Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Calder-en nazioarteko monumentuak

Robert Osborn

Izenburua:
Calder-en nazioarteko monumentuak
Egilea:
Robert Osborn
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Artea eta teknologia | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Oreka | Tamaina | Erakusketak | Alaitasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Gouache
Artelan motak:
Eskultura | Kokapen zehatzerako artea
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Zer da Sandy martxan jartzen duena? Alexander Calder kementsu lehiatu da joan den hamarkadetan. Mugikorrak asmatu zituen, gero stabiles direlakoak etorri ziren, eta gero biak eskalan garatu zituen gure garaiko monumentu publiko ederrenak sortzeko. Erakusten ditugun argazkiek, Calder-Osborn bikotearen laguntzaz hautatuak, agerian uzten dute pieza horiek garrantzi handiko artelanak direla, eta azalpena teknikan zentratua dago, eskultorea ingeniari den aldetik. Osbornek Calderri buruz egindako marrazki batzuetan artista izarretarantz jauzi egiten agertzen da, aditzera emanez Calder izan daitekeela bere karrerari kanpo espazioan segida emango dion lehenengo artista.

Sakonean Calder beti izan da ingeniaria. Ingeniaritzaz duen ezagutzen sendotasuna irudimen alaiarekin eta edertasunaren zentzu erabat malgu batekin jantzi du. Hala ere, bere artearen iturriak, berak ingeniari den aldetik doitu eta bateratzen dituen bulkaden, tentsioen, trakzio ahaleginen, oreken eta grabitate indarren haritik doaz.

Hasieratik bertatik, bere Zirkuko “lanetatik” ondoriozko alanbrezko eskultura eta mugikorren sorkuntza harrigarrira, antzeman daiteke eskultura logikoagatik, proportzio dotoreengatik, oreka biribileko eskulturarengatik duen kezka berezkoa.

Liluragarriena, bere sorkuntza-prozesuaren aldaketa amaigabea eta haren garapena behatzea da. Planteamenduan batez ere sinplea eta zuzena da, inoiz ere ez panpoxoa edo arranditsua, eta prozesu horrek askatasun gehiagorako aukera eman dio egituraren, formaren eta mugimenduaren era askotako konbinazio eta mutazioak bilatzeko; eta bere burua ingeniaritzat estimatzen duen edozein ingeniariren edo baita artistaren kasuan bezala, amaiera gabeko bilaketak jarraitu egiten du.

Azkenaldian Calder itzeltasunera dedikatu da, eta horrek hainbat arazo sortu dizkio. Mundu honetan, itzelezko estatua-kopuru handia eraiki da…, ahalegin izugarriarekin ordea. Horietako gehienak biziki eskasak gertatu dira, hain zuzen “itzelezko” zirelako. Merke zizelkatzen duten eskuek, bizkarreko muskulu nekatuek eta azkenik errazegi konformatzen diren artisauen begiak makaldu egin ziren, eta artelan miragarri txikiagoen erreplika zabar sarritan hanpatuak utzi zituzten. Calderrekin aldiz ez da hori gertatzen; benetan, erabiltzen ikasi berri duen tamaina horrek bizitasun gehigarria du, maketa txikiagoetan aurkitzen ez den indarra, ezta garapenaren erdiko fasean ere. Gainera, egiten zuen pieza berri bakoitzean handitasuna gero eta agerikoagoa zen.

Merezi du gogoratzea itzelezko pieza horien asmakuntza eta sorkuntzaren berezitasuna den xalotasun apartekoa Calderrek bere-berea izan duela ia ume txikia zenetik. Suposatzen dut artearen historia guztian, Paleolitikoko gizakiaren harrizko sinbolo sexual marduletatik hasi eta Rodin-en, Maillol-en eta Matisse-ren artelan “marduletaraino” (hori baita horiek deitzeko erabil daitekeen hitz bakarra, “mugikorrak” eta “stabiles” izenak erabili diren bezala) ez dela izan gizonik bere bizitza erdian zehar batere laguntzarik gabe erabateko eskultura-kontzeptu berri bat sortu duenik, eskultura hitzaren zabalera guztian hartuta. Hori da sasoi betean dagon jeinua izatea.

Gehienetan, artista batek zailtasunez ikasten du bere arbasoengandik eta justu bere aitzineko aurretikoengandik, eta gero, dohain horiek apur bat aldatzen ditu. Ez da hori ordea Calderren kasua. Berak baztertu egin zituen irakasgai potoloak, baita aitaren aholku eta komentarioak ere, eta eskulturaren kontzeptu erabat berria sortu zuen.

Hori ez da erraza egiten inongo arlotan, eta harrigarriena da Calder espaziora aireratu zela eta gero berau ebakitzeari edo zulatzeari ekin ziola lehenago inork egin ez bezala. Orain, materialen ezagutza osoa edukita eta azkenik aintzaz jantzita (inongo gizonarentzako kaltegarri ez dena), desiratzen duen duintasuna lor dezake era askotako bide berri batzuen bidez, etengabe aztertu eta handituak izaten ari direnak.

