L'Art en guerre. Frantzia, 1938-1947: Picasso-tik Dubuffet-era
Felix Nussbaum, Prisoner (Gefangenenlager / Saint Cyprien), 1940
Askapena
Iruzkinak
Charlotte Salomon
- Izenburua:
- Charlotte Salomon
- Erakusketa:
- L'Art en guerre. Frantzia, 1938-1947: Picasso-tik Dubuffet-era
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Bigarren Mundu Gerra | Nazismoa | Alemania | Frantzia | Paris | Introspekzioa | Sentimenduak | Antisemitismoa | Kontzentrazio-esparrua
- Teknikak:
- Akuarela
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Salomon, Charlotte
Honako hauek Bizitza? Ala antzerkia? obrako margolan eta idazlanetako batzuk dira. Geruza askoko dokumentu biografiko bikaina dira. Charlotte Salomon artista gazteak, alemana eta judua zenak, sortu zituen 1940tik 1942ra bitartean. Ia 800 akuarela dira, desagertu zen bizitzaren oroigarri.
Salomon Berlinen hazi zen, klase ertaineko familia batean, harik eta, seguruago zelakoan, aitona-amonekin bizitzera eraman zuten arte, Frantziako Côte d’Azur-en. Bertan, ordea, bizitza ez zen erraza. Amonak depresioa zuen. Eta gerra piztu ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Garai hartan jakin zuen ama ere suizidatu zela txikia zenean. Artista eta aitona esparru goibel batean sartu zituzten; Gursen, Pirinioetan. Aitona gaixorik zegoen, eta zenbait hilabeteren buruan, askatu egin zituzten. Côte d’Azur-era itzuli zenean, Salomonek “benetan bitxia zen ideia zoro bati” ekin zion: autobiografia fantastiko bat sortzeari. Proiektuan murgilduta, egunez eta gauez egin zuen lan. Margolan sutsuak, testuak, hitzak, gainjartzeak; denak dira bere bizitzako gertakari nagusien gogorazle: amaren suizidioa, arte-ikasketak Hirugarren Reicharen itzalpean, aitona-amonekin zuen harremana, eta bizitza Gurseko esparruan. Lanaren egitura film edo antzerki-gidoi baten antzekoa da. Gertaldi eta eszenetan dago banatua. Margotzen ari zela, Salomonek kanta-marmarrean aritzen zen eta han-hemenka musika notak jartzen zituen lanaren eragin dramatikoa indartzeko. Bizitza? Ala antzerkia? amaitu eta handik gutxira, Salomonek lagun bati eman zion toki seguruan gorde zezan. Honela esan zion: “Tori, gorde ezazu hau, nire bizitza osoa hemen dago eta”.
1943an, Salomon eta senarra Nizako etxetik aterarazi eta Paris ondoko Drancyko tokialdatze-esparrura eraman zituzten. Hortik Auschwitzera eraman zuten. Bertan, gaseztatu egin zuten. 26 urte baino ez zituen.