Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Arte abstraktuak niretzat duen esanahia

Alexander Calder

Izenburua:
Arte abstraktuak niretzat duen esanahia
Egilea:
Alexander Calder
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Materiala | Mugimendua | Ingurunea eta natura
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Arte abstraktuaren esparruan, Parisen Piet Mondrian-ek zuen estudiora 1930ean egindako bisita baten ondorioz hasi nintzen.

Txunditu egin ninduten txintxetekin horman jarritako kolorezko laukizuzen batzuek, Mondrianen izaerarekin bat zetorren eredu baten araberakoak.

Esan nion horiek kulunkatu nahi nituzkeela…, eta berak ezezkoa eman zidan. Etxeratu nintzen eta koadro abstraktuak pintatzen saiatu…, baina bi asteren buruan material plastikoetara itzuli nintzen.

Uste dut garai hartan, eta ia ordudanik, nire obraren oinarrian dagoen formaren zentzua Unibertsoaren sistema izan dela, edo bere zati bat; izan ere, eredu handiegia da harekin lan egiteko.

Esan nahi dut formen iturri ideala iruditzen zaidala espazioan flotatzen duten gorputz solteen ideia, tamaina eta dentsitate ezberdinekoak, beharbada kolore eta tenperatura ezberdinekoak, eta gas-egoeran dauden kiribiletan nahastuta eta horiez inguratuta, eta batzuk geldirik, beste batzuk aldiz era berezian mugitzen.

Gustura erabiliko nituzkeen, batzuk oso elkartuta eta batzuk distantzia handiz bereizita.

Ezberdintasun handiak daude gorputz horien nolakotasunetan, baita euren mugimenduetan.

Niretzat une hunkigarria izan zen planetariora egindako bisita..., funtzionamendua esplikatzeko makineria azkar-azkar zihoan unea: planeta bat marra zuzen bat segitzen mugitzen zen, gero 360ºko bira osoa egiten zuen alde batera eta jarraian, ziztu bizian ateratzen zen lehengo noranzko berean.

Beltza eta zuria erabili ditut batez ere, kolore ezberdinenak izateagatik. Gorria da bi horietatik kolore aurkakoena… eta gero, azkenik, beste kolore primarioak. Kolore sekundarioek eta tarteko tonuek ezberdintasuna eta argitasuna nahastu eta korapilatzeko besterik ez dute balio.

Esferak eta diskoak erabili ditudanean, bere horretan direna baino gehiago adieraz zezaten saiatu naiz. Izan ere Lurra bera, esfera bat ez ezik, kilometro asko dituen gas-geruza batek inguratzen duen planeta da, sumendiak dituena eta ilargia inguruan itzulinguruka; eta berdin eguzkia, esfera bat hori ere…, baina bero-iturri ahaltsua ere bada, eta efektuak distantzia luzeetatik sentitzen dira. Egurrezko bola eta metalezko diskoa objektu nahiko hutsalak dira, ez dute barnetik zer edo zer isurtzen ari direlako sentsazioa ematen.

Angelu zuzenean gurutzatzen diren alanbrezko bi zirkulu erabiltzen ditudanean, niretzako hori esfera bat da…, eta metalezko bi xafla edo gehiago erabiltzen ditudanean bertatik formak ebakiz eta formok euren artean angeluak osatzeko muntatzen ditudanean inpresioa dut forma trinko bat, beharbada ganbila edo beharbada ahurra dena, euren arteko angelu diedroak betetzen ari dela. Ez dut iruditu dezaketenaren ideia zehatzik, besterik gabe atzeman egiten dut eta ikusi egiten ditudan formak jorratzen ditut.

Gero, flotatzen duen objektuaren ideia dago…, euskarririk gabe… Objektuari heltzeko, hari oso luze bat edo airean dagoen habe fin hegalkina erabiltzeak lurrarekiko askatasun horretara hurbiltzeko bitarteko onena dirudi.

Beraz, ez dut zehazki pentsatzen dudana egiten, zirriborro antzeko bat baizik, gizonaren eskuak egindako hurbilpen bat.

Gainontzeko pertsonek nik buruan daukadan hori atzematea ez da hain garrantzitsua, haiek zerbait atzemateko gai diren bitartean behintzat.

Calder, Alexander, “What Abstract Art means to me”, The Museum of Modern Art Bulletin 18. lib., 3. zk., 1951ko udaberria, 8-9. or. [1951ean Témoignages pour l’art abstrait-en itzulita]

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]