Cy Twombly
Sarrera [208 aretoa]
Nine Discourses on Commodus (Komodori buruzko bederatzi gogoeta) [208 aretoa]
Iruzkinak
Ferragosto I – V [208 aretoa]
- Izenburua:
- Ferragosto I – V [208 aretoa]
- Erakusketa:
- Cy Twombly
- Gaiak:
- Eskuak | Artea eta historia | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Gainazala | Gorria | Lan-prozesua | Materiala | Sinbologia | Tamaina | Tradizioa | Uda | Maroko | Erroma | Dualtasuna | Trakestasuna | Beroa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Teknikak:
- Keinu-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Twombly, Cy
Ferragosto jaiegun katoliko baten italierazko izena da, urtero abuztuaren 15ean ospatzen den egunarena. Twombly-k 1961eko abuztuan pintatu zuen Erroman bost mihise handiz osatutako serie hau. Bertan, garai horretan hirian egiten duen beroa eta hezetasuna jaso ditu. Koadro hauek halako ezaugarri zorabiagarri eta ustel modukoa dute, kiratsa darion Erromako kaleetako zaborra iradokiz.
Horrez gain, Erromatar Inperioa bezain zaharra den tradizio batean daude sustraituak. Jaiegun hau lehenengo erromatar enperadore Zesar Augustok hasi zuen —“Ferragosto” hitza latinezko feriae augusti-ren italierazko kontrakzioa da— hitzez hitz “abuztuko jaialdia” esan nahi duena. Jatorriz, hilabete bat irauten zuen jai honek, eta aldi horretan, Erromako gizarte-mailen arteko bereizketa desagertzen zen, hots, hiritarrak esklaboekin nahasten ziren eta hainbat jainko eta jainkosa gurtzen zituzten: emakumeek bereziki euren nahiak betetzeko garrantzizkoak ziren jainkosak ohoratzen zituzten; beraz, Ferragosto “emakumezkoen” kontuekin lotutako jaia bilakatu zen: emankortasunarekin, amatasunarekin eta haurrekin, hain zuzen ere.
Twomblyk margotutako ordenari jarraituz eman zion bost koadroetako bakoitzari zegokion zenbakia; eta halako tentsio dramatikoa sumatzen da koadro batetik hurrengora, pixkanaka gehitzen doan tentsioa, gainera. Ordena berean behatuko ditugu.
Sail honetako lehenengo koadroak hainbat zeinu ditu sakabanatuak: haragi koloreko zakil bat eta pintura orban marroi bat, zikinkeria edo gorotza gogora ekartzen duena. Twombly pintura lodia erabiltzen hasi zen hemen, eta hainbat gunetan gainezka egiten utzi zuen; baina oraindik ez du hain irmoki margotzen, eta mihisearen alde batzuk nahiko hutsik ikus daitezke.
Bigarren koadroan, Twombly eskuak erabiltzen hasi zen pintatzeko. Koadroaren goialdean, ezkerretara, esku marroi baten arrasto bat ageri da, zabaldutako gorotza iradokiz. Izan ere, ezkerreko esku baten arrastoa da: Twomblyk bidaia bat egin zuen Marokora, eta bertan konturatu zen, kultura ugaritan, eskuineko eskua garbi mantentzen dutela, eta ezkerrekoa, berriz, higienearen aurkako edozer egiteko erabiltzen dutela. Twomblyren obran, eskuinaren eta ezkerraren arteko kontrastea sumatzen da nolabait, araztasunaren eta zikinkeriaren artekoa: eskuineko eskuak brotxari eutsi eta arkatza gidatzen du; ezkerrekoak, berriz, zikintzen eta ezabatzen du.
Sail honetako hirugarren koadroan antzeman daitekeen gauzarik deigarriena, beharbada, pintura gorria da, mihisean behera tantaka doana eta bereziki nabaria da behealdean, eskuinaldeko izkinan. Antza denez, Twombly sail hau lantzen ari zenean, eguraldia hain zen sargoria pintura urtu egiten zela. Izan ere, saila amaitzeko artistak eguratsari aurre egin behar izan ziola sumatzen da.
Laugarren mihisean, gora egin du tentsioak. Twomblyk hainbat teknika kakofoniko erabili du: presazko pintzelkada bizkorrak, pintura orbanak eta arkatz zirriborroak. Bertan, marroi koloreko orbanak gero eta handiagoak eta gero eta ugariagoak dira.
Azkeneko mihisea pintura-mokor lodien nahas-mahasa da, Twomblyk bere ibilbidean zehar sortutako koadro astunenetakoa. Mihisearen gainazala hain da trinkoa alde batzuetan eskultura itxura hartzen duela.
Ferragosto saileko pintura guztiek udaldiko giro sargoria eta astuna iradokitzen dute; guztietan antzematen da artistaren presentzia fisikoa eskuz hedatutako pinturan. Pintura bakoitza bereizi daitekeen arren, multzo bateratua osatzen dute.