Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Katharine Kuh-k hamazazpi artistarekin hitz egiten du: Calder

Katharine Kuh

Izenburua:
Katharine Kuh-k hamazazpi artistarekin hitz egiten du: Calder
Egilea:
Katharine Kuh
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Artea eta teknologia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Mugimendua | Oreka | Pisua | Soinua | Tamaina | Ingurunea eta natura | Alaitasuna
Mugimendu artistikoak:
Fauvismoa
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura | Kokapen zehatzerako artea
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Zure obrak satirizatu egiten al ditu makina modernoak?

Ez, inolaz ere. Bitxia da; izan ere, behin mokoa zabaldu, hegalak luzatu eta biraderari eraginez gero kirrinkatu egingo zuen txori bat egiten saiatu nintzen, baina ez nuen egin setatu egin nintzelako konturatzean Klee-k eginda zuela hori bere Twittering Machine artelanean, eta ziur aski nik inoiz egin ahal izango nuen baino hobeto. 1929 aldera, bizpahiru arrain-ontzi egin nituen biradera bati eraginez gero igeri egiten zuten arrainak zituela. Gainera, ezagutzen duzu zuk Zirkua noski. Berari buruzko filma bat egin berri dut Frantzian Carlos Vilardebo-rekin batera.

 

Zerk eragin dizu gehien: naturak edo makineria modernoak?

Naturak. Benetan makineria ez zait interesatu izan oinarrizko mekanismo gutxi batzuk izan ezik, palankak eta balantzak adibidez. Batek natura imitatu nahi du, hori baita ikusten duena. Dena dela, Mondrian ezagutu nuenean, etxera itzultzean pintatzen saiatu nintzen, bai horixe. Unibertsoko forma sinpleenak esfera eta zirkulua dira. Nik ordea diskoekin irudikatzen ditut eta horiek era askotara ezartzen ditut. Arteari buruzko nire teoria osoa formaren, masaren eta mugimenduaren arteko ezberdintasunean oinarritzen da. Nire triangeluak ere esferak dira, baina era ezberdin batekoak.

 

Nola lortzen duzu zure obrako oreka fin hori?

Disko bat jartzen duzu hemen, eta gero, triangelua den beste disko bat jartzen duzu beste muturrean, eta gero atzamarrekin orekatzen dituzu eta beste batzuk gehitzen dituzu. Ez ditut laukizuzenak erabiltzen…, gelditu egiten dira. Erabil daitezke; nik batzuetan erabili egiten ditut, baina mugimendua blokatu eta eragotzi nahi dudanean besterik ez.

 

Egia al da Marcel Duchamp-ek asmatu zuela zure obrarentzako “mugikor” izena?

Bai, Duchampek mugikorrei eman zien izena, eta Arp-ek berriz stabiles direlakoei. Arpek esan zidan: “Nola deitu zenien iaz erakutsi zenituen gauza horiei? Stabiles?”.

 

Izan al zuen zure Zirkuak eraginik zure mugikorretan?

Ez dut uste Zirkua benetan garrantzitsua izan zenik mugikorren hazia ereiteko orduan. 1926an jugoslaviar bat ezagutu nuen Parisen, eta esan zidan jostailu mekanikoak egiten jakingo banu bizimodua irabaz nezakeela horren bidez. Ondorioz, etxera itzultzean, horri buruz pentsatzeari eman nion denbora luze batez, eta jostailu batzuk ere egin nituen. Hala ere, bukatu nituenerako jugoslaviarra desagertu zen. Beti izan nuen gustukoa zirkua, eta New Yorken joan izan nintzen Police Gazetten lan egiten nuenean. Pase bat lortu nuen eta egunero joan nintzen bi astetan zehar, eta zirku bat nik neuk egitea erabaki nuen dibertsio hutsagatik.

 

Nola sortu ziren mugikorrak?

Mugikorrak Mondriani egin nion bisitaren ondorioz sortu ziren. Horman zituen laukizuzen koloreztatu batzuek harritu egin ninduten. Handik gutxira, mugikor batzuk egin nituen; Mondrianek adierazten zuenez, bere pinturak nire mugikorrak baino azkarragoak ziren.

 

Zer funtzio betetzen du koloreak zure eskulturetan?

