Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Alexander Calder-en testuen aukeraketa

Carmen Giménez

Izenburua:
Alexander Calder-en testuen aukeraketa
Egilea:
Carmen Giménez
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea. Teoria | Eragin artistikoa | Estetika | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Lan-prozesua | Materiala | Mugimendua | Oreka | Pisua | Tamaina | Ingurunea eta natura
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea
Teknikak:
Estanpazioa
Artelan motak:
Artisautza | Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Ediziorako oharra

Hemen bildutako idazkiak, Alexander Calder eta bere sorkuntza-unibertso bereziari buruz dagoen bibliografia zabal baten aukeraketa dira. Horiek hautatzeko erabilitako irizpidea erakusketako piezak hautatzeko erabilitako berdina da. Katalogo honen aurkezpenean adierazi dudan bezala, Calderri buruz bere obrak dituen alderdiak adina berrikuspen egin daitezke. Horrenbestez, irakurleak jakin behar du ez duela hemen aurkituko haren hastapeneko etapei buruzko testurik –orduan, Zirkuaren edo alanbrezko lehenengo eskulturen ingurukoak–, ezta geroago izan zituen hainbat jarduerari buruzkorik ere –pintore, estanpatzaile, balleteko eszenografo zein lanabesen, harribitxien, jostailuen, alfonbren egile etab.–.

Hemen transkribatzen diren testuak Calderren sentikortasunera eta barru-barruko pentsamendura hurbiltzeko testu-zatiak eta pasarteak besterik ez dira. Hitz horiek erakusgai dauden eskulturen argigarri izan nahi dute, betiere hitzek misterioa argitu ahal duten neurrian. Lekukotza idatzi hau, Sandy-ren –hori baita Alexanderren lagunarteko ezizena– eskultura mugikor eta stabile berritzaileen problematika fisiko eta estetikora gu hurbiltzeko saioa da, edo berak 1943ko adierazpen batean nabarmentzen zuen bezala: “...erlazio estua dago, zalantzarik gabe, fisikaren eta estetikaren artean”.

Dokumentuak lau ataletan banatu ditugu, horietako bakoitzean orden kronologiko bat jarraituz:

I. Alexander Calder-en idazki eta adierazpenak. Hamar lekukotza eta eskultorearen jatorrizko bi eskuizkribu biltzen dira bertan, batzuk argitaragabeak.

II. Testu-aukeraketa. Calderrek bere suhi Jean Davidson-en laguntzaz 1966an argitaratutako An Autobiography with pictures-eko (Irudidun autobiografia bat) sei pasarte aurkezten dira, eta artista honen bizitza sakonago ezagutu nahi duenari liburu hori osoki irakurtzeko aholkatzen diot.

III. Beste autore batzuen testuak. Hamasei dokumentu hautatu dira, eta bertan, besteak beste Fernand Léger, Gabrielle Buffet-Picabia, André Masson, Marcel Duchamp, Jean Paul Sartre, Alejo Carpentier eta James Johnson Sweeney-ren poemak, eskutitz pertsonalak zein gogoetak biltzen dira.

IV. Elkarrizketak. Azkenik, 1957 eta 1969 artean egindako sei elkarrizketa eskaintzen zaizkio irakurleari. Aipagarria da Katharine Kuh-k Calderren bilakaera plastikoari eta bizitzako bilakaerari buruz egindako laburpena, edo Robert Osborn-ek Monumentu Handien inguruan burututakoa; azken honetan, artistak bere eskulturak eskalan handitzearekin batera agertutako problematika azaltzen digu, baita horrek eskatzen duen prozesu tekniko zaila, daukan lan egiteko era eta galdategiekin –gehienetan frantsesak edo estatubatuarrak– edukitako harremanak.

1932koa da aurkezten dugun lehenengo idazkia, eta bertan, oso goiztiar, Calderrek mugimenduari, naturari eta unibertsoko legeei buruzko bere kezka adierazten du, baita espazioen, pisuen, bolumenen, formaren zein kolore primarioen edertasunari buruzkoa ere. Hautatutako azken testua, ordea, 1989koa da, eta bertan, Jean Tinguely-k Belgikako irrati-telebistan egindako adierazpen bat jasotzen da:

“Calderrek bere mugikorrekin adierazpide zuzena eta sendoa aurkitu zuen. [...] Esan dezagun Alexander Calderren aurkikuntzak ni sar naitekeen ate bat zabaldu zidala”.

Kontuan hartuz Calder New Yorken hil zela 1976an, aipu hori, lortutako nazioarteko oihartzunaren eta influentziaren erakusgarri bikaina da.

