Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Pas nobles mobiles [Mugikor ez duinak]

Alexander Calder

Izenburua:
Pas nobles mobiles [Mugikor ez duinak]
Egilea:
Alexander Calder
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artistak | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Mugimendua | Tamaina | Erakusketak | Paris
Artelan motak:
Eskultura | Litografia

Arkitekto batek eskatu zidan mugikor oso txiki bat edo bi egiteko, proposatuko zuen eraikin baten maketan jartzeko. Egin nituen orduan, New Yorkera eraman eta Sweeney-tarren etxean geratu nintzen. Bertan Sert-tarrak aurkitu nituen. Denek builaka zioten:

“Ez da hain arkitekto ona!”

Laura Sweeneyk objektu txikietako bat hartu eta Moncha Sertek bestea hartu zuen. Arkitektoa ez zen horiek ikustera iritsi.

Bi objektu txiki horiek noizean behin egiten ditudan mugikor oso txiki batzuen aitzindariak dira. Oso gogokoa dut nire atzamar baldarrek ahalbidetzen didaten bezain txikiak egitea.

Gero, 1945eko udazkenean, Marcel Duchamp-ek esan zidan: “Bai, bidal diezazkiogun objektu txiki hauek postaz Carré-ri, Parisen erakusteko”.

Orduan jaio zen tolesgarriak ziren eta zatitan aska zitezkeen objektuen multzo bat.

Garai hartan jakin nuen luzeraz hamazortzi hazbeteko [45,72 cm] eta zirkunferentziaz hogeita lau hazbeteko [ia 61 cm] paketea zela onartzen zen [gehienezko] tamaina [postaz bidaltzeko]. Azkenean, zailtasunekin baina lortu egin nuen objektuetako bat bi hazbeteko lodieradun, hamarreko zabaleradun eta hemezortziko luzeradun pakete batean sartzea [5 x 25,4 x 45, 72 cm]. Diagonala erabiliz, hemeretzi hazbeteko elementu bat sartzea ere lortu nuen [48,26 cm]. Xafletako batzuk elkarri lot zitezkeen eta hagatxoak askatu eta tolestu eta honela lortzen nuen Carréri postaz bidaltzea, honek baiezkoa eman baitzion Marcel Duchampen kablegrama bati. Beraz, 1946ko ekaina baino lehen banuen Carréren ganbaran hainbat objektuz osatutako multzoa, eta hegazkina hartu nuen. Objektu batzuk benetan handiak ziren, Lily of Force adibidez [Indarrezko lirioa]. Carréren argazkilariaren laguntzaz, gauza horien argazkiak ateratzeari ekin genion; izan ere, urte hartan argazki materiala oso eskasa zen.

Udaren erdi aldera ordea atzeratu egin zen erakusketa –ziur aski uda betean Paris behe denboraldian dagoelako–. Horrenbestez, erabaki nuen etxera itzultzea Ingalaterratik pasatuz, eta bertan hegazkina hartu nuen.

1946ko urrian itzuli nintzen Parisera. Jean-Paul Sartre Mexikon egon zen aurreko urtean, eta itzultzeko bidea hartzean New Yorken zegoela artista frantses batzuk bisitatu zituen. André Masson-ek Roxburyra ekarri zuen gu ikustera, eta New Yorken ikusi nuen berriz, nire tailer txikira etorri baitzen. Connecticuteko matrikula plakaz egindako txori baten mugikorra oparitu nion –ez dago hori baino gauza sendoagorik–; aluminiozkoak dirudite, baina betiko irauten dute.

Carréri egin nion lehenengo bisitan, Sartreri hitzaurrea eskatzea erabaki genuen, baita berak onartu ere. Bigarren aldiz Parisera itzulitakoan, katalogoa ia prest zegoen.

Behin Carrék esan zidan: “Joan zakizkio Mourloteri, litografoa, eta ikusi zuretzat zer egiten aritu naizen”. Bertaratu eta katalogo eder bat aurkitu nuen, eta bertan, argazki kaskarren ordez lerrozko marrazki antzeko batzuk jarri ziren –nire objektuen ingeradak– kolorez beteak.

Zoritxarrez gauza apur bat monotonoa iruditu zitzaidan, hondo guztiak grisak baitziren, eta hondo urdin eta horiak proposatu nituen.

Inprimaketa litografikoaren prozesuak ordea ez du atzera bueltarik; ezin zara atzo egindakora itzuli.

Eta hurrengo egunean petit bleu [telegrama] bat jaso nuen Louis-Gabriel Clayeux-ek bidalita, orduan galeriako Carréren konfiantzazko gizona zena, eta bertan honakoa zioen: “Hondamendia!”.

Carré haserre bizian zegoen nirekin eta hondo horiak zaborrera bota zituen.

Azkenean Sartreren hitzaurrea iritsi zen, eta emaitza, liburuxka bikain bat izan zen, mugimendudun objektuen argazki batzuk ere bazituela, Herbert Matter-ek egindakoak.

Erakusketan metalezko xafla gogorrez osatutako hainbat objektu zeuden, eta xafla lurretik hurbil horizontalki zintzilikatuta zetzan, lurretik zutitutako garabi-beso batetik xaflan egindako zulo batean helduz; haren gainean hostotza eta baso-fruituak zeuden.

Carrék oinarri batzuen gainean jarri nahi zituen, eta nik aldiz honakoa esan nion: “Ez, emazteak lurraren gainean egon behar direla dio behin eta berriz”.

Eta Carrék berriz: “Ce n’est pas noble” [Hori ez da duina].

Bazeuden konstelazioen garaiko bi mugikor –gerra garaikoak– egur gogorrezko zatiz eginda, landuak, pintatuak eta egurrezko larako batzuen muturretatik zintzilikatuak. Carrék ordea lehenago, erakutsi nahi zituenen artetik baztertu egin zituen, eta beraz, Mary Reynolds-i eman nizkion, ordurako Parisera itzulita zegoena. Ordudanik, aipatzen dituen bakoitzean, berak “Pas nobles mobiles” deitzen die [Mugikor ez duinak].

Orain Guggenheim museoaren jabetza dira.

Carréren galeriako erakusketa 1946ko urriaren 25ean inauguratu zen; bisitari asko egon ziren eta Henri Matisse ere bertaratu zen. Galeria, huitième arrondissement delakoan zegoen. Barruti horretan energia elektrikoaren erabiltzaile ugari zegoen eta arratsaldero bostetatik seietara ikatza aurrezteko elektrizitatea mozten zuten; gerra osteko aurrezpen neurri bat zen.

Beraz, lurrean kandela bat jarri genuen hosto pila bat zuen objektuetako baten azpian, eta jirarazi egin genuen. Zoragarria zen ikustea sabaian itzalak kandelari jira nola egiten zion. Objektu hori orain Basileako museoan dago.

“Pas Nobles Mobiles”, 1965eko martxoaren 30a, 11:00etatik eguerdiko 12:00etara, 188-194. or.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]