Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Transferentzia-kasu bat, Xu Bing (x2016.10604)
Han dinastiako ontzi bat erortzen uzten, Ai Weiwei
Iruzkinak
Mendi izengabe bati metro bat eranstea, Zhang Huan (x2017.18)
- Izenburua:
- Mendi izengabe bati metro bat eranstea, Zhang Huan (x2017.18)
- Erakusketa:
- Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
- Gaiak:
- Giza gorputza | Artea eta gizarte iraultza | Artea eta politika | Autoritarismoa
- Artelan motak:
- Performance
- Aipatutako artistak:
- Zhang, Huan
Etxetik urrun, eta inongo kidetza ofizialik edo diru sarrera finkorik gabe, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, artista-talde batzuk joan-etorrian bizi eta auzoetan elkartzen ziren. Auzo haietako bat Dashanzhuang auzo hondatua izan zen, Ai Weiwei-k East Village deitu zuena, New Yorkeko 1980ko hamarkadako barruti artistikoa bezala. 1993an, Gilbert eta George artista bikote britainiarra Dashanzhuang-era iritsi zenean, han bizi ziren artista gehienek alde batera utzia zuten margolaritza, eta performancean aritzen ziren. Performance erradikalak ugari egiten zituzten, maiz biluzik antzezten zituztenak, eta talde hark egindako ospetsuena da hemen pantailan aurkezten dena.
Performance honen izenburuak aspaldiko esaera militar txinatar bat aipatzen du: “Mendi izengabe bati metro bat eranstea”. Ahalegina alferrikakoa da erabat eta, beraz, estrategia txarra. Sei artista hauek alferrikako ahalegin hori adieraztea erabaki zuten: horretarako, mendi muino batean ilaran jarri, arropak erantzi, euren burua pisatu eta bata bestearen gainean pilatu ziren metodikoki, metro bateko altuera osatu zuten arte. Artista horien ustez, Estatuarentzat, gizartearentzat eta ekonomiarentzat alferrikakoak izatea ideologia nagusiak isil-isilik errefusatzeko modu bat zen. Esaten zutenez, “burmuina garbitu ahal didazu, baina nire gorputza erabiltzea, baita gehiegikeriaz erabiltzea ere, neure aukera da, ez beste inorena”.
Gorputza erresistentzia leku gisa, eta biluztasuna askatasunaren eta autoritatearen aurreko oldarkortasunaren adierazpen gisa, horiek ziren East Village hartako performancearen arte mugimenduaren zigilua.