Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Calder nola ezagutu nuen

Gabrielle Buffet-Picabia

Izenburua:
Calder nola ezagutu nuen
Egilea:
Gabrielle Buffet-Picabia
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Mugimendua | Tamaina
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Aspaldi: 1932an.

Madame Cuttoli-k arte modernoko galeria bat zuzentzen zuen garai hartan rue Vignon-en. Behin batean, inguruan nenbilela erakusgai zeukana ikusteko sartzea erabaki nuen: eskultore estatubatuar bat zen, Alexander Calder. Nik ez nuen gizon hori ezagutzen eta orduan ez nekien pertsonaia nabarmena zela arteen abangoardian. Eskultorea. Non zeuden ordea eskulturak?

Kaxak besterik ez nituen ikusten..., hamabost bat beharbada..., mahai baten gainean lerrokatuak alanbrezko, listarizko, edo egurrezko konstrukzio berezien euskarri lana egiten, denak betiere elkarrengandik ezberdin. Ezohiko beste objektu batzuk ere mugitu egiten ziren, jiraka, gora edo behera zebiltzan hari batzuetan zehar, motor ikusezin batzuek bultzatuta, arabesko ezegonkorrak osatuz, eta batek ez zekien jolas bat ote zen, dantza bat ote zen edo ikerketa plastiko bat. Bolak ziren, diskoak, egurrezko zatiak, espiralak. Objektu bakoitzak norabide berezi bat, ondo definitutakoa, jarraitzen zuen zirkuitu ezin hobe baten barruan..., abiapuntura itzuli eta berriro abiatzen zen. Gogoan dut batez ere tamaina diferenteko bola bi, bata beltza eta bestea zuria; alanbrezko mordoiloaren barruan abiaduran lehiatzen zirela ematen zuen. Itxuraz mordoiloa zeharkaezina zen; bolen ibilbidea burutu ahal izateko bereziki sortua zegoen ordea. Asmaketa horiek, irudimen artistiko eta mekaniko batetik sortuak, ez zuten inongo teknikarekin erlaziorik, eta jakin-mina biziki zirikatzen zuten, baita iniziatuarena ere, formula berrien zalearena ere.

Hainbeste liluratu ninduten, aurkikuntzaren deskribapen zehatza egin nuela etxera iritsi eta berehala. Bertan, garai hartako problema plastikoen interpretazio zeharo berri horrek pizten zituen galdera eta gogoetak biltzen nituen. Urte asko pasa dira ordudanik, baina azkenaldian, ezkontzako oparitzat nire mahai bat (40 urte lehenago) eman nien lagun on batzuen ohartarazpena jaso nuen. Inoiz aztertu gabeko tiradera batean niri zegozkidan paperez betetako karpeta bat aurkitu berri zuten, eta horien artean eskuz idatzitako Picabia-ren hainbat poema eta Calderren eskutitz bi, 1932koak –zigiluak ziurtatzen du hori–. Horietatik, gure aspaldiko adiskidetasunaren berrespena ekarri zuten hitz batzuk aipatuko ditut: “Arp-ek esan dit artikulu oso on bat idatzi duzula niri buruz…Gustura irakurriko nuke”. Artikulu horren meritu handiena berau idaztera bultzatu ninduen interes zintzoa zen batez ere, eta Transitionen azaldu zen, dagoeneko existitzen ez den aldizkari estatubatuarra.

1932an Calder dezente ezagunagoa zen bere Zirkuarengatik bere mugikorrengatik baino (izena orduan ez zen existitzen), eta gaur egungo bere miresle askok ez dute mugikor motordunen garaia ezagutzen.

Dena dela, hori izan zen bere aparteko bilakaeraren abiapuntua, etapaz etapa mugikor handietatik –haizearen eta zorioaren gogara utzitakoak–, munduko herrialde guztiek ale bat duten mugikor horietatik, forma izugarriak eta oinarrizko indarrak gogorarazten dituzten stabiles erraldoietara bideratu duena.

Sachén (bertatik ari naiz idazten), sortu dituen azken munstro beltzak naturaren erdian daude kokatuak, Calderren tailerraren aurrean (azken hau euren eskalara eraikia baitago), eta bertan, izarren kataklismo batetik irten berriak bezala, paradoxikoki mundu urrun batetik Touraineko paisaia atseginera botatakoak dirudite.

Buffet-Picabia, Gabrielle, “Calder”, erak. kat. Fondation Maeght, Paris, 1969ko apirilaren 2a-maiatzaren 31, 41-42. or.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]