Ba begira, bigarren mailako funtzioa. Gauzak bereizgarriak izatea nahi dut. Zuria eta beltza dira lehenengo gauza…, gero gorria dator…, eta jarraian, ez daukat oso argi zer datorren. Benetan bereizketak egiteko besterik ez da, baina hainbeste maite dut gorria, ia dena gorriz ere pintatuko nukeela. Sarritan desiratu dut 1905eko fauve bat izatea.

 

Uste al duzu zure gaztetako ingeniari-prestakuntzak zure obrari eragin diola?

Horrek eragin du niri errazak iruditzea beste pertsona batzuentzat nahasgarriak diren gauzak, adibidez mugikorren mekanika. Hori ondotxo dakit, harremana izan dudalako nire metodoak ulertzen zituzten ingeniari bat edo birekin. Ez dut uste ingeniaritzak nire obrarekin benetan zerikusi handia duenik; xede estetikoa lortzeko bitarteko bat besterik ez da.

 

Zer iruditzen zaizkizu zure imitatzaileak?

Nazka ematen didate.

 

Egiten al dituzu hasi aurreko zirriborroak?

Mugikor ugari egin ditut eta beraz ondo dakit zer egin nahi dudan, behintzat txikienei dagokienez, baina forma berri baten bila ari naizenean marrazkiak eta metalezko xaflako maketa txikiak egiten ditut. Esate baterako, Idlewild aireportuko mugikorrak (Nazioarteko Etorreren eraikinean) berrogeita bost oineko luzera du [13,73 m] eta hamazazpi hazbeteko luzera soilik duen maketa batean oinarritua eginda dago [43,18 cm]. Oso handiak direnetarako ez dut eskuragarri behar bezalako makinarik, eta beraz lantegi batera noa eta lantegi-ikastun bihurtzen naiz.

 

Zer iruditzen zaizkizu enkarguak?

Tamaina nabarmeneko gauzak egiteko modua ematen didate. Ez dit axola artelan bat hitzartutako toki baterako planeatzea. Iruditzen zait egiten dudan guztia, toki jakin baterako egiten dudanean, hobeto irteten zaidala. Gauza txiki bat, mahaiaren gainean dudan hau adibidez, mahai baten gainean jartzeko eginda dago.

 

Nahiago al duzu handiak egitea?

Bai..., bizigarriagoak dira…, eta gainera nork bere burua tipo garrantzitsutzat edukitzeko balio du.

 

Zertan bereizten dira mugikorrak eta stabiles direlakoak xedearen aldetik?

Ba begira, mugikorra berez mugitzen da eta aldiz stabilea pinturaren mugimendu inplizituaren ideia zaharrera itzultzea da. Stabile baten kasuan, bere inguruan ibil zaitezke, edo zeharkatu behar duzu… Mugikorrak aldiz zure aurrean dantzatzen du. Basileako museoko nire mugikorra zeharka daiteke. Elkarren kontra bermatutako triangelu pila batek eta horietatik irteten diren hainbat arkuk osatzen dute.

 

Zergatik zeharkatu behar da?

Norbera dibertitzeko besterik ez. Nahiko nuke jendeak bertan gora igo ahal izatea, baina ez da horretarako bezain handia. Ez naiz inoiz egon Askatasunaren Estatuan, baina entzun dudanaren arabera, zoragarria da bertan sartzea, hura zeharkatzea.

 

Léger-ek errealista deitu zintuen behin. Zer iruditzen zaizu hori?

Bai, uste dut errealista naizela.

 

Zergatik?

Ikusten dudana egiten dudalako. Arazoa ikustea besterik ez da. Zuk zer edo zer imajina badezakezu, espazioan gogora ekarri... orduan egin dezakezu, eta tout de suite zu errealista zara. Unibertsoa erreala da, baina zuk ezin duzu ikusi. Imajinatu behar duzu. Behin imajinatu duzunean, errealista izan zaitezke berau irudikatzen duzunean.

 

Beraz, ez zaitu kezkatzen mundu moderno agerikoak eta mekanizatuak?

A, zuk zeloa eta zikinkeria hori guztia diozu.

 

Nola hasi zinen zure obran soinua erabiltzen?

Hasieran, ezusteko baten ondorioz. Geroago, Dogwood [Zuhandorra] deitutako eskultura egin nuen soinu metalikoko hiru xafla astun erabiliz. Aldaera berri bat zen soilik. Ikusten duzunez, pisua, forma, tamaina, kolorea, mugimendua ditu eta gainera, zarata ateratzen du.

