Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Mugikorrak

Alexander Calder

Izenburua:
Mugikorrak
Egilea:
Alexander Calder
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta musika | Artea. Teoria | Dekorazio-arteak | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Mugimendua | Balleta
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Artista batek egiten ari denari buruzko azalpenak ematen dituenean bi gauza hauetako bat egin behar du: esplikatu duena alde batera utzi, edo bere obra esplikazioarekin bat etortzea lortu. Artistaren teoriak oso egokiak izan daitezke berarentzat, baina ez lizkioke jendeari adierazi behar. Hemen egin dudanaz soilik hitz egingo dut eta ez egingo dudanaz...

Satie-ren Socraterako dekoratu [mugikor] bat egin nuen Harforden (AEB), eta deskribatu egingo dut, geroko nire lanen kopuru handi baterako azalpen moduan balio duelako.

Drama sinfoniko honetan ez dago dantzarik. Bi pertsonak kantatzen dute… gizon batek eta emakume batek. Garrantzitsuena kantua da. Eszenaurrearen ahokadura 12 bider 30 oinekoa zen [3,6 m x 9 m]. Eszenatokian hiru elementu zeuden. Ikusleak zeuden tokitik ikusita, zabaleran 30 hazbete inguruko disko gorri bat zegoen [76 cm inguru] zentro ezkerrean. Ezkerreko muturretik gertu lurraren gainean laukizuzen bertikal bat zegoen, 3 bider 10 oinekoa [0,9 m x 3 m]. Altzairuzko bi zumitz zeuden, 7 oinekoak [2,12 m], ardatz horizontal batekiko angelu zuzenean, eta gako bat zuten mutur batean eta polea bat bestean. Hartara, jiraka egin zezaketen edozein noranzkotan, eta gora eta behera ibiltzen ziren. Dialogo guztia hiru zatitan banatzen zen eta bakoitzak 9,9 eta 10 minutu artean irauten zuen hurrenez hurren. Lehenengo partean, disko gorria etengabe mugitzen zen (soken gainean) eskuin muturreraino, gero ezker muturreraino, eta azkenik hasierako kokapenera itzultzen zen. Prozesu guztiak 9 minutu inguru irauten zuen. Bigarren partean, hasieran mugimendurik gabeko minutu bat zegoen, gero altzairuzko zumitzak jiraka hasten ziren publikorantz, eta hiru minuturen buruan lurreraino jaisten ziren. Orduan gelditu egiten ziren eta kontrako noranzkoan jiratzeari ekiten zioten. Gero hasierako noranzkoan. Jarraian goratu egiten ziren berriro. Horrek bigarren partea burutzen zuen. Hirugarrenean, laukizuzen bertikal zuria apur bat okertzen zen eskuin aldera, bere alde luzeenetik lurrean bermatu arte. Gero etenaldia zetorren. Jarraian, zorura begira apurka-apurka erori ahala, publikotik urruntzen zen. Gero gora egiten zuen berriro, publikoari beste aldea erakutsiz, alde beltza. Orduan, posizio bertikaleraino altxatzen zen, bere alde beltza erakusteari utzi gabe, eta eskuinera urruntzen zen. Gero, justu azkenean, disko gorria martxan jartzen zen ezkerrerantz. Dena oso mantsoa zen eta musikaren zein hitzen menpe zegoen.

Bi urtetan ballet-objektu txiki bat izan nuen Parisen, mahai baten gainean eraikia, euskarri baten gainean poleak zituela. Laukizuzenaren alde batetik bestera, koloretako disko batzuk mugi zitezkeen, edo banderatxoak eragiten ziren, edo kono batzuk, laukizuzenean dantzarazteko, edo baita euren artean borrokatu zezaten. Batzuek mugimendu zabala zuten, sinplea, dotorea; beste batzuek berriz laburra eta asaldatua. Aire zabalean egin nuen ere saioa, objektuak zuhaitzen arteko soka batetik zintzilikatuz, eta gero, Martha Graham-ek eta biok ballet bat ildo horretan egiteko asmoa izan genuen. Niretzat, oso interesgarria da tamaina handitzea... Hartara, eskala handian lan egin daiteke. Behin marmol harrobi batean grabatutako filma ikusi nuen, eta marmol-masa handien mugimenduen leuntasuna, euren pisu handiaren indarrez behartuta, oso erakargarria zen. Nire ideia, ballet mekaniko hori dantzarietatik aparte egitea zen, edo horiek erabat baztertuz, eta metodo grafiko bat asmatu nuen balletaren mugimenduak erregistratzeko: euren ibilbidea kolorezko klarion eta arkatzekin markatu.

Aire zabalean hainbat gauza egin ditut: guztiek ere haizearekin erreakzionatzen dute, belaontzien antzekoak dira haize leun mota jakin batekin hobeto erreakzionatzen dutelako. Ez dago modurik haize mota guztiekin ondo funtzionatuko duen gauza bat egiteko. Halaber, nire mugikorretako batzuk motor elektriko txikien bidez bultzatzen nituen, eta orain neurri batean hori alde batera utzi dudan arren, ideia gustukoa dut oraindik, mugimendu definitu bat eragin daitekeelako, eta ez irregularra…, azken hau batzuetan gogokoa dudan arren. Bultzadura mekanikoaren bidez adibidez ballet baten koreografia kontrola daiteke eta hainbat mugimendu gainjarri: horietako asko gainera espeka edo bestelako gailu mekanikoen bidez. Hala ere, periodo ezberdinetako mugimendu bat edo bi konbinatzeak, benetan efektu bikainenak sorrarazten ditu, sinpleak izan arren, hamaika konbinaziotarako aukera ematen dutelako.

Calder, Alexander, “Mobiles”, Myfanwy Evans (ed.), The Painter’s Object, Londres, 1937, 62-67. or.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]