Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

"Alexander Calder"

Rodman Selden

Izenburua:
"Alexander Calder"
Egilea:
Rodman Selden
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Artea eta umorea | Artea eta teknologia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Forma | Lan-prozesua | Materiala | Mugimendua | Edertasuna | Ingurunea eta natura | AEB | Frantzia | Alaitasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Figuratiboa
Artelan motak:
Eskultura | Kokapen zehatzerako artea
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

"Bistarako dibertigarriak diren gauzak egin nahi ditut".

William Carlos Williams-ek dioen bezala, egia baldin bada “Estatu Batuetako produktu puruenak erotu egiten direla”, egia da ere ia puruak direnak, euren herrialdea zintzoki eurenganatzeko bezain ezpuruak, baina herrialdearen ezpurutasunak –oharkabean bada ere– ez onartzeko bezain sentiberak, artista bihurtzen direla. Horixe da Calder-en kasua. Bere baitan biltzen ditu Estatu Batuen ezaugarri bereizgarrienak, adibidez zakurkeria, jeinutasuna, zintzotasuna, gutizia, energia, asmamena, pragmatismoa. Estatubatuarrek oso berea dute teoriekiko eta kontzeptuekiko ezinikusia, baita umore garratza ere. Calderrek denboran oinordetza luzea duen estatubatuarra izatea du abantailatzat –aita zein aitona estatubatuar eskultoreak zituen–, eta horrek ahalbidetzen dio urtero aldi luze batez Frantzian bizitzea atzerriratu bat bezala sentitu gabe eta apur bat frantsesa ere bihurtu gabe. Bizimodua bilatu behar ez izatea ere abantaila zen bere kasuan: helburu materialek eta dirua irabazteko asmoak ez zuten ezer esan nahi berarentzat. Gauzak egin zitzakeen egitearen gozamenagatik, eta egin egiten zituen. Nahikoa zuen formak garbitasunez moztuak egotea, era inteligentean antolatuak izatea eta modu burutsuan erlazionatuak egotea. “Funtzionatu” behar zuten. Eta bere lehenengo mugikorretan, funtzionatzeak aske kordokatu edo kulunkatzea baino gehiago esan nahi zuen: biraderak erabili ziren, baita motor txiki batzuk ere, eskulturei non-nahi aurki daitezkeen estatubatuar makinen “biziaren” antzeko bat lortzeko.

Badago Calder eta Wright anaien jokabideen arteko antzekotasun bat. Eskultorearen Roxburyko (Connecticut) estudioa barrutik ikusi nuenean bururatu zitzaidan hori, ez baitzen eskultoreek betidanik lan egin ohi zuten estudioak bezala. Ez zegoen molderik, ez marmolik, ez igeltsurik, ez euskarririk. Jakina, ez zen bizikleten lantegi bat, baina makinak egin eta konpontzeko tailerra zen, zalantzarik gabe. Lurra altzairuzko txirbilez, alanbrez, azkoinez zein torlojuz eta daratuluz zulatutako xaflez betea zegoen. Eserlekuak okertu egiten ziren tornuen eta zerra mekanikoen azpian. Espazioan zintzilikatutako “gailuak” zeuden non-nahi. Horrelaxe deitzen zieten ere Wright anaiek Daytongo euren egitura aerodinamiko abaildu esperimentalei eta euren motor landugabeei. Hala ere, adierazgarriagoa iruditu zitzaidan Wright anaiak ere sinpletasunaren, mugimendu-perfekzioaren eta bitartekoen aurrezpenaren zaleak izatea. Haiek euren obra artista moduan hasi eta burutu zuten. Era naturalean iritsi ziren planeaketara eta kometekin egindako lanetara. Motor txiki bat eskuratu zuten eta hegaletara gehitu zuten; motorrarena ordea burutapen berankorra izan zen, estatubatuar espirituari egindako kontzesioa –arazo mekaniko soil batek ez zien gain hartuko–. Abiadura eta hegazkinen aplikazio komertzialak eta militarrak ere ez zitzaizkien interesatzen. Negozioek Wilbur Wright porrotera eraman zuten; eta Orville-ri ere eragin zioten, berrogei urteko gogogabekeria tristera bultzatuz. Calderrek aldiz zorte hobea izan zuen, ez baitzegoen behartua lehiatzera bere asmakizunak errentagarriak izateko.