 

Sandy, nola hasi zinen eskala handitzen?

Ba begira, nik Water Ballet [Ur-balleta] egin nuen 1954ean Eero Saarinen-ek diseinatutako General Motors Technological Center-erako, Detroiten. Esango nuke ideia asmo handitakoa zela. Ur-zorrotadak. Ur lerrokatuak ere monumentalak izan daitezke. Ehun oineko neurria zuen [30,48 m] eta mutur banatan gora eta behera egiten zuen zorrotada bat zuen, biak abiadura ezberdinetan egiten zuten gora eta behera eta gero eten egiten ziren. Bazeuden ere zazpi zorrotada txikiagoak ia bertikalak; zazpi ahizpak deitu nien zorrotada finak zirelako, eta batzuk noranzko batean egiten zuten jira eta beste batzuek kontrakoan, zeruaren kontra ebakitzen zen jirabirako marrazki bat osatuz. Gero badago aska antzeko bat bainu bete bat ur airera jaurtitzen duena eta erortzean danbateko handia eragiten duena. Jira egiten duen barra batek arrain buztanarena egiten du… nahiko polita da. Balleta nahi zuten, baina orain beldurrak jota daude, akziodunak kexu agertu direlako dirua kostatzen duelako –beharbada akzioak urtu egiten zaizkie–, eta beraz, pertsona garrantzitsuentzat soilik jartzen dute martxan. Uste dut tamalez ez dudala berriro ikusiko.

 

Behin bete-betean funtzionamenduan ikusi nuen eta nolabaiteko hauskorra zuela iruditu zitzaidan bere tamainarako, eta Lincoln Center-eko zorrotadek ez duten handitasuna zutela.

Segur aski ez dute presio nahikoa.

 

Noiz hasi zinen egitura metaliko handiekin?

Eliot Noyes-ek eskatu zidanean berriro egin nezala lehenago Pierre Matisse-ren galeriaren erakusketa baterako nik egindako objektu bat –The Black Beast [Piztia beltza]–, baina lodiera handiagoko metal bat erabiliz. Hori baino lehenago, Kennedy aireportuko obra egin nuen, gainera eroriz gero idi bat zapaltzeko bestekoa. Azken honetaz beranduago hitz egingo dizut. Parisko UNESCOrako eginda nuen pieza bat 1958an, eta tamaina nabarmenekoa zen, eta ondorioz kemena eta baliabideak nituen (bi mila dolar) hazbete laurdeneko [0,63 cm] burdinazko xaflen bidez eskala handiagoko gauzak egiteko. Horrenbestez, Perls Galleriesen stabiles nahiko handien erakusketa bat egitea erabaki nuen 1958ko neguan. Hiru saldu genituen, eta 1959ko neguan Parisera eraman nuen erakusketaren gainontzekoa beste objektu batzuekin batera: Maeght galerian egindako erakusketa baterako jada eraikitako hamar bat stabiles handi. Maeght andreak esan zidan: “Benetan burua hautsi egingo zenuen gauza horiek sortzeko”. Hala ere, erakusketa inauguratu aurreko gauean telefonoz esan zidan erakusketa guztia salduta zegoela. Lehenengo aldiz gertatzen zitzaidan hori. Orduan nire “garaipen” hori errepikatu nahi nuen, eta oraingoan buruan Louvreko barne-patio hartan jar zitekeen zerbait nuen…, badakizu zeini buruz ari naizen.

 

Lau aldeetatik itxita dagoena?

Bai, baina Frantziako Gobernuari ez zitzaion interesatu. Ezin zutela hori egin esan zuten, lore-sailei kalte egingo zielako.

 

Interesatuko zaie, ez izan beldurrik. Emaiezu denbora. Burokratek berandu erreakzionatzen dute beti.

Gehiegi luzatzen ari da. Tira, nolanahi ere, Maeght bere galeria berriro apaintzekotan zegoen, eta sabaia jaitsi ere, kalitate goreneko argiztapen-sistema berri bat sartzeko. Nik esan nuen: “Kaka, ez da modurik izango”. Objektu handiak erakusgai jartzeko galeriaren altuera guztia behar nuen, eta horiek egiteko, Waterburykoa bezalako lantegi bat. Nire suhi Jean Davidson eta biok burdina lantzeko galda aurkitu berria genuen Toursen, Frantziako handiena, eta stabiles handi batzuk ea egin ahal zizkiguten galdetzera joan ginen. Tweed jaka zeraman tipo batek ezetz esan zuen, baina atseginez Biémont galdategiaren izena eman zigun. Tours inguruan zegoen. 1962ko udazken hasieran zortzi maketa eraman nizkien eta Estatu Batuetara alde egin nuen. Frantziara itzultzerako, denak eginda zituzten, zortzi piezak. Han zeuden! Handienak sei metro eta erdiko neurria zuen. Atsegingarriak ziren. Ematen zituzten aukerak ikusten hasi nintzen.

