Cy Twombly
Sarrera [206 aretoa]
Empire of Flora (Flora-ren garaipena) [206 aretoa]
Iruzkinak
The Italians (Italiarrak) [206 aretoa]
- Izenburua:
- The Italians (Italiarrak) [206 aretoa]
- Erakusketa:
- Cy Twombly
- Gaiak:
- Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Eragin artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Gainazala | Materiala | Sinbologia | Erroma | Trakestasuna | Inskripzioak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Twombly, Cy
Italiarrak 1961ean Erroman pintatutakoa da: bertan Twombly-ren sinadura ikus daiteke mihisearen goialdean, eskuinetara, “Erroma” hitzarekin eta datarekin batera, 1961eko urtarrila, alegia. Obra honek lotura estua du artistak egin zuen ingurugiroarekin. 1961eko urtarrilean, Twomblyk apartamentu bat hartu berri zuen alokairuan, Campo de’Fiori-tik gertu. Nahiko inguru baztertua zen, lapurretak eta prostituzioa ohikoak ziren bertan. Twomblyren bizitzaren garai horretako beste lan batzuk lehenaldiko Italian oinarrituak daude; hemen, ordea, dirudienez Italiako bizitza modernoari gogor erantzuten diola ematen du; hala ere, kritikariek esan izan dute lotura bat antzeman daitekeela mihise honetako bularren eta faloen eta antzinateko eta Errenazimentuko biluzi klasikoen artean.
Italiarrak koadroan gero eta nabariagoa da Twomblyk hitzak eta sinboloak erabiltzen dituela haren lanetan. ITALIANS hitza goialdean idatzia dago, erdialdetik ezkerretara, lauki batez inguratua. Idatzitako titulu bat gehitu izanak koadroan esanahi edo errepresentazioren bat bilatzera bultzatzen du ikuslea. Twomblyk Italiarrak literalki “irudikatzen” duen ezer ez du eskaintzen; hitzak, ordea, bertako irudiak arreta handiagoz aztertzera bultzatzen du ikuslea. Mihisearen behealdean, eskuinaldera, bihotz bat agertzen da, Twomblyren hitzetan emakumezkoaren identitatea edo presentzia irudikatzen duena. Gainera, beste gorputz-zati batzuk agertzen dira mihisean sakabanatuak, bortizki marraztuak eta zenbaitetan anbiguo edo zer diren asmatzen zailak, baina lanari ukitu sexual handia ematen diotenak. Bestalde, erabili ohi dituen baliabideak, hau da, pintura, arkatza eta koloretako lapitzak, manipulatzeak Twomblyri ematen dion atsegintasun fisikoa sumatzen da. Graffiti antzeko kaligrafia-marrek eta marka bortitzek bizitasuna ematen diote mihisearen gainazalari; eta, ezkerraldeko ertzean zehar, ikatz-ziriz egindako igurtzi bat agertzen da, azpian mihiseak duen tenkatzailea agerian utziz.