Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Espainiaren pabilioia

Alexander Calder

Izenburua:
Espainiaren pabilioia
Egilea:
Alexander Calder
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Sorkuntza artistikoa | Materiala | Erakusketak | Espainia | Artistak
Artelan motak:
Eskultura

Han mota guztietako jendeari egin genion harrera: Alvar Aalto finlandiar arkitektoari eta bere emazte Ainor-i; Alberto [Sánchez] eskultore espainiarrari, 1937ko erakusketa unibertsalerako gauza handia egin zuena eta gaztelaniaz zoragarri kantatu ziguna; eta beste jende batzuei.

Ordurako lau urte pasa ziren Paris utzi genuenetik, eta lagun zahar asko ikusi genituen eta nik nire Zirkua eman 1937ko Parisko Erakusketa Unibertsala zela eta, egun batean nire lagun Miró-rekin Espainiaren pabiloia ikustera joan nintzen, berak bertarako tamaina handiko pintura bat egin behar baitzuen. Pabiloiaren arkitektoa zen José Luis Sert ezagutu nuen orduan.

Pabiloi horretan erakutsi behar zena ikusi nuenean, Picasso-ren Guernica barne, berehala nire zerbitzuak eskaini nituen gauza bat edo beste egiteko.

Sert, horren kontra zegoen ni ez nintzelako espainiarra, baina geroago, Almadengo merkurioz hornitutako iturri bat –edateko ur-iturri bat zirudiena– jaso zuenean, deitu egin zidan bere zalantzak argitzeko.

Esan zidatenez, merkurioa kimikoki oso aktiboa zen, eta horrek jan ez zitzakeen gauza bakarrak beira eta brea omen ziren. Horrenbestez, nire objektua burdinaz egitea erabaki nuen eta breaz estali nuen. [René] Laliquenean egon nintzen beiran eskuragarri zer zegoen ikusteko, eta erabaki nuen “beira ez zela niretzat”..., Laliquen beira alegia. (Dena dela, egin izan ditut gauzak, adibidez mugikorrak eta hainbat arrain, nik hautatutako beira hautsizko zati zintzilikatuak zituztela..., batzuk itsasoak eta hondarrak higatutakoak, nik hondartzetan bildu ostean).

Azkenik Espainiaren pabiloia prest egon zen eta ospakizun berezi batekin zabaldu zuten. Gehien gustatu zitzaidan zatia almaiz batez eta almaiz eskuaz soinua jotzen zuen aguretxo bati entzutea izan zen.

Léger bertan izan zen eta esan zidan:

“Dans le temps tu étais le Roi du Fil de Fer, mais maintenant tu es le Père Mercure” [Antzina Alanbrearen Erregea zinen, orain ordea Merkurio Aita zara].

Merkurioa ibilarazteko ur apur batekin nahastu behar zen hodiak eta ponpa bustitzeko; bestela, ez zuen funtzionatuko. Ponpa eta lau oineko zabalera zuen ontzia [1,22 m], eskailerapeko armairu batean zeuden kokatuak. Ontziak hamazortzi hazbeteko sakontasuna zuen [ia 46 cm] eta merkurioz betea zegoen presioa uniforme mantendu ahal izateko. Merkurioa nire iturrira bideratzen zen lurrazpiko hazbete erdiko hodi batetik [1,27 cm], eta ondoren, hogeita hamar hazbete inguruko altuera bateraino igotzen zen [76,2 cm], bertatik forma irregularreko eta breaz estalitako burdinazko plater batera borborka eroriz. Plater hori ia-ia horizontala zen, bestela merkurioak azkar alde egingo zuelako. Ondoren beste plater batean isurtzen zen, forma ezberdinekoa, eta gero, bertatik txirrista batean zehar nahiko laster pala antzeko batera erortzen zen. Pala antzeko hori, beheko aldean hagatxo bati lotua zegoen, eta goiko aldean beste batek heltzen zion... Disko gorri bat zuen hondoan eta goian ALMADÉN hitza, latoi mailukatuzko hariz eginda.

Merkurioak palaren kontra jotzeak bi hagatxoek, disko gorriak eta “Almadén” hitzak osatutako multzoa eragiten zuen eta higiduraren ondorioz zortzi antzeko bat ikusten zen.

Iturriaren katiluak zazpi oin eta hiru hazbete zituen zabaleran [2,21 m], baina luze gabe ohartu ginen zimenduzko lur guztitik merkurio partikula txikien zipriztinak zeudela. Merkurioa oso garestia zenez, ahalegindu ginen ahalik eta gutxien galtzearren bere erortzea nolabait eragozteko presa txikiak egiten. Erraza zen, brea berotu eta gainean burdinazko pieza bat itsastea besterik ez zegoen. Palaren mutur batean espiral nahaspilatu bat ere jarri nuen alboetako zipriztinak eragozteko.

Hala ere, ez nuen nik asmatu merkurioari eusteko trikimailu bikainena. Norbaitek eltxo-sare tolestu bat hartu zuen eta plater batetik merkurioa tantaka erortzen zen tokian zehazki jarri zuen. Hartara, tantaka ari zen merkurioari heltzen zion. Azkenean zoragarri funtzionatu zuen denak, eta erakusketak iraun zuen bitartean ez zen beharrik izan iturrira merkurio gehiago gehitzeko.

Merkurioaren azalerara txanponak bota eta bertan flotatzen ikustea ikusleen denbora-pasa gogokoena bihurtu zen. Horrek ez zuen funtzionamendua eteten, merkurioa katiluaren hondotik ateratzen baitzen zirkuitura.

Estatubatuar kazetari bat etorri zen eta “Calderón de la Fuente” ezizena jarri zidan; izan ere, Lacasa-k, pabiloiko arkitektoak eta harreman publikoen ordezkariak, adierazi zuen izenaren asmatzailea ni nintzela.

“The Spanish Pavillion”, 1965eko martxoaren 5a, 11:00etatik 12:45era, 1965ko martxoaren 8a, 11:00etatik 12:30era, 157- 162. or.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]