 

Hitz egidazu Biémont burdin-galdategiaz. Zenbat gizon zituzten bertan soldatapean?

Lantokian hirurogei eta laurogei bitartean lan egiten zuten, baina hiruzpalauk soilik pieza bakoitzean.

 

Batzuk espezialista bihurtu al dira eta beraz zure gauzak egitean hobetu?

Bai, baina orain denak “arte-kritikari” bihurtu dira.

 

Baina nik uste nuen oso erabilgarria izango zela orain maketa sortu ahal izatea jakinik gero piezaren indarrari kalte egin gabe handitu zitekeela.

Bai, orain ia ideala da. Hala ere, gustuko dut beti denan eskua sartzea.

 

Horretaz ari garela, hitz egidazu handitze-prozesuaz.

Maketa txiki bat egiten nuen, gero paperean ebakitzen nituen tamaina naturaleko piezak. Gero, horiek irudikatzeaz arduratutako Waterburyko errementariek, hain trebeak izanik, txantiloiak egiten zituzten euren kabuz. Waterburyn bertan egin zitezkeen. Toursen ezagutu nuen pertsonak bulego mekaniko oso bat zuen. Kalkulu zehatzak egiten dituzte. Gai dira aldez aurretik esateko heltzeko uztaia non jarri behar den, baita zein zulo erabili behar den xafla jasotzeko eta jasota dauden xafletako zuloekin lerrokatzeko.

 

Zer diostazu ertzen tratamenduaz? Izan ere, inpresioa dut indarra eta edertasuna galdu ahal direla horietan. Zenbateraino duzu zuk zerikusia behin betiko ingeradekin?

Frantzian oso onak dira... oso arduratsuak. Piezetako bakoitzari behin begiratzen diet denbora batez. Batzuetan eskuak altxa eta esaten dut: “Kaka!”. Gero ordea akatsak leuntzen dituzte. Batzuetan, amaierako silueta oso ezberdina da. Beharbada aldaera txiki bat edukitzeko berezko joera dute.

 

Beti harritu izan nau zure estudioek handitzearen bideari eusten diotela batere bizitasunik galdu gabe. Benetan, arretaz sortutako nerbioek sarritan indartu egiten dute beharrezko indarra. Hitz egidazu errefortzuen bilakaeraz.

Aldi bakoitzean zer edo zer berria probatzen dut. Hiru metroko modeloa kulunka dezakezu eta zer gertatzen den ikusi, dardarak norantz gertatzen diren ikusi, eta gero, bertan errefortzu bat jarri. Xafla batek ahula ematen badu, nerbio bat jartzen diot, eta bi xaflen arteko konexioa zurruna ez bada, burdinazko angelu bat jartzen dut euren artean –pieza triangeluarra da– eta bi azaleretara lotzen dut. Xaflen osaketa-lana aldatu egiten da batetik bestera; errefortzua, egin ahala inprobisatzen duzu, objektu bakoitzaren formaren arabera.

 

Horrek argitu egiten du nerbioek euren itzalekin batera berezko estetika bat lortu izana, eta estetika propio hori teknikaren sendotasunarekin batera gozatua izateko hor dagoela.

Behin Atlantikoa zeharkatu nuen Bremen itsasontzian. Bada, holtz guztiek “baarup, baaru, baarup, baaru” egiten zuten. Horixe da gertatu behar ez dena.

 

Bide batez, Sandy, imajina ezazu Maillolen figura eder bat berrogei [12,19 m] edo berrogeita hamar oinera [15,24 m] handitzen duzula…Linfa txoko guztietatik irtengo litzateke.

Linfa ninfatik irteten da!

 

Baina zure sei hazbeteko [15,24 cm] kontzeptua hain osatua da, Le Corbusiere-ren eraikin bat bezala altxa daitekeela, soilik bikaintasunean irabaziz eskala handitu eta sendoagoa egin ahala.

Eskultore handi honen giltzetako bat, bere ama zein aita artistak izatea da, aitona bezalaxe, –eta onak gainera–, eta bera, moldatu gabeko pertsona bihurria, ingeniari bihurtu zen, eta gero, berak dioenez, bere senera itzuli zen artista eta ingeniari biak batera izateko. Zorioneko bateratze hori, konbinazio xelebre hori da azken aldietako Calderren obraren edertasunaren eta itzelezko bizitasunaren sortzailea. Batek orain horretan pentsatzen duenean, burura gehien datorren hitza miragarria da. Segur aski Calderrek izarretara iristea lortuko du laguntzarik gabe, ez dago zalantzarik, berberak asmatutako edozein zirku tramankuluk bultzatuta, espazioaren alde batetik bestera jaurtiko duena, espazioa baita ondo ezagutzen duen elementu naturala.

