Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Sandy Calder, ilargiko errementaria

Gabrielle Buffet-Picabia

Izenburua:
Sandy Calder, ilargiko errementaria
Egilea:
Gabrielle Buffet-Picabia
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta teknologia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Mugimendua | Ingurunea eta natura | AEB | Paris
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Futurismoa
Artelan motak:
Artisautza | Eskultura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Eiffel Dorrearen apustu madarikatutik Calder Haizearen Eskultore, Ilargiko Errementarira arte zenbat bide urratu den!

Atlantikoaz bestaldetik dakarkigun obra, arte plastikoek oraindik orain hartutako jarreraren froga peto-petoa da; froga are zehatzagoa da ez dirudielako Calderrek bere arbasoen belaunaldia hainbeste larritu zuen objektuen eta subjektuen “suntsipenari” buruzko larritasunak eta zalantzak inoiz ezagutu dituenik, ezta gaur egun oraindik batzuentzat modakoak diren abstraktu eta konkretuari buruzko eztabaida apur bat inozoak. Azken etapatik, bere konkistei sendo eutsi dien belaunaldi baten segurtasunarekin irten da. “Alde” espiritual horri gehitu behar zaizkio bere jatorri yankeeak emandako berezko ezaugarri batzuk, eta gertakizun berritzat nabarmendu behar da ere bai bete-betean erabili dituela ezaugarriok, inolaz ere baztertu gabe, baina era berean gaurdaino Estatu Batuetako artisten gustuan gailen izan den prestakuntza klasikoa, zurruna eta agortua saihestu duela, horrek ito baititu bertako orijinaltasun ahaleginak. Are adierazgarriagoa da jakitea bere aita eta ama artista ofizialak izan zirela, ospetsuak euren tokiko ingurunean. Bera, batez ere euren sorterriari buruzko literatur lanengatik ezaguna zaigun intelektual estatubatuarren belaunaldi berriko kide da, Europako molderako oso arrotzak diren aiurriak erakutsiz, zalantzarik gabe etorkizunagatik eta zientziaren ezagutzaren ekarpenen aldeko apustua egiten dutenak. Horrek, hala ere, ez du eragozten arbaso aitzindarien oroitzapen estalia eta natura garbiarekin izandako kontaktu eta eztabaidak.

[Calderrek] aparteko trebetasuna dauka batez ere eskuekin. Hunkigarria da ikustea bere esku ahaltsuak, benetako elefante oinak bezalakoak, mekaniko pintza batez (hori baita bere tresna maiteena) alanbre mehea bihurritzen edo birrintzen duten modua, siluetak edo harribitxiak, objektu erabilgarri edo irudimenezkoak sortzeko. Guztiek ere bere estiloaren zigilu berezia daramate.

1932an Parisen bizi zen etxea ezagutu nuen, rue de la Colonie-n, eta sarritan gozatu nuen eguneroko eta etxeko bizimoduari egin zizkion hobekuntzak aurkitzean. Eskailera-begian hari batzuk zeuden sabaitik zintzilik lurreraino, azken solairuko atea enbarazurik gabe zabaltzea ahalbidetuz, edo posta igotzea. Sukaldea eta bainu-gela bere trukaje burutsuetarako hautatutako tokiak ziren. Bainu-gelan bandera gorri txiki batek, era misteriotsuan agertzen zena, ohartarazten zuen ur-berogailuaren pilotua, era traketsean jarritakoa, piztua zegoela. Tiraderak eta txorrotak alanbrezko edo kobrezko arabeskoekin apainduta zeuden, erraz erabiltzeko tresnak, eta aldi berean exijentzia plastiko inkontziente baten eramaileak.

Hala ere, 1926an dagoeneko Calder Europan zegoen. Hor hasi zen bere abentura handia. […] Parisen mugatua sentitzen zen, aire beharra zuen, ez zen zirkulu artistikoekin nahasten, dantza egiten zuen Dômen, jostailu bizidunak fabrikatzen zituen –listarizko aginte batzuen bidez aktibatutako txotxongilo antzeko batzuk–, berak barruan zeramanaren erakusgarri. Pertsonaia txiki horiek eskematikoak dira errealismo zuzena erakutsi arren, eta euren izaeren exajerazio umoretsuak antzezteko artikulatuak daude. Euren dinamismoa ordea mugimenduan jartzean besterik ez dute agerian uzten. Eurak asmatzea, baita eurak burutzeko trebetasuna, artearen maisulana dira ia. […] Calder bere miniaturako Zirkuaren asmatzailea eta eragilea izan zen, eta zirkuaren antzezterako komentario gozagarri bat ere idatzi zuen. Hala, horrek guztiak ezusteko ospea eman zion hainbat taldetan. Alanbrearen eta listariaren errege deitzen zioten; baina ospe horrek ez zuen inolaz ere asebete. Berak beste zerbait bilatzen zuen. Estatu Batuetara itzuli zen, bertan urtebetez egurra zizelkatzeko, eta bitartean, Léger, Miró eta Mondrian ezagutu zituen. Azken honek, inpresio sakona eragin zion; zalantzarik gabe topaketa horiek, bera larritzen zuten aspirazioen ernamuina ziren. Horiexek lagunduko zioten bere nortasuna askatzen, eta bere brikolajerako iaiotasuna baliagarri izango zaio bitarteko moduan.

