katalogoa
Calder-en mugikorrak
Jean-Paul Sartre
- Izenburua:
- Calder-en mugikorrak
- Egilea:
- Jean-Paul Sartre
- Argitalpena:
- Madril: TF. Editores, 2003
- Neurriak:
- 27 x 29 cm
- Orrialdeak:
- 308
- ISBN:
- 84-89162-13-1
- Lege gordailua:
- M-11588-2003
- Erakusketa:
- Calder. Grabitatea eta grazia
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Mugimendua | Sinbologia | Soinua | Espiritualtasuna | Ingurunea eta natura | Natura
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Calder, Alexander
Egia bada eskulturaren xedea mugimendua higiezina den objektu batean irudikatzen saiatzea dela, errakuntza izango litzateke Calder,en artea eskultorearenarekin lotzea. Berak ez du mugimendua iradokitzen, harrapatu baizik; ez zaio bururatzen behin betiko brontze edo urrean hilobiratzea –goresmeneko material ergelak, euren berezkotasunak gelditasunera kondenatutakoak–. Trinkotasunik gabeko lehengaiak eta lehengai ziztrinak, hezur txikiak, latorria edo zinka erabiliz, zurtoin eta palma, teila, luma eta petaloen konbinazio xelebreak muntatzen ditu. Erresonantzia aparatuak bezalakoak dira, tranpak, listari batetik armiarma bat bere haritik bezala esekita, edo idulki baten gainean pilatzen dira, dirdirarik gabe, euren baitara bilduta, erdi-lo faltsuan; bolada bat pasatzen da orduan, korapilatzen da eta bizitu egiten ditu. Haiek bolada kanalizatu egiten dute eta forma iragankor bat ematen diote: sortu da mugikor bat.
Mugikorra: ospakizun partikular txikia, mugimenduak definitutako objektua eta bera gabe existitzen ez dena, gelditzean zimurtzen den lorea, mugimenduen joko soil bat, argien jokoak existitzen diren bezala. Batzuetan Calder dibertitu egiten da forma natural bat imitatzen: burdinazko hegalak dituen paradisuko hegazti bat oparitu dit; nahikoa da leihotik alde egiten duen aire bero apur batek igurztea eta txoria zabaldu egiten da zarata eginez, tentetu egiten da, harropuztu egiten da, bere mottodun burua mugitzen du, jirak ematen ditu eta kulunkatu, eta gero, seinale ikusezin bati kasu egingo balio bezala, bere baitan jira egiten du poliki, hegalak guztiz luze dituela. Hala ere, gehienetan Calderrek ez du ezer imitatzen, eta ez dut ezagutu berarena bezain gutxi engainatzen duen arterik. Eskulturak sakontasuna eta argia iradokitzen ditu. Calderrek ez du ezer iradokitzen: benetako mugimendu bizidunak harrapatzen ditu eta forma ematen die. Bere mugikorrek ez dute ezer esan nahi, ez diote ezeri erreferentzia egiten euren buruari baizik: dira, eta hori da guztia; absolutuak dira. Beste edozein giza sorkuntzan baino garrantzitsuagoa da “Deabruaren esku hartzea” beharbada. Dinamikoegiak dira, tramankulu gehiegi dituzte eta konplexuegiak dira giza adimen batek, ezta euren sortzailearenak ere, mugikorrek dituzten konbinazio guztiak aurreikusi ahal izateko. Horietako bakoitzarentzat, Calderrek mugimendu aukera bat ezartzen du eta gero euren kasa uzten ditu; orduak, eguzkiak, beroak, haizeak erabakiko dute dantzaren pausuetako bakoitza. Hartara, objektua estatuaren menpekotasunaren eta naturako gertakizunen independentziaren arteko erdibidean geratuko da beti; bere bilakaeretako bakoitza uneko inspiraziotik sortzen da; bertan bere autoreak konposatutako gaia atzematen dugu, baina milaka aldaera pertsonalek edertua; jazz hot-eko doinu labur bat bezala da, bakarra eta iragankorra zerua bezala, goiza bezala; ihes egiten badizu, betiko galdu duzu. Valéry-k itsasoaz zioen beti berriro hasten ari zela. Bada, Calderren objektu bat itsasoa bezalakoa da eta berau bezain txundigarria: beti ari da hasten, beti berria. Ez da nahikoa pasatzean begiratu bat ematea; bere ondoan bizi behar da eta liluratu zaitzala utzi. Orduan irudimenak atsegin hartzen du forma puru eta aldakor horiengatik, aldi berean libreak eta arautuak.