 

Nolatan egin zenuen objektu hau [stabile]?

Bunshaft-entzat egiteko enkargua nuen. Frankfurten, Amerika Hausen zuzendaria ezagutu nuen, eta berak, Fries deitutako zubi eraikitzaile bat aurkeztu zidan. Objektua bi egunetan egin zidaten; dena prest zegoen soldatzeko, baina Kontsulatua antza denez ez zegoen onartzeko prest. Beraz, Bonneko enbaxadoreari deitu nion, Conant-i, eta esan nion muntatu nahi nuela, eta gauzak aldatzen hasi ziren orduan. Itsas armadako sarjentu bat lortu behar izan genuen trabatutako ate bat irekitzeko, soldatzeko makinarako behar genituen 368... edo 386... voltak lortu nahi genituen eta. Gero, Kontsulatuaren patioan soldatu egin genuen. Ordudanik kanpora bidali izan da erakusketaren baterako, eta ateratzeko teilatu gainetik jaso behar izan dute. Orain fatxadaren aurrean dagoen belardian jarrita dago.

[Mugikor] honi esker, 1958an Carnegie International [Exhibition of Contemporary Painting and Sculpture, lehenengo saria] irabazi nuen. Mugikorra eskailera-kaxa itsusi batean gorde behar izan genuen. Nire objektuak hogeita zazpi oineko altuera zuen [8,23 m] eta zabalera bera, eta Chippy Ieronimo eta biok Waterburyko galdategian muntatu genuen, leihoko kontrapisuak erabiliz beheko lehenengo hiru barrak irudikatzeko, orekatuta eta erabat bertikala egon zedin. Izan ere, 135 libera irudikatu behar izan zituzten. Leihoko kontrapisu bakoitzaren zenbakiak irakurtzen genituen eta gero esekitzen genuen. Ez nuen azken emaitza zeharo muntatuta ikusi geroago Pittsburgera aireportuan instalatzeko joan ginen arte. Mugikorra David Thompsonek erosi zion Carnegie Internationali eta aireportuari eman zion dohaintza moduan.

Aireportura muntatzera joan ginenean, era guztietako kazetariak zeuden honi, horri eta besteari buruz guri galdezka. Ni objektuaren instalatze-lanetan kontzentratzen saiatzen nintzen. Pertsona horietako batek galdetu zidan: “Zenbat denbora eman duzu hau egiteko?” Nik esan nion: “Bizpahiru hilabete”. Gero, birritan pentsatu nuen eta atzera bueltatu nintzaion bera zegoen tokiraino eta esan nion: “Aizu!, hogeita hamar urte eman ditut”. Kirten horiek begira geratu zitzaizkidan eta gero joan egin ziren.

Thompsonek Carnegieri [Institute] erosi zionean, mugikorrak hegal zuriak eta barra beltzak zituen. Aireportuko arduradunek aldiz konderriko koloreak edukitzea nahi zuten, eta beraz, hori eta berdez pintatu zuten.

 

Konderrikoak?

Bai, konderrikoak. Aditzera eman nien berriro pintatzeko eta esan nien: “pintatu gorriz”. Nire koloreko lau lata txiki bidali nizkien, baina ikusten denez haiek diluitu egin zuten, orain arrosa delako.

 

Hara! Artistaren esperimentuak “haien esperimentuekin” aurrez aurre!

Badago istorio txiki bat [mugikor] honen inguruan. Knight-ek egin zuen Watertownen (Connecticut). Bazuen gazte eskoziar bat harentzako lanean. Nik mugikorrak minutuko bi jira ematea nahi nuen eta The Whirling Ear deitu nuen [Belarri zurrunbilotsua]. Orduan eskoziarrari galdetu nion minutuko jira bat egitera ea murriztu zezakeen abiadura. Berak erantzun zidan: “Orduan ezingo duzu jada The Whirling Ear deitu”. Hogei oin inguru zituen altueraz [6,09 m] eta hamabi hazbeteko maketa baten arabera eginda zegoen [30,48 cm]. Goiko zatia aluminiozkoa zuen, behekoa aldiz burdinazkoa. Osotasuna beltzez pintatua zegoen, eta motorra barnean zeukan.

 

Nondik dator izen hori [Back From Rio]? Zirraragarria da!

Hamabost oineko neurria altueraz [4,57 m]. 1959an sei edo zortzi pieza eraman nituen Riora [de Janeiro]. Erosi egin behar zizkidaten, baina gero, antza denez dirurik gabe geratu ziren. Beraz, bueltan ekarri behar izan nituen. Ez..., dena dela, bik han diraute. Lota de Macedo Soares-ek erosi zituen, emakume zoragarria, eta diseinatzen ari zen Rioko parke handian instalatu zituen. Beste pieza hau, berriz, handik itzuli zenean, Rioko eguzkiak kolorea jan eta guztiz arrosa etorri zen. Swarthmore-k erosi zuen oroigarritzat, eta atseginez esan dezaket berriro pintatu dutela.