1932an rue de la Colonie-ko etxea harrigarria gertatzen zen ez soilik sarrerako alanbre eta listariengatik. Gela gehienak ekoizpen are misteriotsuago batek betetzen zituen: tamaina ertaineko mekanismoak era askotako elementuekin eta itxura oso ezberdinekoak. Hala ere, energia eta mugimendua sortzen zuten benetako makinak ziren –sailka ezineko artelanak ziren, eta horien sakoneko xedea ez da agerian geratzen euren funtzioa betetzen duten arte–. Motor txiki independenteen bidez mugimenduan jarrita, bakoitzak erritmo ezberdin bat eratzen du. […] Artelan txundigarri hauei buruz esan daiteke Calderrek mugimendua zizelkatu duela materia baino.

Marcel Duchamp-ek eman zien benetan egoki doakien izen bakarra: “mugikorrak” dira. Oposizioz, Arp-ek “stabiles” izena emango zien mugitzeko ez diren Calderren artelanei.

Calder ordea berehala nekatu zen motorren automatismoaz, euren bulkada aldaezinaren ondorioz egonkortasuna baitzekarten berriro. Laster mugimendu hertsatuaren ideia alde batera utzi zuen, eta burdina, egur eta beiraz ere osatutako mugikorren formula batez ordeztu zuen, non elementu horiek, burdinazko hagatxo fin batzuen muturretan esekita, kulunkatu egiten diren euren pisuaren eta kokapenaren arabera. Mugikor horien itxura landugabeak ez du baztertzen adierazten dutena eta pisua zorrozki kalkulatuta eta koordinatuta egotea, batzen edo gurutzatzen diren mugimenduak eragiteko betiere aire korronte txikienaren nahiaren arabera, mugimendu bakoitzak bere partea jokatuz.

Zortzi urteren ostean, Calder Parisera itzuli da bere azken lanekin. Badirudi bere artelan berrietan pisuaren eta erritmoen arteko erlazioen aparteko ezagutza lortu duela.

Hemen metodikoki muntatuta daude. Dauden aretoan sartzean, mugimendua daukaten euren hegal luze burrunbariak daude han-hemen; alanbrez, burdinazko hagatxoz, altzairuzko zatiz betetako mundu ezezagun batean murgiltzen zara. Eragiten duen inpresio zirraragarria da klima berri batean sartzen ari garela, ilargikoak edo Martekoak diren landareen artean, non gizakien balore, iritzi, juzku estetikoek euren zentzua galtzen baitute (Calderrek berak baieztatzen du unibertsoa eta kosmografia dituela inspirazio-iturri). Material, helburu eta bitartekoen arroztasuna erabatekoa da, baina artelan eraginkor, boluntario eta antolatu batean bateratuak daude. Mugikor batzuk inarrosi egiten dira aireak igurztean, korrontearen eraginpeko ureko belarrak izango balira bezala. Beste batzuk aldiz kontrako noranzkoan mugitzen dira, burdinazko alga luzeei hainbat jira eraginez. Badirudi giro kezkagarri horretan, grabitateak ere bere eskubide guztiak galdu dituela. Kobrezko pieza astunak lurretik sakabanatuak daude, giza gorputzaren atal solteak bailiran. Baina mihiztatu eta pibotaren gainean jarri bezain laster, haizeari men egiten diote sugar baten sentikortasun berberaz. Beste artelan berriago batzuk beste asmo batekin egin dira. Ez dira mugikorrak; aldiz, hainbat piezaz osatuak daude beti bezala, eta euren multzokatzeak kataklismo kosmografiko baten emaitza dirudi.

Pusketak dira, hondakinak, burdinazko eta egurrezko zatiak, batetik bestera distantzia batera antolatuta eta oinarri batera –horma edo lurrera– konektatutako hagatxo tente batzuen bidez espaziora lotuak. Desiragarri izango litzateke iman batek burdinazko hagatxoaren menpekotasuna ezabatzea, eta Constellations hauek (Duchampek eman zien izena hauei ere) airean zintzilikatuak geratzea, era magiko batean indar magnetiko batek eutsita.

Calderri kritikatu egin zaio Parisko Erakusketa Unibertsalerako lan egitea, eta ez hainbeste galerietarako. Gaitzespen horrek ez dauka nondik heldu bere artelanen problemari apur bat erreparatuz gero, ulertzeko oso zailak baitira publiko hasiberriarentzat. Problema, balio erritmiko eta plastikoen baliokidetzarena da, 1908 edo 1909tik teoria eta manifestu futuristek hizpide hartutakoa. Garai hartan, ordea, ikuspen plastikoan mugimendua sartzeko modu bakarra bururatu zitzaien, hau da, mugimenduaren aldien segida baten irudikapen estetikoa egitea. […] Calderrek bilakaera horri bere ekarpena egin zion mekanikari gisa zuen teknikaren bidez, benetako higidura aplikatuz. Beraz, bere obra, bilaketa batzuen emaitzatzat har dezakegu beldurrik gabe; bilaketa horiek duela ia berrogeita hamar urtetik kezkatu dituzte Arte honen aitzindariak, izan ere, gure garaiko kezka eta jakin-minen erakusgarriena den arte hau.

Buffet-Picabia, Gabrielle, “Sandy Calder, Forgeron lunaire”, Cahiers d’Art, 20-21. zk., Paris, 1945-1946, 324-333. or., pasarteak.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]