Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Yu Hong, Hazkundearen lekukoa
Hiriaren gaineko proiektua 1:30 Aurrerako Jauzi Handia eta Diseinua: The Guangdong Times Museum, Rem Koolhaas et al.
Iruzkinak
Elefante Isats Handia Lantaldea: Chen Shaoxiong, Xu Tan eta Lin Yilin artisten lanak
- Izenburua:
- Elefante Isats Handia Lantaldea: Chen Shaoxiong, Xu Tan eta Lin Yilin artisten lanak
- Erakusketa:
- Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Elefante Isats Handia Lantaldea | Kapitalismoa | Kultura eta globalizazioa
- Artelan motak:
- Instalazioa | Performance
- Aipatutako artistak:
- Chen, Shaoxiong | Lin, Yilin | Xu, Tan
Aldaketa horiek Txina hegoaldea txikitu zuten, Perla Ibaiaren Delta izenez ezagutzen den ingurua batez ere, Hong Kong eta Shangai artean; prozesu hori gertatu ahala artistek espazio berriak aurkitu zituzten kapitalismo jaio berriaren eta hirigintzaren hazkunde galgarriaren gune ahul eta lizunenetan. Elefante Isats Handia Landaldea osatzen zuten lau artista gazteek eraiki berri zen eskualdeko eragin soziala salatzeari ekin zioten, hainbat leku hartuz; adibidez, jardun bizian ari ziren eraiki-guneak, euren antzezlan irrigarri-satirikoak plazaratzeko.
Argazki eta instalazio hauek Chen Shaoxiong artistaren 1993ko performance bat dokumentatzen dute, 5 ordu izenekoa. Zerbeza amerikarra saltzen zuen Guangzhou hiriko taberna ospetsu baten pareko espaloian, behi itxurako figura hau jarri zuen, tutu fluoreszente merkeez egina, eta haien kableak bere lepotik zintzilikatu zuen kontagailu bati lotu zizkion. Hegoaldeko hiri asko bezala, globalizazio berriak eraldatu zuen Guangzhou, eta hiri komunista hitsa izatetik metropoli distiratsu eta kosmopolita izatera igaro zen; hiriko paisaia ilunak zirenak orain neoizko kartel keinukariez, janari azkarreko kateez, taberna itxuragabeez eta argiztapen gehiegizkoa zuten merkataritza zentroez beteta zeuden. Hiriaren beraren parte balitz bezala, Chen han eseri zen eta bere jostailuzko eskulturak eragiten zuen argindar-kontsumoa neurtzen hasi zen, tabernako bezeroak presaka igarotzen ziren bitartean, harik eta, polizia etorri eta, Chen-en antzezpen barregarri hutsalari susmo txarra hartuta, haren ekintza bukarazi zuen arte.
Xu Tan artistak Made in China izeneko instalazio trinko hau egin zuen Cities on the Move erakusketarako. Hirigintza asiarrari buruzko erreferentziazko nazioarteko erakusketa izan zen, Vienako Sezesioa eraikinean inauguratu zena, 1997an. Artistaren asmoa zen Txinan milurtekoaren amaieran antzematen zuen gainbeherari buruzko bere ikuspegia aurkeztea Gustav Klimt-en areto bikainean, hain zuzen ere, XIX. mendearen amaierako Europan, alegia mende bat lehenago, egindako aretoan.
Lurrean sakabanaturik, Guangzhou hiriko solairu askoko eraikin berri bateko apartamentu baten barnealdea izango balitz bezala, mahai merke bat, ohe bikoitza eta sofa bat ikusten ditugu. Xu Tan artistak kontatu zidanez, Txinako Iraultza Kulturalaren garaian hazita, etxean bainuontzia izan zezakeen pertsona bakarra Mao presidentea zela uste zuen. Intimitatea, luxua eta ausazko sexua (pertsonak bere gorputzaz gozatzeko eskubidea zuelako ideia) luxu pentsaezinak ziren 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Baina, bat-batean, kapitalismo globalak eta aberastasun berri berehalakoak bizimodu burgesaren erosotasunak milioika txinatarren eskura jarri zituzten. Altzari gainean diren VHS bideoetako pantailetan eta diapositiba-proiektoreetan neska errusiarrak karaoke tabernetan dantzatzen agertzen dira, gayenarteko topaketa bat, edota langile etorkinez betetako Guangzhouko kantoietako eszena lizunak.
1990eko hamarkadaren amaieran, “munduko fabrika” esaten zitzaion Txinari. Plastikozko jostailuak, Barbie panpinak bezala eta altzarietan sakabanatuta ikusten ditugun superheroiak bezala, Txinaren hazkundearen motorra izan zen ekoizpenaren boom fenomenoaren eragileak izan ziren. Baina, zein preziotan?
Elefante Isats Handia Landaldearen lanik esanguratsuena Lin Yilin artistak 1995ean egindako performance hau izan zen, hemen bideoan ikusten ahal duguna, Maniobra seguruak Linhe kalea gurutzatzean. Inongo espresiorik gabe, artista gazteak mugimendu handiko kale bat zeharkatzen du Guangzhou hiriko gune berri batean, hormigoizko blokeez osatutako horma bat, blokez bloke, kalearen alde batetik bestera garraiatzen duen artean. Inori ez zaio inporta, itxuraz. Jende guztiak halako presa du, inor ez da ohartzen Lin zerbait erabat alferrikakoa egiten ari dela. Lin-en ustez, alferrikakoa izatea Txina lantegi erraldoi eta txinatar herria langile talde izugarri handia bihurtzen ari zen bultzada kolektibo itogarria azpikoz gora jartzeko eta arbuiatzeko modu bat zen.