Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Mugikor baten neurrien inguruan

Alexander Calder

Izenburua:
Mugikor baten neurrien inguruan
Egilea:
Alexander Calder
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta estetika | Artea eta zientzia | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Mugimendua | Pisua | Tamaina
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Solido baten edo azalera zulatu edo horzdun baten arintasuna erabat interesgarria izan [arren], nukleo sakabanatuen pisu falta beti handiagoa are interesgarriagoa da.

Nukleoak esaten dut, niretzat konstrukzio hauetan erabiltzen dudan edozein esferak edo beste forma batek ez baitu adierazten neurri, forma edo kolore horretako gorputz bat halabeharrez; aldiz, gorputz-sistema txikiago bat esan nahi dezake, egoera ia esferiko bat, baita hutsa ere. Esan nahi du pentsa daitekeen guztia konposa daitekeela.

Niretzat, konposizioko garrantzitsuena ezberdintasuna da. […]

Hurbilpena onartu behar da, ezinezkoa baita erabateko zehaztasuna. […]

Erabilitako materialen nolakotasunen ezagutza eta horiekiko erakarmena ezinbestekoak dira tratamendu egoki baterako.

Harria, materialik zaharrena, bere mardultasuna gorde beharko litzateke, puska zapaletan moztu gabe. Bere sendotasunari eutsi behar zaio.

Brontzea, landuz gero, egokia da forma arinetarako, finetarako. Oso sendoa da mehe-mehea denean ere.

Egurra, kontuan hartu beharreko zuntza dauka. Noranzko batean apaldu daiteke soilik.

Alanbrea, hagatxoak, metalezko xaflak, erresistenteak dira, baita forma oso finetan ere, eta aplikatu nahi zaizkien zernahi aplikaziorako aise erabiltzen dira. Masa eta pisuko kontrasteak erabilitako neurri eta metal motaren arabera burutzen dira, eta horrenbestez, fisikaren legeak eta kontzeptu estetikoak lotura eduki dezakete. Fisikaren eta estetikaren artean erlazio estua dago noski.

Mardultasuna eta iraunkortasuna bereziki desiragarriak dira eskulturan. Batzuetan, berriz, sotiltasuna eta fintasuna ezinbestekoak izan daitezke ideia orokorrerako, eta horrenbestez, beharrezkoa da erabakitzea azken honetan zein nagusituko den.

Badago aukera ere mugimendua objektu baten ideiaren eta konposizioaren zati moduan erabiltzeko. Eskultura orduan, zentzu batean, makina bihurtzen da, eta beraz, beharrezkoa izango da makina moduan hartzea zati mugikorrak baldarkeria apur batetik libratu ahal izateko. Haizeak mugitzeko sortutako eskulturak ere makinak dira beti, eta halakotzat jo beharko lirateke, baita estetikoki ere. Dena dela, elementu mekanikoak ezin du inoiz elementu estetikoa kontrolatu. Nahiago makina txarra eta eskultura ona. […]

Higituz doan mugikor batek lorratz ikusezina uzten du bere atzean, edo hobe esateko, elementu bakoitzak bere lorratza uzten du bere identitatetik haraindi. Batzuetan lorratz horiek elkarren barnean uzkurtzen dira, eta beste batzuetan sakabanatu egiten dira. Azken kasu honetan, mugikorrek espazio gehiago hartzen dute, eta gehiengo hedatze horren diametroa hartu beharko litzateke kontuan mugikorren neurriak kalkulatzean.

Manipulatzen direnean, hau da, eskuz mugimenduan jartzean, erreparatu beharko litzaioke objektua mugitzeko pentsatua dagoen noranzkoari, baita arrastatutako masaren inertzia indarrari. Zalantzarik gabe, beharrezkoa da mugikor mota ezagutzea konturatzeko zein noranzkotan mugituko den hobeto, baina begiratu soil bat nahikoa izan beharko litzateke masa ezberdinen inertzia kalkulatzeko. Bultzada txiki eta leun batek, gabarra bat bultzatuko balitz bezala, ez du huts egiten ia inoiz. Dena dela, leuntasuna komeni da.

Calder, Alexander, “À Propos of Measuring a Mobile”, argitara gabeko eskuizkribua, artistak 1943ko urriaren 7an datatutakoa, Agnes Rindge Claflin Papers, Archives of American Art, Smithsonian Institution, Washington, DC, pasarteak.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]