 

Zer pentsatzen duzu Kennedyko [aireportuko] mugikorren eta stabiles handien arteko erlazioaz?

Jendeak uste du monumentuak lurretik sortu behar direla, ez sabaitik, baina mugikorrak monumetalak ere izan daitezke. Bunshaft-ek Kennedy aireportu barruko espazioaren maketa bat zuen. Eskalako hiru modelo egin nituen, hamazazpi hazbeteko zabalerakoak. Erosi zutena ordea berrogeita bost oineko zabaleraraino handitu behar izan zen [13,72 m]. Chippy Ieronimok egin zuen bertsio handia Waterburyko galdategian.

 

Egon al zen arazo estrukturalik?

Ez, bere arazoak besterik ez.

 

Zer esan nahi duzu?

Bazegoen altzairu herdoilgaitzezko kable bat diametroz hazbeteko hiru laurdenekoa [1,9 cm] lehenengo arkuan, tokian bertan enpalmatu behar zena. Tipo horri plaka beltz handien gainean hainbesteko izerdia erortzen zitzaionez, uste nuen han goian zintzilik tea hartzen jardun zuela. Zoritxarrez, jasotzeko indar oso handia erabili zutenez, barretako bat okertu egin zuten. Ondorioz, astelehenean bertara igo behar izan ginen eta eusteko pieza triangeluar lau bat jarri.

Bi urteren ostean Gabonetan behera jaitsi egin zuten, paperezko gabon-kanpai bat bertan esekitzeko. Mugikorra berriro eseki zutenean ordea, ez zuten behar bezala jarri, eta beraz, deitu egin ninduten argibide eta agindu egokiak eman nitzan. Ikasi dute lezioa; hemendik aurrera ez dute paperezko kanpai gehiagorik jarriko..., espero dut.

[Mugikor] hau oso polita zen. Bi maketa egin nituen eta Breuer-ek horietako bat aukeratu zuen. Jira egiten duen guztia Waterburyn egin nuen (Connecticut). Oso estu geunden han… ez genuen espazio nahikorik. Angeluak lortzeko, Carmen Segre-k [Waterburyko galdategiaren jabea] egiaztatu nahi izan zuen funtzionatuko zuela. Horrenbestez, garabi bat instalatu genuen eta goitik eutsi genion mugikorrari. Funtzionatu zuen. Bertan pintatu genuen, eta azken ukituak edo urradurak konpontzeko Japalac pintura bidali genuen kutxa txiki batean S formako kakoekin batera. Hainbat hilabete geroago, Parisen, ezin zituzten kakoak aurkitu, ezta Japalac pintura ere. Pintoreren batek gustukoa izan zuen Noguchi-k bere lorategian egin zuena eta Japalac pintura guztia, koitadua ni!, arroken lorategi japoniarrean erabili zuen.

 

Zein izan zen benetan lehenengo itzelezko stabilea? Spoletokoa?

Bai, Giovanni Carendente, Erromako Arte Moderno Museoko zuzendariordea, 1962an Spoletoko aire zabaleko eskultura [erakusketa] antolatu zuen. Ordurako nik erakusketa bat eduki nuen L’Obelisco galerian 1956an. Orduan ezagutu nuen bera. Roxburyra idatzi zidan erakusketan parte hartzeko eskatuz. Bazegoen objektu bat eskala hain handirako egokia zena. Hiriaren sarrerako bidegurutzearen gainean arku bat osatu behar nuenez, maketa urkilan altuagoa egin nuen, hogeita hamar hazbete luzeraz [76,2 cm] eta beste hogeita hamar altueran. Italsider, Genoako itsasontzien eraikitze-konpainiak fabrikatu zuen gauza. Atoidun kamioi batean jarri zuten Spoletora eramateko. Bi garabi erabiliz, bat eusteko eta bestea soldagailurako, itsasontziak eraikitzen dituzten era berean altxa zuten. Zoritxarrez, nik ez nuen eragiketa ikusi. Carendentek esan zuenez, errefortzuak behar izan zituzten; Sweeneyk postal bat idatzi zidan: “Etorri laster, arriskua dago”. Jean eta biok hiru egun eman genituen Carendenterekin telefonoz hitz egin nahian; azkenean Erromara joan nintzen hegazkinez, Spoletorako trena hartu…eta bertan zegoen, eta dago, geltokiaren aurrez aurre. Oso ondo pasa nuen Carendenterekin, eta aditzera eman nion erlaitz batzuk jar zitezkeela sendoago eusteko. Hori egin genuen eta bertan dirau oraindik.

 

Dibertigarria izan al zen gauza horren handia egitea?

