Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Alexander Calder

James Johnson Sweeney

Izenburua:
Alexander Calder
Egilea:
James Johnson Sweeney
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Arte afrikarra | Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Artea eta umorea | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Materiala | AEB | Paris
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea | Konstruktibismoa | Kubismoa
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Oparotasuna, baikortasuna eta kemena dira arte gaztearen ezaugarriak. Umoreak, indar bizigarria denean eta ez axaleko distrakzio, dimentsio berria ematen dio duintasunari. Duintasuna, artista bere obrara zintzoki emana izatearen emaitza da. Hori guztia da Alexander Calder-en obraren berezitasuna, forma berriak eragiten dituen materialekiko sentikortasunarekin eta ordena-ereduei buruzko interes aseezinarekin batera.

Calder estatubatuarra da. Bere artearen ezaugarri nabarmenenak Amerikako Mugaren herentziari egotzi zaizkion berdinak dira…, “zakartasuna eta irmotasuna, zorroztasunarekin eta jakin-minarekin konbinatuta; mentalitate praktikoa eta asmatzailea, azkarra bitartekoak aurkitzeko orduan; gauza materialen ezagutza aparta” […] “ezinegonezko eta urduritasunezko energia” […] “askatasunarekin batera datorren baikortasun eta oparotasuna1“. Hala ere, Calder bere garaiko ume bat da. Bere jatorrizko hizkera Estatu Batuetako bere garaikoa da –eta garai horretan, zientziaren, ingeniaritzaren eta mekanikaren mugek herriaren irudimena bete zuten, Estatu Batuetako lurraldearen mugek duela mende bat bete zuen bezala.

Tradizioari dagokionez, eskultoreen belaunaldi bik, aita eta aitonak, artearen gramatika eta konbentzioen ezagutza sakona eskaini zioten. Parisen aitzindari garaikide ausartenen ikerketak ezagutu zituen, berberak hastapeneko orientazio erradikalago bat bilatzen zuen une batean. Calderren heldutasuneko obraren emaitza, nazioartean landutako sentiberatasunaren eta Estatu Batuetako xalotasunaren arteko ezkontza da. Bere obraren indibidualtasunaren bidez, postu nabarmen bat du gaur egungo artean, hemen zein atzerrian.

Azken berrogeita hamar urteak Errenazimendutik Mendebaldeko eskultura markatu duen kemenik gabeko formaren kontrako erreakzio sakon baten lekuko izan dira. Erreakzio hori Calderren artean gorpuzten da.

Michelangelo-ren garaietatik hogeigarren mendearen hasierara arte, estiloaren nobletasuna eta sinpletasun teknikoa oro har bateraezinak ziruditen. Eskultoreak sarritan bere materialak mozorrotzea eta beste hainbatetan horien oharpena egitea bilatzen zuen. Artistak birtuosismo erraza ikasi zuen, eta hori, Barrokoaren garaiko ezaugarri nagusi bat bihurtu zen. Figurak zuzenean aukeratutako materialean zizelkatu ordez, artistak modeloa buztinez egiten zuen eta ondoren brontzez edo marmolez erreproduzitzen zuen. Eskultura formen arintasuna Berninirekin iritsi zen bere maila gorenera hamazazpigarren mendean. Hala ere, oro har, materialak nola landu aztertzen zituzten diziplinen beherakadak eskulturaren harmoniari eta indarrari kalte egin zion.

Hogeigarren mendearen etorrerarekin batera, formaren eta adierazpenaren sinpletasunaren aldeko nahi bat hasi zen berriro agertzen. Bi xede horiek lortzeko, eskulturan bide zuzenena materialen diziplinaren berrindartzea da. Material gordinaren berezitasunak errespetatuko balira –egur zuntza, harriaren ehundura eta gogortasuna, metal baten azalera leundua–, hori muga bizigarria izango litzateke eskultorearentzat eta bere formentzat. Afrika beltzeko eskultura, diziplina horren erakusgarri garbia da. Izan ere eskultura mota horrek zuhaitzaren enborraren zilindro forma onartu eta aprobetxatzen du, baita bere zuntz eta adar-begien iradokizun gehigarriak.

Brancusi-rekin, tratamenduaren birtuosismoak sinpletasun eta zintzotasun zuzenenari bidea eman zion. Eskulturako material ortodoxoak –metala, egurra eta harria– euren ezaugarri indibidualak erakusteko erabili ziren berriro, eta ez beste batenak simulatzeko. Metal landu baten itxurazko trinkotasunik ezari eta arintasunari probetxua atera zitzaien Bird in Flight bat [Txoria Hegaz] edo Fish [Arrain] baten dirdira aditzera emateko. Brancusiri jarraitu zioten gazteen artean Calder aurkitzen dugu, Henry Moore bezala “bere obraren uste ona bere materialarekin konpartitzeko beti prest”2.

Calderren material berezia metala da. Beti saihestu du modeloa egitea, eta zuzeneko tratamenduaren aldeko joera hartu du: ebaki, mailuaz forma eman, edota piezaz pieza muntatu. Horrelako planteamenduak bere obraren forma sinpletasuna eta ingeradaren garbitasuna ahalbidetu du. Horrek eragiten du Brancusiren, Arp-en, Mooreren eta Giacometti-ren multzoan sartzea, Calderrek bezala birtuosismoari uko egiten baitiote.

