Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Calder, galdaragile miragarria

Alejo Carpentier

Izenburua:
Calder, galdaragile miragarria
Egilea:
Alejo Carpentier
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Mugimendua | Pisua | Ingurunea eta natura
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Artisautza | Eskultura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

“Hau da nire zizela” –dio Calder-ek, aliketak astinduz–. Eta egia metaforiko horretan aurrekaririk ez duen artearen gakoa aurkitzen da, mendeek goieneko gelditasuna exijitu zuten lekuan “mugimendu” hitza idazten duena. Alegori sortzaileen zizeletik erlaitz garaietan ezarritako koadrigak atera ohi ziren, hutsunean betiko gelditutako kaskoekin; Calderren aliketetatik, berriz, Clavileñoak, espazioko kreaturak jaio ohi dira, gure buruen gainetik errondak antolatzen dituztenak; hala eta guztiz ere, zeruko edozein mekanika gogaikarri ezagutu gabe. Ez “esferetako musikarik”, jakinekoak diren beren erloju-mekanismoekin, ezta Galileo-ren pendulurik ere. Besarkatu eta matazatzen duen haize gozoaz oratutako zuhaitzaren poesia. Metalak hegan jartzen dituen artearen poesia.

Calderren esku indartsuetan, materia otzana, arina, pisurik gabea, lumaren eta hostoaren arreba da burdina –airean bira eta txinta egiten baitu, dantza egiten baitu–. Forma ezartzen den une beretik jarrera geldia baztertzen du, bere burua berriro sortzeko, beti desberdin, eta dagokion eremu batean. Beti berri, iragaiten den denborarekin bizi da, bere sortzailearengandik urrun, bere loturek –legeek– uzten dioten neurriraino aske, bere izaera aktiboagatik, unitatearen barruan berritzeko duen ahalmenagatik, izaki bizidunaren antzera.

Eskultura-tailer bat gogoratzen duenak argizari galduan pentsatu ohi du, moztutako gorputz-enborretan, irribarre mugiezinetan, baztertutako buruetan, zizelak harritik inoiz ateratzen bukatu ez zuen begiradan. Calder gogoratzen duenak, burdinan, sopletean eta sugarrean pentsatu ohi du –sutegien distiran ahalegintzen ari den galdaragile miragarriarengan–. Maitagarrien ipuineko gizona da, inoiz eroriko ez den harria zerura bota zuena. Etzanda dagoenari hegan eginarazten dio; formen harmoniak, multzo ugariak, floreszentziak, grabitazioak, itxuren jokoak, itzalen errotazioak antolatzen ditu lurreko material ilunenekin eta tratagaitzenekin. “Burdina bezain gogor” –esan ohi da–. “Burdina bezain airekoa” –diogu Calderren mugikor bat zutik behatzen dugunean, txikienetik hasi hegaztitxo baten antzera, ikur garaienera eta gogorrenera, diskoek, azkonek eta mailek zehaztutakora, orain biltzen duen Lur Irmo horretako aire arinean eta argian–.

Katedral zaharretako kanpandorreetan hamabi Apostoluak agertu ohi dira eguerdiaren hotsaz, ate batetik irtenez gero beste batean sartzeko, hiriko argietatik igaroaldi txiki bat egin ondoren. Baina, aspalditik utzi diote biztanleek segizioa behatzeari; ahaztu egin dute, beti beren ordutegiarekiko zintzo –zintzoegi– izateagatik. Baina, behinola, musker batek, saguzar batek, erloju-mekanismoan erorita, desfilearen sistema eten zuen. Apostoluak irten ziren, zalaparta handiz, hamaikak eta hogeietan, hamabi kanpai hotsak entzuten ziren bitartean, San Pedroren oilarra aritu zen kantan, eta denak kanpandorrea begiratzen hasi ziren berriro, miraria txalotuz. Erretaula antzeman zuten berriro. Horixe baitzen, lehenago irteteko aukera izatea alegia, irudiei falta zitzaiena benetako “arnasa” izan zezaten, inork ahaztu ez zitzan, eraikinetako erlaitz garaietan gelditutako koadrigak urteetan ahaztuta egoten diren bezala. Jakin badakigu Calderrek garai batean bere mugikorrak motor txiki batzuen bidez bultzatzea pentsatu zuela. Baina laster baztertu behar izan zuen asmo hura: bere mugikorrek bizitasun handiegia zuten, airearen lagunegiak mugimendu erregular baten monotoniaren pean geratzeko. “Beharbada” edo abentura marjina jakin bat behar zuten –gizakiok bezala– beren nortasuna sendotzeko. Orain, armatuta daudenean, Calderrek behingoz eta betiko botatzen du airea bere mugikorren gainetik. Bizi dezatela beren bizitza!

Eta abstraktuak al dira horrela mugitzen diren, horrela bira egiten duten, txandakatu, bertaratu, urrundu eta topo egiten duten formak goranzko edo beheranzko bide berri bat bilatzeko, aurretik sumatu ezin diren bultzaden behatzailearengana? Nekez sailka litezke abstraktu gisa, mihise abstraktuan ia beti kentzen zaiena eskatzen baitute: airea, sakontasuna, “tempoa”, atzera egiteko aukera, beren itzalen atzetik lasterka aritzeko aukera. Forma poetikoak, hobe esanda: aske dagoen poesia. “Zeruko ahuntzak”, Santxok Clavileñotik jaistean ikusi omen zituenak bezalakoak. “Berdeak dira biak, gorriak biak, urdinak biak eta nahastearekin bat”. –”Ahuntz mota berria hori” –erantzuten diote–, “eta lurreko gure eskualdeetatik ez da halako koloretako ahuntzik erabiltzen”. –”Argi asko dago” –dio Santxok– “zeruko ahuntzek eta lurrekoek diferenteak izan beharko, jakina”.

Calderrek, galdaragile miragarriak, ahuntz txikiz, hartz emeez, ontziez, hezitako sateliteez, esekitako kometez –zeruko ahuntzez– betetzen du gure espazioa, Santxo ezkutariak, burdin gogor eta baldarren zamariak poesia ezagutu eta zerua bere irudimenaz, artaldeez, multzoez, errotazioez, malutez eta hegalez bete zuenean bezala. “Hau da nire zizela” –dio Calderrek, aliketak astinduz–. Aliketa horiek aldi berean, esateko modu metaforikoan, maisuaren haga, batuta, erregela, mailua izanik –sortzailearen arnasa lo dagoen materiaren gainean–.

Carpentier, Alejo. “Calder, calderero prodigioso” Calder katalogoa, Museo de Bellas Artes, Caracas, 1955, pasarteak.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]