Bere etxea, gizona bera bezala, hogeiko hamarkadan eraiki zitekeen soilik. Hamar urte lehenago, Calder Arte Ederretako akademiko bat izango zen –izan ere, estatubatuar artista ez zegoen orduan hainbesteko askatasunerako prest–. Hamar urte geroago aldiz gizarte-arazoei buruzko kezkak izango zituen, edo horien kontra borrokatuko zen sutsuki –David Smith-ek egin bezala–. Nolanahi ere, dilettantea, mutil bihurria, deserriratu bat izatearen abantaila guztiak eduki zitzakeen, baina hasierako bere bilakaera horrek ordea ez zion kontzientziaren arra xaxatu. Dilettantea zen aldetik, artea denbora-pasa izan zitekeelako eta ez zertan ogibidea, nahi beste esperimentatu zezakeen alanbrez egindako pertsonaia ospetsuen karikaturekin edo bere miniaturako zirkuko pailazo eta tximu bizidunekin. Mutil bihurria zen aldetik, muzin egin ahal zien Filadelfiako korronte nagusiaren tradizioei eta figura-egile “klasikoko” belaunaldi askori. Deserriratua zen aldetik, Calderrek zorte izugarria izan zuen bere irudimen kementsuaren pareko nazioarteko estilo bat aurkitu zuelako, estilo hori bere asmamen-indarraren gorenean zegoenean, Calderren asmamen berezia berarenak bezain libreak ziren era askotako mintzairekin aberasteko prest, eta artista estatubatuarren ekarpenak onartzeko irrikitan. Mondrian-en geometria lineal bizia; Duchamp-ek mugimenduaren inguruan egindako tramankuluak eta hurbilpenak; Arp-en forma biologiko askeak; Miró-ren fantasia poetikoa eta Freud-en munduko pertsonaia kirtenak; Gabo-ren eta Pevsne-ren beirazko eta plastikozko “konstrukzioak”… Horiek guztiak, Calder ordurako urratzen ari zen bide ezberdin eta itxuraz kapritxosorako zirikatzaile eta justifikazio izan ziren, influentzia baino gehiago. Ekarpen kolektibo hori gabe, gutxienez zalantzagarria izango litzateke Calderrek bere asmamen eta umore konbinaketa bitxia seriotzat hartzeko konfiantza nahikorik izango ote zuen. Benetan, laguntza horren bidez, bere tonu trufaria munduari buruzko gogoeta artistiko bihurtu zuen. Emaitzari oinarrizko arte deitu ahal izatea, edukiari ematen zaion garrantziaren araberakoa da, ematekotan esparru horretan soilik deitu ahal baitzaio Calderren eskulturari transzendentziarik gabekoa.

Calderrek berak ez du bere eskulturari buruzko asmo handiko baieztapenik egiten. Ez dauka handinahirik. Eta besteak aho bete hortz uzten ditu. Bere obraren jatorrizko motibazioa azaltzerakoan bakarrik baztertzen ditu dibertitzea eta plazer emate hutsa. Kontatu zidanez, zeruko unibertsoaren ikuspen batek hasten lagundu zion. Ingeniaritza ikasten hasi baino lehen, planeta-sistema erakusten zuten hamazortzigarren mendeko jostailuen lilura sentitu zuen. “Garai hartan motorrekin jolasten nintzen, hamabost baino gehiago izan nituen aldi berean. Nire inpresioa zen artea estatikoegia zela gure mugimenduzko mundua islatzeko. Orduan, 1930ean, Mondrianen estudioa bisitatu eta horman txintxetaz iltzatutako xaflak eta koloreztatutako kartoi zerrendak ikusi nituenean, nire buruari esan nion: “Ez al litzateke dibertigarria izango kulunkatuko balira?”. Hala ere, hurrengo asteetan pintatzeari ekin nion, eta gero lehenengo stabiles egin nituen”.

Gaur egun antzeko kezka bat du Calderrek neurri handi batean. Nire argazki-bildumari begiratu bat emanez, Carl Milles-en Bellerophonen argazki bati erreparatu zion, horizontalki oinarri baten gainean jarria Des Moines Art Center-eko iturrian. Burua astindu zuen.

“Zer gertatzen zaizu?”, galdetu nion.

“Ez du aurrera egitea lortzen!”

“Bera nahiko saiatzen da”, esan nion.

“Gehiegi. Miró ez da Milles bezainbeste saiatzen eta gehiago lortzen du”. Gero, jarraitu zitzaidan hizketan Miró eta bera Frantzia hegoaldeko estudio ia perfektu bat ikustera eraman zituen lagun bati buruz eta nola nahi zuten espainiar artistarentzako estudio bat alokatzea, une hartan ez baitzuen estudio propiorik. “Mirók ordea ez zion gainbegiratu bat ere eman. Kartoi zati urdin zurixka bat aurkitu zuen sagarren kaxa baten hondoan eta liluratuta harekin hasi zen jostatzen, ahapeka esanez: “Ez al da zoragarria?”, eta ez genuen lortu estudio perfektu hori aztertzerik. Aurkitu zuen nahi zuena”.