Bai. Jendeak esanahi falikoa ematen jarraitzen dio. Ni ez nintzen ohartu horrelako influentziaz, baina beharbada horrek eman zion bere indar fin hori.

Bide batez, stabilearen izenak [Teodelapio] Spoletoko dukeari egiten dio erreferentzia.

Spoletokoa eta gero, pieza handi bat edo beste erakutsi nuen Amsterdamen eta Stockholmen ere beste eskultore batzuekin batera.

[Pieza gero eta itzelagoak egiteko bilakaeraren prozesua orduan hasi zen; garapen batek bestera zeraman. Pieza handiena ikustean, Calderrek beste batzuk egiteko inspirazioa eduki zuen, gauzak beste eskala batean egiten ahalegintzekoa. Spoletoko piezak arrakasta izan zuen errefortzu hobea jartzeko beharra zeukan arren. Ordudanik, beharrizan hori oso kontuan hartu zuen Calderrek eta nerbioak arreta handiz planeatzen zituen.]

 

Hitz egidazu Stockholmeko Four Elementsi buruz [Lau Elementu].

Ba begira, hogeita hamar oin ditu altueran [9,14 m].

 

Zerk egiten dio jiraka aritzea?

Zati bakoitzak motor ezberdin bat dauka; motor elektriko bat eskulturaren oinarrian dago sartuta.

 

Zein urtetan egin zenuen? Era zoragarrian berria eta biziz betea ikusten dut.

1939ko Erakusketa Unibertsalerako egin nituen bi maketa nituen, hogeita hamar hazbetekoak altueraz [76,2 cm], eta inork ez zituen begiratu ere egin. Moderna Museet-eko zuzendaria, Hultén, etorri zenean, erakutsi egin nizkion eta horietako bat gustukoa izan zuen. Izan ere, maketa eman nion eta hori izan zen dena, bera arduratu zen gainontzekoaz.

 

Laguntza handia da era horretan lan egin ahal izatea. Ezin hobea izango litzateke hemendik aurrera gauzak horrela gertatzea. Zuk maketak egiten dituzu eta gaitasun altuko teknikariei eraman eurek handitu ditzaten.

Le Guichet [Leihatila], egon bazeuden pieza multzo batetik hautatu edo espazio hartarako egin al zenuen? Nahiz eta Moore-ren pieza urerako eginda dirudien, bera kexu da, arrazoi guztiarekin gainera, ez ziotelako eman agindu zidaten ur guztia”.

Nire pieza hautatua izan zen, ez nuen egokierarako egin. Txikiegia da toki horretarako. Hala ere, usoek nahiago dute Henry Moore ni baino gehiago.

Hori egin nuen [Triangles and Arches (Triangeluak eta arkuak)] Parisko Musée d’Art Moderneko 1965eko erakusketarako aurkezteko. Azkenean Albany Hall berrira joan zen, eta eraikin berriaren aurrean dago zutik. Hori egiten nuen bitartean Têtes et Queue ere fabrikatu nuen [Buruak eta isatsa]. Werner Haftmann-ek Parisen ikusi zuen eta eskatu egin zuen. Wietzhold Berlinetik etorri zen ikustera, eta gero, Springer Publications-etik etorritako diruari esker, Berlineko arte modernoko Mies museo berriaren ondoan instalatu zuten. Museoa amaitu zuten arte, Springerrek behin-behinean Berlingo Harresiaren kontra instalatu zuen.

 

Zer gertatu zen instalazio horrekin [Peace (Bakea)]?

Antza denez, Goldberg andrearen oso begikoa gertatu nintzen aspaldi nire obra Chicagoko erakusketa batean ikusi zuenean. Beti miretsi izan ninduen arrazoi horrengatik, eta horrenbestez, Nazio Batuetarako zerbait egiteko eskatu zidan. Nik bakearen aldeko zer edo zer egin nahi nuen. Gau batez, trenez etxera nentorrela, stabile hau ikusi nuen Waterburyko Carmenen lantegiaren kanpoaldean argiak bete-betean ematen ziola, eta erabaki nuen NBErako aproposa izango zela; beraz, haiei eman nien.

Oso enkargu polita izan zen [Two Views of Crossed Blades (Hortz gurutzatuen bi ikuspegi)]. Harry Seidler, Harvarden prestatutako arkitektoa, Roxburyra idatzi zidan behin. Ni Sachén nengoen; azkenean eskutitza Sachéra iritsi zen. Roxburyra irtetear geundela, bera agertu zen Sachén. Jean Davidson-ek bazkaltzera eraman zuen eta australiarrek nahi zutena jakin zuen. Seidlerek esan zuen: “Nervi-k diseinatutako dorre altu bat dute [Australia Square Tower] eta Calderren pieza bat behar dute”. Beti pentsatu izan dut Nervi tipo zoragarria zela, eta beraz, lagundu nahi nuen eta zerbait prestatu nuen.

