katalogoa
Alexander Calder edo alanbrearen erregea
Gabrielle Buffet-Picabia
- Izenburua:
- Alexander Calder edo alanbrearen erregea
- Egilea:
- Gabrielle Buffet-Picabia
- Argitalpena:
- Madril: TF. Editores, 2003
- Neurriak:
- 27 x 29 cm
- Orrialdeak:
- 308
- ISBN:
- 84-89162-13-1
- Lege gordailua:
- M-11588-2003
- Erakusketa:
- Calder. Grabitatea eta grazia
- Gaiak:
- Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Materiala | Mugimendua
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Futurismoa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Calder, Alexander
Zalantzarik gabe kontrasteen legearen nahia da Alexander Calder-ek, marmola eta granitoa lantzeko gorpuzkera duen eskultore estatubatuarrak, lan egiteko gustukoa duen material bakarra… alanbrea izatea! Bestalde, “material” hitza ez da batere egokia kasu honetan: kalitate “materialaren” bilaketa erabat baztertuta dago bere artelanetatik, eta bere benetako elementua mugimendua da.
Calderren dohaina da mugimenduaren zentzua izatea, beste batzuek poesiaren edo musikaren dohaina duten bezala.
Hasieran bere artelan trebe eta umoretsuengatik, siluetengatik, mozorroengatik eta batez ere Paris guztia zeharkatu zuen bere zirku bizidunarengatik egin zen ezagun. Bada, aurten makina burutsuak erakutsi ditu Calderrek Galerie Vignonen, eta hauek hain dira bereziak zeina ez baitakigu logikari jarraiki non kokatu Bederatzi Musen eremuan.
Calderrek “mugikorrak” deitzen die, hartara nabarmenduz ez direla ez objektu ez makina. Batez ere bere azken artelan horiek interesatzen zaizkigu.
“Chambre des Machines Inutiles” delakoan [Ezertarako Baliorik Gabeko Makinen Gela] 5, 8, 10 mugikorrek burrunba egiten dute, motor txikiek eta transmisio uhalek bizituta.
Bakoitzak ibilbide plastiko ezberdin, zehatz eta oso bat burutzen du: mugimenduen berezko balioa kontraste egiten duten koloreen bizitasunak (gorriak, beltzak, zuriak) osatzen du.
Hemen, alanbre baten arabesko desorekatua kulunkatzen da, eta badirudi pendulu baten ibilbide asaldatua moztu behar duela: elkar joko al dute? Ez: elkarri ihes egiten diote zehaztasun infinitesimalarekin.
Han, bi esfera txikik, bata gorria, bestea beltza, ibilbide ezberdinak jarraitzen dituzte, abiaduran norgehiagoka, eta bat egiten dute berriz abiapuntuan.
Artelan horiek egiteko, mekanikaren legeen ezagutza edo sena berezia behar da; baina are finagoa da aldi berean denborako arteetatik eta espazioko arteetatik datorkion bere errealitate etikoa.
Musikatik elementuen segida eta kontrapuntuzko jokoak hartzen ditu, eta iraupenean proiektatzeko, arkitekturarekin hartzen du kontaktua espazioko lerroen plastika erabiliz.
Artelan horiek benetako interesa piztu dute (beharbada euren higidura misteriotsuak eraginda); txunditzen gaituzte bat egiten dutelako dagoeneko urrutikoak diren futuristen bilaketekin, garai hartan aztarnarik utziko ez zuten fantasia dekadentetzat joak, eta haien “mugimenduaren estetika materiala” gauzatzen dutelako. Eurek teorizatu egin zuten horri buruz, baita adibidez Picabia eta Marcel Duchamp artista bakartien joera artistikoek.
Hala, espiritu burgesek iragarpen txarrak egin arren, “abstrakzioaren” periodo heroiko hau espirituaren etapa garrantzitsuenetako bat moduan gailendu da eta gure garaiko formula artistiko sintomatikoenetako bat bihurtu: bakarra da gainera behin betikotu eta aldatzeko gaitasuna duena.
Buffet-Picabia, Gabrielle, “Alexander Calder, ou le roi du fil de fer”, Vertigral I, 1. zk. (1932ko uztailaren 15a), 1. or.
[Itzultzailea: Bitez-Logos®]