Galdetu nion eskultura batzuen aurpegiera tragikoa ea gustuko zuen, adibidez Michelangelo-ren Schiavi [Esklabuak], Louvren zeudenak.

“Artelan horien alde iluna saihestu egiten dut eskultura lantzeko nire eran”, esan zidan. “Dena dela, alde alai eta gozagarriak ere hor daude lan egokia egiten dudanean. Beharbada falta dutena sentimenduen sakontasuna da, zuk diozun bezala. Badakizu playboy fama dudala”. Hortz arteko barrea egin zuen. “Bistarako dibertigarriak diren gauzak egin nahi ditut, propaganda moduan batere erabilgarritasunik ez dutenak. Zintzoa naiz esaten badut gai erlijiosoko pinturetan forma plastikoek edo kolore zoragarriek hunkitzen nautela, eta Bosco-ren baitan, erlijioaren kontrakoa den arren, forma eta sinboloetarako duen asmamen agortezinak. Nire lagun Peter Blume-k zer edo zer esan nahi du. Nik aldiz ez. Eta nork du atarramentu hobea?”.

Eskuak altxa zituen galdera benetakoa zela adierazteko moduan. Naturako formek hunkitu egiten ote zuten edo inspirazioa ote zekarkioten galdetu nion. Bere emazte Louis-ak, William James filosofoaren iloba-biloba denak erantzun zuen bere ordez. “Autoz norabait goazenean, Sandy-k jende gehienak itsusitzat dauzkan edo baloratzen ez dituen gauzen edertasunari erreparatzen dio, adibidez garabiei, gas-biltegiei, herdoilez jositako makina abandonatuei, zubiei”. Louisa Calderrek, dagoeneko amona den arren, ezohiko gaztetasuna eta erakargarritasuna dituela dirudi.

“Maite dut zuhandor-zuhaitza”, bota zuen Calderrek, “beharbada daukan formagatik”. Leihotik horietako bati begiratu zion. “Forma horrek gauzak bertan esekitzeko aukera ematen du. Arrosondo batek ordea gaztetasunaren gorri bizia besterik ez du. Ez dauka formarik”. Egin nion galderari erantzun zion. “Nire lan-metodoari dagokionez: lehenengo-lehenengoa aldartea da. Euforia. Euforia zerbait ona lortzen badut sentitzen dut bakarrik. Marrazki aski konplexuak egiten hasi ohi nintzen, baina orain forma kopuru handi bat ebakitzetik hasten naiz. Gero leundu eta eskuila pasatzen diet. Batzuk gorde egiten ditut bistarako esker onekoak eta dinamikoak direlako. Batzuk ustekabean aurkitu ditudan zatiak dira. Gero mahai baten gainean jartzen ditut, papier collé bailitzan, eta “pintatu” egiten ditut… Alegia, mugikor baterako badira, piezen artean alanbrea jartzen dut gehienetan forma orokorrak osatzeko. Azkenik, apur bat gehiago ebakitzen ditut artaziekin, oraingoan orekari eutsi diezaioten”.

Ez nion Calderri galdetu nola zekien pieza bat amaituta dagoela. Galdera horixe egin zioten telebistarako elkarrizketa batean, eta berak era egoki batean erantzun zuen: “afariko txirrinak jotzen duenean”.

Lipchitz-i egin nion galdera bera egin nion: eraikin baterako eskultura osagarriak edo betegarriak enkarguz egiten ea atsegin hartzen zuen. Baietz erantzun zidan. “Sarritan eskulturek hobera egiten dute euren kokapenarekin eta eskalarekin bat datozenean. Behin, kiribilezko eskailera-kaxa batean gora egiten zuen eskultura bat diseinatu behar izan nuen…, benetan problema zirraragarria!”.

Eguna oso bero zabaldu zen, eta ekaitz batek atmosfera are gehiago hezetu zuen; ondorioz, igeri egitera joatea erabaki genuen. Calderren sabelalde itzeletik nirera egokitu zitekeen bainu-jantzia bilatzen genuen bitartean, solairu bakarrekoa zirudien etxeko txoko askotatik ibili ginen: sabai baxuko gela bakoitza hurrengo gela baxuarekin komunikatua zegoen, eta gero beste batekin, teleskopio bat bailitzan, eta itzaliz zihoan eguzkiaren argiak perspektiba zoragarriak osatzen zituen jarraian, goitik zintzilikatutako mugikorrek biziarazitakoak eta belarrirako atzemangarri egindakoak, haize leunak horiek inarrosten baitzituen eta elkarren kontrako txintxin hotsak eragiten.