Itsasontziz garraiatu nuen, baina Hornoseko Lurmuturra inguratu behar izan zuen, Suezeko Kanala une horietan zerbitzutik kanpo zegoelako. Seidlerrek nahi zuen ni instalatzera joatea... eta esan nion benetan ezin nuela. Pentsatu nuen ziurrenik berak muntatu ahal zuela. Eta hala egin zuen, noski.

 

Honek [La Grande Voile (Bela handia)] benetan harritu egin ninduen ikusi nuenean. Batek Voile-ra begiratzen zuenean, elementuen multzo berri oso batek, batez ere ertz gurutzatuek, osotasunean elementu berria sartu zutela zirudien. Gainera, nerbioek (errefortzua) markatuagoak ematen zuten eta itzal trinkoagoak proiektatzen zituzten, eta nabarmenkeria guztiaz, euren estetika nagusitzen hasten ziren.

Jakina, hau ere eguzkiarekin aldatzen da. Utzidazu istorio labur bat kontatzen. Egin nuen lehenengo maketa ez zitzaidan gustatu. Orduan beste bat egin nuen, eta haiek gustukoa izan zuten; horrenbestez, eskala zehatz-mehatz handitu genuen, zortzi oineko altuerara [2,44 m]. Era horretan, azken piezara pasa ginen, berrogei oinekoa altuera zuena [12,2 m]. Frantzian egin genuen. Harrezkero, 1:5 eskalako modelo bat egiten dugu beti, xaflen gainjarpena eta zuloak egiteko modua aztertzeko.

[The Spinnerek (Zentrifugagailua)] sei metroko altuera du eta goian jiraka dabiltzan bizpahiru diskoko mugikor bat. Haizea biltzeko disko okertuak dira, eta iruditzen zait disko bertikalek baino askoz azkarrago jiratuko dutela. Erdiko zatiak bolazko kojineteak ditu goian eta hondoan, abiadura handitzeko.

Nik The Three Disks deitu nuen [Hiru diskoak]; haiek aldiz Man deitu zuten [Gizona]. Tratatu gabe nahi zuten, guztiz ulergarria, azken finean dirua Nickel Companyk ematen zuen, eta beraz, nikelaren itxura eduki zezala nahi zuten. Ia urtebete eman behar izan nuen egiteko, altzairu herdoilgaitza mozteko makina berriak instalatu baitzituzten. Kanadatik ekarri zuten berau egiteko metal guztia, eta materialaren zati handi bat Frantziara bidali zen, emandako jarraibideekin oso bat ez zetorren arren. Haren zati bat murriztu eta arteztu egin behar izan zen. Horretarako denbora gehiago erabili zen eta diru gehiago behar ere.

Ordurako, Expoa gero eta hurbilago zegoen. Gauzak arinago egin behar izan genituen, eta amaitu egin genuen. Bazkari handia egin zen eta zegozkion agurrerako ospakizunak egin ziren Frantzian. Azkenean hamabi kaxatan sartu zen, eta horiek aldi berean, hamabi edukiontzitan, eta Anberesetik itsasontzi errusiar batean atera zituzten, eta gu Montrealera iristean, muntatzera zihoazen langile guztiak azal gorriak ziren, amerikar indioak. Ez ziren altueren beldur eta batere segurtasun uhalik gabe lan egiten zuten airean. Biémonten beti daramatzate segurtasun uhalak pieza handiak muntatzen dituztenean. Bi gizon ekarri nituen Biémontetik eta eurek indiarrei lagundu zieten: luzera egokiko bernoak ematen zizkieten.

Errefortzuarekin arazo batzuk izan genituen. Piezak bertan moztu behar izan genituen, baina hori egin zuten langileak zabarrak ziren. Metal zerrendak moztu zituzten eta se gondolèrent [kopatu egin zituzten]. Denak limatu eta arteztu behar izan zituzten. Hala ere, azkenean muntatu egin genuen.

Eskatu zidaten 1968ko hurrengo neguko joko olinpikoetarako zer edo zer egiteko. Beraz, objektu bat egin nuen hiru triangelu zimurtsurekin, bakoitzak aldamenekoa bere erpinarekin zulatzen zuela [Les Trois Pics (Hiru tontorrak)]. M. Gilmont tailerrera begiratu bat ematera etor zedin lortu genuen. Objektua etzanda zegoen altuegia zelako tailerraren barruan zutik jartzeko. Onartu egin zuen eta Grenobleko geltokiaren aurrean jarri genuen.

Han, jendeak oso gustukoa ez zuen eskultura-multzo bat zegoen; hiriak hortan dirua gastatu behar ez zuela esaten zuten. Orain ordea oso harro daude hartaz. Kazetari batek idatzi zidan: “Hain gustukoa dugu, nahi izango genuela handiago egin izan bazenu”.

 

Izenak zer esan nahi du [Monsieur Loyal]?