Mugimendu horiek atseginak izan nahi dute, besterik ez, gure begien gozagarri izan, baina era berean zentzu sakon bat dute, matafisikoa, esan dezagun. Horregatik, beharrezkoa da mugikortasuna nonbaitetik etortzea. Lehen Calderrek motor elektriko baten bidez bultzatzen zituen; orain ordea naturaren erdian, lorategi batean, leiho irekiaren ondoan uzten ditu euren kasa, haizearen eraginez inarrosten hegal eolikoak bailitzan; airea dute elikagai, arnas hartzen dute, atmosferaren aisialdi bizia hartzen dute mailegutan. Hartara, euren mugikortasuna oso berezia da. Giza lan bat izan arren, Vaucanson-en automata baten keinuen zehaztasuna eta eraginkortasuna ez dute inoiz. Hain zuzen automataren xarma da gizaki batek bezala eragiten diola abanikoari edo berak bezala jotzen duela gitarra, baina bere eskuaren desplazamenduak lekualdatze mekaniko hutsen gogortasun gupidagabe eta itsua du.
Calderren mugikorrak uhindura mugimendua du, zalantzakor dago, erratzen dela esan daiteke eta gero zuzendu egiten dela. Bere tailerrean mailu bat eta gong bat ikusi ditut oso altu zintzilikatuak; putz txikiena egitean, mailuak bere baitan jiraka zebilen gonga bilatzen zuen; urrundu egiten zen kolpatzeko, balantzaka egiten zuen eta albo batetik pasatzen zen, esku baldarra bailitzan, eta gero, batek gutxien espero zuenean, zuzen zihoakion eta erdi-erdian ematen, zarata beldurgarria atereaz. Bestalde, mugimendu horiek era artistikoegian daude harmonizatuak azalera desorekatu batean kanika batek egiten dituenekin parekatzeko, bertan ibilbidea lurraren gorabeheren menpe dagoelako soilik. Bizitza propioa dute. Behin Calderrekin nenbilen hizketan bere tailerrean, eta ordu arte geldirik egondako mugikor batek nire kontra egin zuen, asaldura bortitz batek eramanda. Pauso bat eman nuen atzera eta bere irismenetik kanpo nengoela uste izan nuen. Bat-batean asaldura hori pasa zitzaionean eta erdi hilda bezala geratu zela zirudienean, bere buztan luzea eta arrandiatsua, ordu arte mugitu gabea, martxan jarri zen axolagabeki, gogoz kontra bezala; airean jiratu zen eta justu sudurraren azpitik pasa zitzaidan. Zalantza keinu horiek, ahalegin horiek, baldarkeria horiek, bat-bateko erabaki horiek eta batez ere zisnearen duintasun miragarri horrek, Calderren mugikorrak izaki arraroak ematea eragiten du, materiaren eta biziaren arteko erdibidean. Halako batean, euren desplazamenduek helburu bat jarraitzen dutela dirudi eta jarraian, euren xedea bidean galdu dutela eta kulunkatze ergel batean galduta daudela. Nire txoriak hegaz egiten du, flotatu, zisne batek bezala igeri egin, fragata batek bezala; bat da, txori bakarra, eta gero, bat-batean deskonposatu egiten da, eta berarengandik metalezko hagatxoak besterik ez dira geratzen dardara antzu batzuek astinduta. Mugikor hauek ez dira erabat bizidunak, ez dira ere erabat mekanikoak, eta harritu egiten dute uneoro, eta hala ere, beti itzultzen dira hasierako posiziora. Korronteak bultzatutako ureko belarrak dirudite, usna-belarraren petaloak, igel artaburu baten hankak, goranzko aire korronte batek daraman armiarma hariak. Laburbilduz, Calderrek ezer imitatu nahi izan ez duen arren, mugimendu ezezagunen eskalak eta akordeak sortu baizik, bere mugikorrak asmaketa lirikoak, konbinazio teknikoak, ia matematikoak, eta aldi berean Naturaren sinbolo nabarmena dira, hain zuzen polena alferrikaltzen duen eta bat-batean mila tximeletaren hegaldia eragiten duen Natura handi horrena. Ez dakigu ere Natura hori kausa-ondorioen kateatze itsua den edo Ideia baten garapen ezkutua, beti atzeratua, oztopatua, zeharkakoa.
Sartre, Jean-Paul, “Les mobiles de Calder”, erak. kat. Galerie Louis Carré, Paris, 1946, 9-19 or. Situations III-en erreproduzitua, Gallimard, Paris, 1949.
[Itzultzailea: Bitez-Logos®]