Aipatu egin dut etxea ere hogeiko hamarkadako produktua ematen duela. Zaila da ordea zergatik esaten. Beharbada ukitu bohemioekin berregindako etxe kolonial zaharra delako? Lurretik sabairaino, ateak barne, hormak estaltzen dituzten argazki, gutun eta marrazkiengatik? Ukitu surrealistengatik..., argazki bateko aurpegia zulatzen duen txintxeta bat bezala?

Calderrek hamazazpi akreko finka eder hori 3.000 dolarretan erosi zuen, Connecticuteko iparraldea Westchester konderria bezain modakoa bihurtu baino lehenago. Baserritar bizilagun batek doan erabiltzen ditu larreak. Etxearen atzean eta albo batean bi solairutako estudioa dago, bihitegi zahar batean berreraikia. Beste aldean, eta sakonera gutxiko igerilekuaren aurrean beste etxe txiki bat dago artistak bere amarentzat eraikitakoa. Bere amak laurogeita hamar urte ditu eta gurekin berriketan ahots kementsuz eta begirada zorrotzez ziharduen bainua hartzetik oinez bueltatu ahala. Calderri amak bere eskulturak gustuko ote zituen galdetu nion. “Begira”, esan zidan, “esan dezagun aitarenak bezalakoak ez izatearen damua gainditu duela”. Frantziako etxean urte osoz bizitzea eragozten zion gauza bakarra, esan zidan, ama zen; nahiko gaixotzen zen bera denboraldi batez Connecticuten ez zegoenean. “Hiltzear dagoen bakoitzean iristen naizenean, mirari bat bailitzan bera bizkortu egiten da. Gure alaba gaztea Putneyko (Vermont) ikastetxe batera doa, eta horrek ere hemen geratzeko arrazoi bat ematen digu, normala den bezala”.

Estudiora joan ginen argazki batzuk egitera. Ingude eta soldagailuen artetik, lehenago antzeman ez nituen objektu batzuei erreparatu nien: hondartzan itsasoak utzitako egurrak eskultura moduan landuak, sustraiak, txotxongiloak. Galdetu nion sinisten ote zuen eskultura figuratiboak etorkizuna zuela. “Epstein eta Germaine Richier oraindik ere bizirik daudela dirudi”, esan zidan. “Aurkitutako objektuez” soilik egindako mugikor bat aztertzera joan nintzen, eta berak nire pentsamendua asmatu zuen. “Soilik funtzionatuko du asmatzear egon zaren forma bezain gauza ona aurkitzen baldin baduzu. Koilarak zein botila zatiak erabili ditut, baina oro har, norberak zer edo zer hobea egin dezake, beharbada diseinua aurkitutako horretan oinarrituz. “Eskultura baten eduki emozionalari buruzko zure jatorrizko galderara itzuliz”, esan zidan hitzak arrastatuz, “uste dut artelan moderno baten aurrean ikusleak emozioaren erdia baino gehiago jarri behar duela. Mugikor bat ikusmiratzen duen jende gehienarentzat, mugitzen diren objektu lauen multzo bat besterik ez da. Hala ere, beharbada gutxi batzuentzat poesia izan daiteke. Uste dut emozio jakin batekin identifika ez daitekeen artelan batek irudimenerako askatasun handiagoa ematen duela. Hori da eskultura figuratiboak daukan muga. Askotan emozioak hesitzen gaitu, eta paralizatu”.

Sartu berria zen emaztea harritu egin zen bera horrela hitz egiten entzuteaz. “Gehienetan”, esan zidan emazteak, “Sandyk txantxetan hartzen ditu galderak”. Sandyk irribarre egin zuen bere masailezur astunen artetik, keinua apur bat lehor beharbada baina alai, baieztapen hori txantxetan hartuko balu bezala. Ez zen horrela ordea. “Bere obra bere erlijioa da”, esan zuen jarraian Calder andreak. “Berak beti adierazten du bere plazeraren zentzua eta bere joie de vivre. Ez da gizon atsekabetua. Ez dago nahigabetuta. Gozatzen du bizitza”. Erabateko deboziozko begirada eman zion.

Calderri begiratu nion, bera emazteari begira ari zitzaion, eta gero bere obrara. Sinetsi egin nion emazteari.

Rodman, Selden: “Conversations with Artists”, Devin-Adair, New York, 1957, 136-142. or.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]