Horrela deitzen da olgetarako parke biren artean dagoelako, bidezidor bat eta jolas-zelai eta eskola xehe baten artean. Frantzian zirku bateko zeremonia aurkezlearen izena Monsieur Loyal da; beraz horrela deitzen diogu bi eremuen arduraduna delako. Kolore beltzekoa da. Bederatzi metroko altuera du, hogeita zortzi oin inguru alegia.

Nik piezaren gainetik eta aurretik ur-zorrotadak nahi nituen, urmaelera konektatutako suteetarako mangerak erabiliz, haiek ordea esan zidaten: “Ez, mundu guztia bustiko litzateke”.

Izenburua [Gwenfritz] Gwendolyn Cafritz-gandik datorkio, berak eman baitzuen dohaintzan pieza museorako.

 

Non dago orain Cinq Ailes [Bost hegal]?

Aldi baterako, Maison de la Culture de Bourges aurrean egon zen. Orain aldiz Sachéko nire estudioaren aurrean dago.

 

Argi eta garbi dut gogoan, eta semeek ere esaten didate haiek gogoan dutela Sachén, tontor zabal hartan. Itzelezko plaketako bakoitzaren kurbadura finak, ia petalo bat bezalakoak, bultzatu gintuen geure buruari galdetzera nola egingo ote zuen Tourseko jendeak. Bi oineko modelo batean [0,6 m] batek imajina zezakeen hori posible zela, baina kalitate goreneko itzelezko altzairuzko xafla horietan, bat harritu egiten da pieza bakoitzaren leuntasunagatik.

Arrabol luzeak dituzte, eta horien artean xaflen kurbadura zehaztasun handiz doi dezakete. Maketa zorrozki aztertu zenean, nola egin imajinatu ahal izan zuten.

 

Azken honi [Eguzki Gorria] aparta deritzot…, argitasunerantz eta itzeltasunerantz emandako beste pauso bat. Haien kulturaren eta zure barrunbearen arteko gurutzaketa mendeliano perfektua dirudi.

Bai, atsegin dut.

 

Orain, [stabile] berri bakoitzak destilatuagoa ematen du, bitartekoei dagokienez sinpleagoa eta beraz hunkigarriagoa. Zein neurri dauka honek? Itzelezkoa dirudi.

Laurogei oin [24,38 m].

 

Aldiz haizearen kontrako errefortzu-sistema eta grabitatea oso diskretua dirudi.

Bai, eta beste alboan errefortzu berezi dezente dauzka. Beldur ziren urakanek ez ote zuten botako, baina badirudi aurre egiten diela.

 

Gustukoa dut kolorearen ekonomia erabatekoa..., itzelezko belztasun hori eta disko gorrixka.

Nik ere bai.

Mexikora iritsi nintzenean nahi nuenaren maketa bat bidalia nien aurretik, altueran hiru oinekoa [0,91 m], eta aditzera eman nien altueran bederatzi edo hamar oinekoa egin zezatela nahi nuela [2,74 edo 3,05 m]. Tarteko modelo bat egin zuten eta dena batera soldatu zuten. Iritsi nintzenean galdetu zidaten: “Eta orain non jarriko ditugu zuloak?”.

Zulatu egin behar zituzten eta gero bernoen bidez heldu. Ez du axolarik, gustukoa dut daukan itxura.

 

Pintura eta eskulturaren arteko marra bereizlea gero eta libreagoa egiten ari da, baina oro har, pieza hauetan ekonomia handiarekin erabiltzen duzu: Mexiko Hiriko hondo beltzaren kontra jarritako disko gorri hura, Tom Whitney-k erosi zuen hogeita hamar oineko dragoi haren laranja. Pieza oso gutxi daude hiruzpalau kolorekoak, orain aurrera atera nahi dituzun gouache gozagarrietan ez bezala. Zein garrantzi uste duzu duela koloreak eskulturan?

Hondo batzuen gainean, bai..., beharbada balio du. Adibidez, Grand Rapids berri bat gorria izango da, pieza hori kristal beltzeko eraikin baten aurrean instalatuko delako. Benetan arrosa izango da gehiago gorrixka baino; mugurdiko berrogei oin izango dira [12,19 m]. Hala ere, bestetan nahikoa izango da beltz puru bat, sinplea, ondo egin baldin badut. Behin batean, Hilla Rebay etorri zitzaidan eskatzeko mugikor bat egin nezala Guggenheim erdian jartzeko. Esan nion kolore beltzeko mugikor handi bat egingo nuela. Berak esan zidan: “Wright jaunak aldiz urrezkoa egitea nahi du”. Nire erantzuna: “Ados, urrezkoa egingo dut, baina beltzez pintatu”.

Osborn, Robert, “Calder’s International Monuments”, Art in America 57, 2. zk. (1969ko martxoa-apirila), 32-49. or.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]