txinan, 1989. urtea China/Avant-Garde izeneko erakusketa bikainarekin hasi zen, Pekingo Arte Nazionalaren Galerian. Erakusketa hartan burutu zen hamarkada bat, Txina osoan jardunean zeuden artisten artelan abangoardistak, probokatzaileak eta esperimentalak ezagutzera emanez. Estatuaren arte-eskolek hamarkadetan inposatutako ortodoxia errealista sozialista eraitsiz, grina biziz esperimentatzen zuten artistek pintura abstraktoarekin, topatzen zuten txatarraz egindako instalazioekin eta baita performanceekin ere. Kritikak 85eko Uhin Berria izena eman zion mugimendu horri.
Erakusketa historiko hura hemen jasotzeko, ekimenaren estreinaldiko egunean, 1989ko otsailaren 5ean, alegia, eszenaratu ziren performancerik aipagarrienak islatzen dituzten diapositibak erabili ditugu, Xiao Lu artistaren Elkarrizketa tartean dela. Ustegabeko performance horretarako, pistola bat eraman zuen artistak eta bere instalazioaren aurka tiro egin zuen; ondorioz, itxi egin zuten hainbesteko ikusmira sortu zuen erakusketa, hura ireki eta bi ordu besterik ez igaro zirenean.
Hemen jarritako hiru artelanak No U-Tum erakusketan egon ziren ikusgai. Gu Dexin-en instalazioa plastikozko objektuez egina da: esaterako, arropa-pertxak edota zabor artean aurkitu edo egunez egun biltzen zituen gauzak. Ondoren, objektu horiek soldagailu batez erretzen zituen, gorputz-atal eta hondakinen antza zuten gorputz forma itxuragabeak bihurtu arte, eta gero pilatu egiten zituen, guri gogora ekartzeko kritikari batek esandakoa: “gizateriaren edertasun eta handitasun ideal deitutakoen atzean aurkitzen den arbuioa”.
Huang Yong Ping artista Xiamen hiriko Dada taldearen sortzailea izan zen. Ospea lortu zuen bere margolanei sua ematen zielako, artegintza ofizialaren amaiera sinbolizatzeko. Hemen dugu Huang-en artelanik kanonikoena: Pintura txinatarraren historia eta Pintura modernoaren historia laburra, garbigailuan bi minutuz garbituak.
Inspirazio iturri zuen Marcel Duchamp artista, hark esaten baitzuen eguneroko bizitza ere artegintza dela nolabait, baita beste hainbat filosofo ere, tartean europar posestrukturalistak eta zen eta tao filosofietako jakintsuak; hala, ekialdeko nahiz mendebaldeko artegintza birrindu zuen Huang-ek, ore itxuragabea bihurtzeraino, eta beira puskatu baten gainean ezarri zuen, egurrezko kutxa baten gainean. Izenburua pintzelez margotua dago tapaki irekian. Huangen jarrera irreberentea, ikuskizuna, lengoaia eta adimena bateratzen dituena, erreferentea da gure erakusketa osoan zehar. Eszeptizismoak eta egiari nahiz ekialdeko nahiz mendebaldeko botereari eginiko kritikak bultzatzen dituzte artista horiek, lengoaia artistiko berri eta harrigarri bat asmatzera. Behin ohiko sistema ezarriak birrinduta, norantz ote goaz?
China/Avant-Garde erakusketan, lehenengo aldiz aurkeztu zen artegintza esperimentala Txinan, erakunde publiko garrantzitsu batean. Erakusketaren logotipoa, trafiko seinale bat (debekatua norabidea aldatzea), ausarta eta zuzena zen. Artista-belaunaldi aurrerazale horrentzat, heldutasunera erreforma liberalen hamarkadan iritsiak izanik, ez zegoen atzera bueltarik.
China/ Avant-Garde erakusketarekin zerikusia izan zuten artista eta kritikari txinatarren begietara, “Debekatua norabidea aldatzea” seinaleak sinbolizatzen zuen, proiektu handi hartan, haien idealismoa: artegintza esperimental erradikala ikertzen hasiak ziren, eta harrezkero ez zegoen atzera itzultzerik