Lehenengo eta azken testuaren artean, testu guztiek Calder gizon mardul, alai, jator, Joie de Vivre nekagaitzez betea erakusten digute, bizitza eta eskultura ulertzeko era bereziak akademizismo tradizionaletik urrundutakoa; gainera, bere garaiko berrikuntza abangoardista eta erradikalenetako partaide ekintzailea izanda ere, ihes egiten die planteamendu intelektualista eta panfletozaleei. Bere umoreak eta asmamenak dena ukitzen dute, Teoria artistikoaren “gai serioak” desbideratuz eta horiei burla eginez. Hala, 1937an honela ohartarazten digu:

“Artista batek egiten ari denari buruzko azalpenak ematen dituenean bi gauza hauetako bat egin behar du: esplikatu duena alde batera utzi, edo bere obra esplikazioarekin bat etortzea lortu. Artistaren teoriak oso egokiak izan daitezke berarentzat, baina ez lizkioke jendeari adierazi behar. Hemen egin dudanaz soilik hitz egingo dut eta ez egingo dudanaz...”.

Ohartarazpen horrek izugarri gogorarazten digu Matisse-k 1808an bere “Pintore baten oharrak” eko lehenengo paragrafoan pinturari buruz egindakoa –Ecrits sur l’art-en (Arteari buruzko idazkiak) bildutakoa–:

“Pintore bat publikoari zuzentzen zaionean, ez hainbeste bere artelanak erakusteko nola pinturaren arteari buruzko bere ideiak azaltzeko, hainbat arrisku hartzen ditu bere gain. [...] Erabat ohartzen naiz, bai horixe, bere estiloaz eskain dezakeen frogapen onena bere mihiseetatik sortutakoa dela”.

Calderrek Teoriarekiko azaldutako kontrakotasuna gorabehera, ezin dugu ahaztu estimu handitan izan zituela idazleek berari buruz egindako aipamenak. Horri buruz, 1957an honakoa adierazi zuen:

“Nire inspirazioa nora ezean dabilenean, Sweeneyk edo Sartre-k, edo beharbada bat edo bi gehiagok nire obrari buruz idatzi dutenaz pentsatzen dut, eta horrek zorioneko sentiarazten nau, eta gogo biziz ekiten diot berriz lanari”.

1960an honakoa gehitu zuen:

“Arteari buruzko nire teoria osoa formaren, masaren eta mugimenduaren arteko ezberdintasunean oinarritzen da”.

Bestalde, jakinaren gainean, arreta erakarri nahi izan dugu Calderren bizitzaren gertaera batzuetara. Hala, hainbat testutan bere biografiako gertaera batzuk espresuki errepikatzen utzi ditugu, baita autore ezberdinek horiek kontatzen ere. 1930eko udazkenean gertatutako pasadizoari buruz ari naiz adibidez, non Sandyk lehenengo aldiz Mondrian-en estudiora bisita egin zuen. Gertaera hori bereziki garrantzitsua izan zen bere mintzaira berria lantzeko orduan; izan ere, berau hainbat bider aurkitzen dugu bere abstrakziora iristeko bidea esplikatzen duenean, baita urte asko geroago ere gertaera hori gogora ekarriz: Calderren 17 mugikor, 1943; Arte abstraktuak niretzat duen esanahia, 1953; Mondrian, 1965; Unibertsoak, 1971. Gainera, beste adierazpen eta elkarrizketa askotan ere agertzen da.

Gauza bera esan genezake Marcel Duchamp-ek Mugikorrei eta Jean Arp-ek Stabiles-ei izena eman zien pasarteei buruz. Gertaera horiek frogatzen dute Calderren sorkuntza-lanak horren berriak izanda, horiei deitzeko izenak asmatu behar izan zirela: Calder, bere mugikorrak, 1965; Stabiles, 1965; Sandy Calder, ilargiko errementaria, 1945; Horren haritik Duchampek 1950ean honakoa idatzi zuen:

“Gerra Handiaren ostean gertatutako “Berrikuntza” artistikoen erdian, Calderrek hartutako ildoa formuletatik  hain urrun zegoen, izen berria asmatu behar izan zela bere mugimendudun formentzat, mobiles direlakoentzat”.

Bestalde, Calderri interesatzen zaizkion gaiak bere jarduerari eta eguneroko problematikari buruzkoak dira, eta hasieran esan dudan bezala ardatzak hauek dira: mugimendua, natura, konstelazioak, urtaroak, grabitatea, pisuak, materialak, oreka eta kolore primarioak –beltza, zuria eta gorria besterik ez– zuhaitz baten adaburuan adar bat hazten den modua..., edo bere mugikor berriak haizea nola harrapatuko duen zakurtzaina bailitzan...

Dokumentuekin hasi baino lehen, gogora ekarri nahi nuke Maurice Bruzeau-k bere artikuluan Calderren hitzei sarrera egiteko erabiltzen duen aipua:

“Calderren hizkera lañoak ez du zerikusirik arte plastikoei buruzko teorialari baten diskurtso dotoreekin. Berak moztu, ebaki, soldatu, ijetzi eta forjatu egiten du: bere obra da bere hitza. Horiek dira beraz jaso ditugun hitz eta pentsamenduak, bere horretan, uzta preziatu bat bezala, esklusiboa: zalantza izpirik gabe, esaldi-multzo honek edozein azalpenek baino ezagutza hobea ematen digu Calderri buruz”.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]