Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Uko egiten dio estatikoa den arteari, mugimenduari eutsiz

Izenburua:
Uko egiten dio estatikoa den arteari, mugimenduari eutsiz
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta emozioa | Artea eta umorea | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Mugimendua | Erakusketak | Edertasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Eskultoreak botoi bat sakatzen du eta motorrak bere lana egiten du –Hatpin [Kapeluko buru-orratza] erakusketan dago– Artelanok ez dute izenbururik.

“Zergatik izan behar da artea estatiko?” galdetu zuen patxadaz Alexander Calderrek gaur Julien Levy galeriako bere erakusketa ixten zuen bitartean. “Ikusten duzuna abstrakzio bat da, zizelkatua edo pintatua, plano, esfera, nukleoen konbinazio guztiz suharra, esanahi txikienaz ere gabetua. Beharbada perfektua da, baina beti mugigaitz dago”.

“Eskulturaren hurrengo pausoa mugimendua da”. Une hartantxe Calderrek botoi bat zapaldu zuen.

Bi bola zuri mugimenduan jarri ziren enbalatzeko kaxa beltz bat hondoan zutela. Boletako bat yo-yo baten antzera zebilen gora-behera, eta bestea aldiz, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan jiraka egiten zuen soka-zerrenda batetik zintzilikatuta. Eskultura, zuriz margotutako White Rock kaxa baten gainean zegoen muntatua, eta gida-gurpil txiki batek, motor elektriko batez mugituta, sokak kontrolatzen zituen.

Erabilgarria ez bada, ez du zentzurik

“Mugimendu zoragarria”, zioen Calderrek atseginez. Ez zuen onartu esan zitzaionean bertikalean mugitzen zen bola barraketako tiro-jokoaren antzekoa zela.

“Barraketako tiro jokoaren bolek helburu erabilgarria dute”, zioen. “Honek ordea ez du zentzurik. Ederra da besterik ez. Inpresio emozional itzela sortzen du ulertzen bada. Zalantzarik gabe, zerbait esan nahiko balu, errazago izango litzateke ulertzen, baina ez luke mereziko”.

Calderren sorkuntza-lanen beste ale batzuek erakusketa-areto soila eta modernoa apaintzen zuten. Horietako bat, igitai itxurako alanbre bat eta kapeluko buru-orratz antzeko bat billar bola batez errematatua zen. Igitaiak pixkanaka egiten zuen jira; aldiz, kapeluko buru-orratza azkar kulunkatzen zen. Motorrak arnas-hotsa ateratzen zuen.

“Motorrak ez dira horren onak”, zioen eskultoreak. “Aukera egin behar izan nuen, egindako gauza bat edo bitatik motorra hobetu edo sorkuntza-lan berriak egiteari eutsi. Nahiago izan nuen sortzen jarraitu”.

Eskultorea, ingeniari ohia, alanbre eta artilezko erretratu sinpletuen sortzaile eta pintore, tarteko adineko gizona da, definitu gabeko tweed jantzia eta sandalia batzuk jarriak dituena. Ilea urdintzen ari zaio eta gehienetan ahoa erdi zabalik du irribarre zintzoz eta lasaiaz. Eskuin begiko betileak beltzak ditu, ezkerrekoak aldiz grisak.

Bere artelanen katalogoan –diagrama multzo bat da, piezek izenbururik ez dutelako eta berari errazagoa egiten zaiolako marraztea deskribatzea baino– ospeko pertsonaia paristar baten aipu bat dakar: F. Léger.

Hau ez da eskultura, diote batzuek

“Bere artelan berriek –garden, objektibo eta zehatzak– Satie, Mondrian, Marcel Duchamp, Brancusi, Arp…, edertasun isilaren eta adierazkortasunik gabearen maisu ukaezinak ekartzen dizkidate gogora. Calder ildo horretan doa”.

“Usoa nahiko animalia inozoa da”, dio maisu handiak. “Hala ere, bere mugimendua apartekoa da. Zergatik onartu behar dut haren mugimenduaz gozatzeko ehizatu ez dudan usakumea?”.

“Kritikari batzuek diote hau ez dela eskultura, bere edertasuna antzemateko etengailu elektriko bati eman behar diozulako”.

“Tira, hori gauez erakutsitako edozein arte plastikorekin ere gertatzen da. Etengailu elektriko bati eman behar diozu ikusi ahal izateko”.

“Objects to Art Being Static, So He Keeps It In Motion”, New York World-Telegram, 1932ko ekainaren 11

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]