Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Elefante Isats Handia Lantaldea: Chen Shaoxiong, Xu Tan eta Lin Yilin artisten lanak
Bandera igotzeko eta jaisteko zeremonia nire etxeko esekigailuan, Kwan Sheung Chi
Iruzkinak
Hiriaren gaineko proiektua 1:30 Aurrerako Jauzi Handia eta Diseinua: The Guangdong Times Museum, Rem Koolhaas et al.
- Izenburua:
- Hiriaren gaineko proiektua 1:30 Aurrerako Jauzi Handia eta Diseinua: The Guangdong Times Museum, Rem Koolhaas et al.
- Erakusketa:
- Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
- Gaiak:
- Artea eta ekonomia | Kapitalismoa | Autoritarismoa
- Aipatutako artistak:
- Koolhaas, Rem
1995ean, hirigintzaren teoriko eta arkitekto Rem Koolhaas holandarrak Harvardeko bere graduondoko ikasleak Txinara eraman zituen, Perla Ibaiaren Deltaren hazkunde lehergarriari buruzko ikerketa-lana egin zezaten. Hong Kong ondoko hamar hiri hartzen ditu bere baitan Deltak.
Guangzhou —britainiar kolonia zen garaian “Canton” izenez ezaguna— bezalako hiriak, hiru milioi biztanle zituen 1957an. Egun, 66 milioi lagun bizi dira eskualdean. 1990eko hamarkadaren erdialdera, Guangzhouk eta Perla Ibaiaren Delta osatzen zuten gainerako hiriek etxe-orratz, autopista, azpiegitura eta eraikin kontzentrazio trinkoeneko gunea zen mundu osoan. Garai hartan, 20 solairuko eraikinak 90 egunetan eraikitzen zituzten. Koolhaas txundituta geratu zen kontzentrazio eta azkartasun hori ikusita, bai eta hiperhazkunde eta hiperkapitalizazio horiek Estatu autoritario baten barnean gertatzen ari zirelako egitate paradoxikoaren aurrean ere.
Koolhaas eta haren ikasleek “Aurrerako Jauzi Handia” izeneko liburu batean jaso zituzten euren ikerketen emaitzak; datu kopuru itzelak bildu zituzten bertan, eskualde hartako egituren proiektu harrigarriei buruz: aireportu erraldoiak zabortegi itzelen gainean eraikita, eta hiriak lotzen zituzten superautopistak, munduan den garraio-sarerik handiena sortzen zutenak. Liburuak dokumentatzen du, baita ere, Koolhaasek hirigintza eta merkataritzaren “abiadura” deitzen zuena, garai hartan Perla Ibaiaren Delta eraldatzen ari zena. Hemen erakusten dira ikerketa-lan horren zenbait orrialde, diapositiba-proiekzio batean.
Handik hamarkada batera, apartamentu-dorre batzuen barnean museo bat diseinatzeko enkargua jaso zuen Koolhaas-ek, 2005eko Guangzhouko Trienalaren harira. Sustatzaileak, Times Property etxeak, konplexu haren barnean museo bat egitea zuen gogoan, baina Koolhaasek eta berarekin lankidetzan aritzen zen Alain Fouraux arkitektoak beste ideia bat izan zuten.
Rem sartu, eta museoa teilatu lauan eraiki nahi zuela esan zuen. Izan ere, eraikina egina zen ordurako eta, beraz, museo bat teilatu lauan jartzeak esan nahi zuen halako bat erantsi behar zitzaiola eraikinari. Ez bat eta ez bi, goizetik gauera 19. solairua erantsi zen museo-gune gisa, etxebizitzen dorre batean. Rem-ek oso gustuko zuen goi-mailako kultura eta esperientzia arrunta, egunerokoa eta gauza traszendentalak, bat-batean nahasteko era hori.
Hemen ikus dezakegu Times Museum delako haren maketa arkitektonikoa berreraikia, hala nola jatorrizko diseinuaren kontzeptua. Modulo hau Rem Koolhaasen enpresak, OMAk, diseinatu du erabat, erakusketa honetarako.