Aldi berean, Calderrek forma eta metodo mekanikoei buruz artista moduan dituen kezkak eta material berri edo ezohikoen erabilerak hogeiko hamarkadako konstruktibista errusiarrekin lotzen dute. Konposizio librean interesatuta zeuden konstruktibistak, eta Brancusi aldiz unitate kondentsatuan. Euren asmoa eskultura formaren kontzeptua handitzea zen, denbora luzean naturaren irudikapenera eta ohiko materialetara murriztuta egon baitzen. Eskulturaren material ortodoxoen erreforma hutsaren alde egin ordez, konstruktibistek material berriak aztertu zituzten: altzairua, kristala, zeluloidea, rodoidea3 eta antzeko gauzak.

Parisko pintore kubistak konturatu ziren bolumen bat egiazkotasun handiagoz erreproduzitu zitekeela bere forma, edo haren sekzio bat gardena eginez. Hartara, normalean ezkutuan geratzen ziren kontrako aldeko ezaugarriak ere ikus zitezkeen. Eskultore konstruktibistak teoria apur bat urrunago eraman zuten helburu berarekin material gardenak erabiltzean, adibidez kristala eta zeluloidea. Azalera gardenek benetan existitzen ez ziren baina lineen bidez –alanbreak, egurrezko zerrendak zehaztutako edo, besterik gabe, beste plano batzuen bidez iradokitako azaleretara ematen zuten. Azalera horiek bolumen “hutsak”, edo zehazkiago, birtualak definitzen zituzten. Zenbait konstrukziok bolumen itxiak osatzen zituzten; beste batzuk aldiz, euren linea eta planoen proiekzio inplizituen bidez inguruko espazioa antolatzeko sortuak zeuden; bestela, bolumen baten barruko espazioa solido baten osagarri moduan erabiltzen zen konposaketa eskultorikoetan. Izan ere, Gabok, mugimendua eskulturetan sartzeko saiakerak egiteraino iritsi zen 1920an, denboraren elementua gehitu eta espazioan forma birtualak marrazteko.

Azken problema hau da Calderrek beste edozein artistak baino sakonago aztertu duena, horretara konstruktibismotik aparte iritsi ostean. Hala ere, Calderren ekarpen originalena umorearen bidez arte abstraktuaren pizgarri aparta izatea da. Umorearen bidez, ikuslearen sentimendu edo emozioen gosea ase egiten du errepresentazio zuzenera jo gabe. Errepresentazioaren erakargarritasuna izan zen zalantzarik gabe artearen forma eta gaiaren arteko oreka bertan behera uztearen erruduna. Oreka hori berriro doitzeko ahaleginean, tentazioa figurazioaren erakarpena guztiz mugatzearena izan da, baita ezabatzearena ere. Horrenbestez, estremistek sortutako artea sarritan hotza izan zen, zabarkerian erortzeraino ere. Esperientzia eraginkor bakoitzaren aberastasunak bere oinarria Santayana-k “dirdira ixilak” deitzen duen horretan du. Errepresentazio zuzenik gabe ere, material naturalek –egurrak eta harriak– guretzat oroitzapen sendoak dituzte. “Makinaren Aroaren” ukitua konstruktibistek erabilitako materialetan azpimarratu nahi izana muga bat izan zen. Eta, are gehiago, formaren eta gaiaren arteko erlazioak egon zirenean, gehienetan inpertsonalak, zientifikoak edo industrialak izan ziren. Efektu estetikoak lortzeko, konstruktibistek erlazio formal geometriko edo arkitektonikoetara jo zezaketen soilik. Calderrek aldiz antzeko materialekin bere egiturei bizitasun berria emateko modua aurkitu zuen, planteamendu ez figuratiboa arriskuan jarri gabe. Jostailuek erakutsi zuten bidea. Batek jostailu batean nabarmentzen diren ezaugarri batzuekin atsegin har badezake, adibidez ezohiko erritmoarekin edo sorpresa zirikatzaile batekin, zergatik ez ziren gorpuztu ahal izango ezaugarri horiek adierazpen estetiko handinahiago batean, betiere noski formaren eta materialaren arteko oreka mantenduz?

Hori Calderren obran honela lortzen da: figurazioarekiko interesa ikuslearen arreta artelanetik aldentzen ez duen umorearengatik ordezkatzen du, asoziazio jakinik nahiz oroitzapen emozionalik sortzen ez duen umorearengatik. Jai giroko elementu bat jakinaren gainean sartuz, Calder arte abstraktuaren doktrina-eskolatik aparte egon da, baita surrealismo ortodoxotik ere. Aldi berean, bere obrako umorea protesta bat da artearen seriotasun faltsuaren kontra eta abangoardiako pintoreen zein akademikoen harrokeriaren kontra.

Johnson Sweeney, James, “Alexander Calder”, erak. kat., The Museum of Modern Art, New York, 1951, 7-9. or.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]

Oharrak

  1. F. Jackson Turner: The Frontier in American History, 37. or [itzuli]
  2. Hendy: “Henry Moore”, Horizon, IV. lib., 21. zk., 1941eko iraila, 200-226. or. [itzuli]
  3. Material erregaitz termoplastiko baten merkataritza-izendapena, zelulosa azetatoaren deribatua. [itzuli]