 

Zer iruditzen zaizkizu zure mugikor motordunak?

Mugikor motordunak traketsegiak dira..., txorimalo mekanikoak dira. Onenak ere errepikagarriak izateko joera dute. Badago bat altueraz hogeita hamar oinekoa Stockholmeko museo modernoan [9,14 m], nire maketa baten arabera egindakoa. Lau elementu ditu eta bakoitza motor ezberdin batekin funtzionatzen du.

 

Nola lortu zenuen mugikor tolestagarriak egitea?

Louis Carré-ren galerian 1946an nire erakusketa prestatzen ari nintzenean, proiektuak eskulturak txikiak eskatzen zituen postaz bidali ahal izateko. Era hartan gauzak bidaltzeko tamainaren muga 18 x 10 x 2 hazbetekoa zen [45,72 x 25,4 x 5 cm] eta beraz, tolestu ahal ziren mugikorrak egin nituen. Hagatxoak, xaflak, dena pakete txiki batean desmuntatu eta tolestu ahal zen bizpahiru piezarekin eginda zegoen. Marrazkiak bidali nizkien piezak berriro nola lotu erakusteko.

 

Dagoeneko ez duzu beira asko erabiltzen, ezta?

Azkenaldian ez dut asko erabili. Duela urte gutxi batzuk bilduz joan nintzen koloreztatutako beira guztiak elkartu nituen eta bihitegiko harrizko hormaren kontra hautsi nituen. Oraindik beira pila bat dago bertan pilatua. Nire lehenengo mugikorretan sarritan erabiltzen nuen ordea.

 

Ba al dago bereziki nahiago duzun artelan bat irudikatua eduki nahiko zenukeena?

Gehien atsegin dudana Caracaseko unibetsitateko auditorioaren sabaia da. Egurrezko panel kontratxapatu handiekin eginda dago –batzuk hogeita hamar oineko luzeradunak [9,14 m]–, gutxi gorabehera horizontalak eta soinua islatzeko moduan okertuak. Parisko UNESCOrentzat egin nuen artelana ere gustukoa dut, baita Little Blue under Red [Apur bat urdina gorriaren azpian] deitutako mugikorra Foggtarren jabetzan dena. Artelan hori kurba hipozikloidalez eta epizikloidalez osatua dago. Arazo nagusia zen zati guztiak haiekin lan egiteko bezain arinak izan behar zutela.

 

Uste al duzu zure obra bereziki estatubatuarra dela?

Gauzak nire erara egiteko lehenengo bultzada Parisen hartu nuen, eta beraz, ez nuke jakingo zer esan.

 

Izan al duzu estatubatuar hirien influentziarik?

Chicago atsegin dut Michigan Avenueko zubitik hotz izugarriko gau batean. Koloreetan semaforoena besterik ez zeuden, eta argi gorri bat edo beste zurien artetik. Ez dut uste eragina jaso dudanik estatubatuar hiriei so egitetik. Indiara joan ginenean bertan mugikor batzuk egin nituen eta besteen antzekoak dira.

 

Zer gertatu zitzaion eskultura handi hari, The City [Hiria]?

The City Caracaseko Arte Eder Museoak erosi zuen nire lagun arkitekto Carlos Raúl Villanueva-ren bidez.

 

Zoragarria iruditzen zait niri. Zer iruditzen zaizu zuri?

Apurka-apurka konbentzitzen ari naiz. Haren maketa lehenagoko mugikor handi batetik sobera geratutako ebaketa-zati batzuekin egin nuen. Besterik gabe kontua zen zati horiek nituela, beraz hartu nituen eta han eta hemen probatu, eta gero zerrenda bat egin nuen horiek lotzeko eta zintzilikatzeko... Apur bat objets trouvés direlakoekin bezala [“aurkitutako objektuak”: naturan eta eguneroko bizitzan aurkitzen ditugunak dira, adibidez maskorrak, harriak, hostoak, urratutako papera etab., artistak artetzat jo eta hala onartutakoak. Editorea]. Behin betiko tamaina Perls Galleries-etako aretoaren tamaina kontuan hartuz erabaki nuen, bertan erakutsiko baitzen artelana.

 

Zein artista miresten dituzu gehien?

Goya, Miró, Matisse, El Bosco eta Klee.

Kuh, Katharine, “The Artist’s Voice: Talks with Seventeen Artists”, New York eta Evanston, 1960, 38-51. or.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]