Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Alexander Calder: 1898-1976

Josep Lluís Sert

Izenburua:
Alexander Calder: 1898-1976
Egilea:
Josep Lluís Sert
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Giza harremanak | Artea eta espazioa | Artea eta identitatea | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Forma | Kolorea | Mugimendua | Oreka | Tamaina | Erakusketak | Gerra | Ingurunea eta natura | AEB
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea | Primitibismoa
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Sandy hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran ezagutu nuen Parisen. Nire lagunek orduan drôle d’Américain [amerikar bitxia] deitzen zioten. Asmatzailea, gaztea eta bromazalea. Haiek Calder urte horietan azaleratzen ari zen Ameriketako Estatu Batu berriekin lotzen zuten.

Sandyk gozatu egiten zuen eguneko hogeita lau orduak bizitzen. Beti erne zegoen bere inguruan zer gertatuko: bistrot-etako marmolezko mahaietan lo kuluxka bat egiten zuenean ere erdi lo baino ez zegoen, eta moldatu egiten zen inguruko berriketez jabetzeko. Esnatzen zenean, taldeko beste inor baino erneago zegoen.

Atsegin hartzen zuen bere lan guztiekin, zeukaten garrantzia gorabehera. Denbora asko ematen zuen etxeko ohiko arazoetarako konponbideak bilatzen. Roxburyn zein Sachén, eskultura-pieza garrantzitsu batean lan egiteari uzten zion txorrota bat, ate baten eskutokia edo lagun baten maleta konpondu ahal izateko. Mota guztietako tresna osagarriek agerian uzten zuten Calderren fabrika-marka. Ez zuen batere gustuko akats gabeko diseinu industriala. Bere produktuak primitiboak ziren, baina erresistenteak eta naturalak. Maite zuen jatea, janaria ona izan ez arren. Maite zuen ardo arrunta eta jende arrunta. Jaietan edozeinekin dantza egiten zuen eta edozein tokitan..., hala New Yorkeko Bosgarren Etorbidean kokatutako jatetxe italiar txiki batean nola Rio de Janeiroko kaleetan inauteria aldian.

Gertaera garrantzitsuak eta jende garrantzitsua etorri ahala hartzen zituen. Gustuko zituen guztiak era abegikor eta atsegin berean tratatzen zituen. Ez zituen gustuko lagun-talde bateko partaide “garrantzitsutzat” euren burua zuten pertsona handinahiak. Maite zuen jendea oro har eta gozatzen zuen haien laguntasunaz eta bromez. Maite zuten lagun asko zituen.

Bidezkoak ez ziren gauzek haserrearazi egiten zuten, adibidez gerrak edo hipokrisiak, eta Louisa-rekin batera –bere bizitza guztiko laguna– oso nabarmenki azaldu zituen bere ikuspuntuak The New York Times-en orrialde oso batean Vietnamgo gerraren kontra protestaka idatzi zuenean. Ziur nago ez zuela une batez ere kontuan hartu zenbat enkargu galaraziko zizkion horrelako zintzotasunak. Sandy horrelako kezka edo interesetatik oso gainetik zegoen.

Gizon handia zen nortasun asmatzaile aparta edukitzeaz gain. Bere artelanek gizon moduan zituen ezaugarriak erakusten dituzte. Tolesgabeak eta osasungarriak dira, bertute urriak gure garaiotan. Bere joie de vivre-n [bizipozaren] adierazpen zuzena dira. Egin duen guztia ulergarria da eta sorkuntza-prozesuan gozatu zuen guztia adierazten du, eta hori ikusleari transmititu egiten dio. Poz hori kutsakorra da. Horixe geratu zen agerian New Yorkeko Whitney Museum-en bere azken erakusketa handian, justu bere heriotza gertatu baino aste gutxi batzuk lehenago inauguratutakoa eta adin guztietako jendetza handiak bisitatutakoa. Erakusketa arrazoiz “Calderren unibertsoa” deitzen zen. Era askotako objektuak zeuden erakusgai: hasierako lerrozko marrazkiak, zirkuko figurak, alanbrezko erretratuak, lehenengo mugikorrak; bisitariek ondoren berak egindako bitxiak, tapizak eta pinturak ikus zitzaketen; eta azkenik, bere stabiles handiak eta bere obra berriena. Bere formen hautaketaren jarraikortasunak, kolore bizien erabilerak, bizi eta mugimendu sentsazio bat ematen dute, eta bat jabetzen da buru bat bera eta antzeko eskuak aritu zirela lanean dena bizia, harmoniatsua eta orekatua iruditu dezan. Egiten zuena egiten zuela ez zuen inoiz zalantzarik izaten bere aukeretan.

Joan Miró Sandyren laguna izan zen bizitza guztian. Alderdi askotan, bizitzari eta inguratzen gaituen munduari, beren ingurumenari buruzko planteamendu berdinak dituzte. Biek dute objektu arruntei eta naturako edo gizakiaren eskuek sortutako formei buruzko interesa eta biak daude haiek eraginda. Euren artelanek askotan errepide bazterrean abandonatuta aurkitzen duten zerbait dute inspirazio-iturri. Biek erabiltzen dituzten kolore puruak, primarioak, Léger-ek eta Mondrian-ek egin zuten bezala, Sandyren lagun-min zirenak. Parisen topatu ziren urte berdinetan eta sarritan elkarrekin egon ziren. Elkartruke hori naturala da artearen munduan, bizitzako jarduera guztietan den bezala.

Hala ere, Sandy berezia da hasieratik bertatik. Bizitza guztia eman zuen bere unibertsoa sortzeko. Zenbat eta gehiago lan egin, orduan eta apartagoa zen bere nortasuna. Bizi zen tokiei forma eman zien, bere etxeei, inguratzen zuten objektuei, bere janzkerari, baita bere autoei ere. Behin batean, markako auto berri bat eman zioten, eta laster balio-galera izan zuen (betiere balio komertzialaz ari garela), Calderrek egindako transformazio eta gehikuntzengatik. Ukitzen zuen guztiaren espiritua aldatzen zuen, eta bereganatu egiten zuen.

Dena dela, jai-giroko obra guzti horretaz gain, Sandyk bazuen berezko handitasun bat bere eskultura handiak asmatu eta egitea ahalbidetu ziona. Bere lehenengo artelanetako erraztasuna eta asmamena era naturalean eta esfortzurik gabe garatu direla dirudi bere itzelezko pieza berrienetan amaitu arte –stabiles direlakoak eta azken urteotako mugikor eta stabiles-en konbinazioa–. “Abstraktutzat” jotzen dira, gogora biziz betetako forma naturalak ekartzen jarraitzen duten arren. Aldi berean monumentalak eta arkitektonikoak dira, Erdi Aroko egituren gogoragarriak. Eraikinen irudiak ikusmiratzen zituenean, itxura primitiboena zuten egiturak zituen maiteen, muntatu zireneko era eta zergatik ez ziren hondoratu erakusten dutelako, bere artelanek bezala. Bere stabile handiak, kontrahormak eta nerbioak dituen katedral bat bezalakoak dira. Izan ere bere piezek, egoteko sortuak izan diren tokien nagusitasuna hartzen dute. Hasieratik dira itzelezkoak, eta horrek talka egiten du oraindik orain beste eskultoreek egindako ahalegin batzuekin, non eskulturak objektu txikien handitzeak baino ez diren.

Sandy eskultore eta pintore izan zen aldi berean. Pintore gisa, bere forma lauak, higitzerakoan, hainbat pintura ezberdin sortzen dituzte; izan ere, bere figura ebakiak eta koloreztatuak zerikusi gehiago dute pinturaren hiztegiarekin eskulturarenarekin baino. Hala ere, bihurritzen eta biraka hasten direnean, espazioaren nagusitasuna hartzen dute eta bere eskultura mota berezia  bihurtzen dira. Halaber, ingeniari mota berezia da: orekarako eta mugimendurako dohain berezia du.

Batzuetan, norbaiten banakako erakusketa zabal bat bisitatzen denean, bizitza oso bateko obra, bat gizabanakoaren mugez ohartzen da. Artelan batzuk oso onak izan daitezkeen arren, errepikakorrak egiten dira, eta zirraragarriagoak dira bakartuta ikusten badira. Calderren obrarekin ordea inpresioa guztiz kontrakoa da. Bere artelan guztiek batera osotasun edo multzo bat osatzen dute, bere unibertsoa, eta bat are gehiago ohartzen da bere asmamen agortezinaz.

Sandyk bere jeinuaren eta aintzaren puntu gorenean utzi gintuen. Bakarra zen. Ordezkaezina. Bere lagun eta miresleek faltan emango dute. Munduarentzat oro har gure garaiko artista handietakotzat joko da, eta nazioartean, hogeigarren mendeko eskultore estatubatuar garrantzitsuena izan da.

Sert, Josep Lluis, “Alexander Calder: 1898-1976”, Proceedings of the American Academy of Arts and Letters, 2. seriea, 28, 1978, 61- 64. or.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]