katalogoa
Alexander Calder, errementari bat hirian
Maurice Bruzeau
- Izenburua:
- Alexander Calder, errementari bat hirian
- Egilea:
- Maurice Bruzeau
- Argitalpena:
- Madril: TF. Editores, 2003
- Neurriak:
- 27 x 29 cm
- Orrialdeak:
- 308
- ISBN:
- 84-89162-13-1
- Lege gordailua:
- M-11588-2003
- Erakusketa:
- Calder. Grabitatea eta grazia
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Materiala | Mugimendua | Tamaina | Gerra | Alaitasuna
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Calder, Alexander
Toursetik hurbil ezagutu nuen Alexander Calder. Indreren ibaiertzean, Balzac-ek Le lys dans la vallée [Haraneko lirioa] idatzi zuen gaztelutik gertu. Denbora luzea eman genuen hango tailerretan, gela horietan sortzen baititu mugikorrentzako nahiz estatua higiezinentzako maketak, aluminioz nahiz burdinaz egindakoak. Gela horietatik handienak azkenean metalez 1/5 eskalan burutuko diren eskulturak gordetzen ditu bere baitan. Aipatu behar da artistak tailer bat ere baduela Connecticuteko Roxburyko bere etxean (AEB); hori baita bere bizilekua 1933tik. Calder txikia eta mardula da, eta bere aurpegi erabat adierazkorra ilez dago koroatua; ile horren jabea lan egitera eta lanerako aukeratutako materialen erresistentziara ohitutako gizon bat da, txikikeriei atentzioa jartzen ez diena. Pertsona goibela dirudi, lehenengo begiradan ia isila, baina maitagarria, zintzoa, alaia bere konfiantza irabazten duzunean, adiskidetasuna sortzen denean. Calderren hizkera lañoak ez du zerikusirik arte plastikoei buruzko teorialari baten diskurtso dotoreekin. Berak moztu, ebaki, soldatu, ijetzi eta forjatu egiten du: bere obra da bere hitza. Horiek dira beraz jaso ditugun hitz eta pentsamenduak, bere horretan, uzta preziatu bat bezala, esklusiboa: zalantza izpirik gabe, esaldi-multzo honek edozein azalpenek baino ezagutza hobea ematen digu Calderri buruz.
Eskultura bat hirian erabili beharko litzateke ibaietako eta itsasoko nabigazioan seinale zutoin bat bezala, bere disko gorri, karratu eta triangelu beltzekin. Hiri barruko seinale peto-peto izateko diseinatu beharko litzateke.
Oraindik maketa fasean aluminioz eta tamaina txikian dagoenean ere, objektua erabat asegarria izan behar da, tamaina handian egiteko asmoa izan edo ez gorabehera.
Ingeniari izateko ikasi nuen, gero lan egin nuen eta nire bide propioa bilatu nuen eskultore moduan, presarik gabe, han-hemenka bizi ahal izateko enplegu txikiak onartuz. Nire buruari beti esaten nion: “batek teknika apur bat behar du, enplegu horietarako nahikoa dena, baina ez dago lasterka ibiltzeko beharrik! Ez du honek asko iraungo”. Eta bai, egia zen. Egun batean, Washington Estatuan egurketari lanean niharduela, amari idatzi nion niri koloreak bidaltzeko, ama pintorea baitzen. Basoa inguratzen hiru goi-mendi zeuden, eta nire lehenengo mihisean irudikatu nituen. Gero New Yorkera joan nintzen pintura estudiatzera, eta Parisen eskultore bihurtu nintzen. Batere presarik gabe.
Estatua mugikor oso handiak egin ditut, eta beste batzuk aldiz egokiak dira barruko tamainetarako, adibidez eskailera-buru baterako. Dena dela, gauzak ez lirateke beti mugitu behar. Ez halabeharrez. Gainera, estatua mugikor batzuk poligono jaso batzuetara lotuak daude: denbora gehienean geldirik daude; haizeak jotzen duenean ordea eta batek nondik egiten duen ere ez dakienean, orduan itzuli eta kulunkatu egiten dira. Hala ere, oso altu daudenez gero, inor ez da kezkatzen.
Mugimendu gehiegizkoa al dago hirian? Nik eskulturak sortzen ditut, estatikoak zein mugikorrak, bizidunak zein bizigabeak, eta ez dut metroko eta autoen zaratan edo mugimenduan pentsatzen. Horrek, eskulturak kokatzeko aukeratutako guneen arazoa planteatzen du, eta ez alderantziz. Eskultura estatikoei dagokienez, azter dezagun Grand Rapids (Michigan) hirikoa. Gorriz pintatua dago eta zutik agertzen da eraikin modernoen artean, oinezkoentzat erreserbatutako plaza baten erdian, plaza handi eta eder batean. Jendea eskulturaren inguruan paseatzen da, bertan jartzen dute hitzordua eztabaidatu edo manifestatzeko. “Gauza” hori oso ondo integratua dago hiriko paisaian. Grands Rapids, artelana hirigintzan integratzearen adibide egokia da. Eta alda zitekeen, mugikorra izan zitekeen estatikoa izan beharrean, batere arazorik gabe.
Beste adibide bat. Montrealgo altzairu herdoilgaitzezko nire estatua estatikoa ibaitik gertu dago eta espazio handia du bere inguruan, oso ondo diseinatutakoa gainera. Eskultura, beraz, kokapen egokian dago.
Sarritan errementari deitu izan naute. Errementari lana oso zaila eta noblea da.
Niretzat, oinarrizko bi koloreak beltza eta zuria dira. Alde batean gorria jartzen dut, eta bestean, urdina. Urdinaren ondoan, hori eta laranja pixka bat. Ez asko ordea. Gainontzeko koloreak ez zaizkit interesatzen.
Ez dut jendea zoriontsuagoa egin nahi nire obraren bidez, baina kasualitatea edo, nirea den zerbait duten guztiek, pintura edo eskultura, mugikorra edo estatikoa, oso zoriontsu egiten dituela esaten dute. Adibidez, umeek maite dituzte estatua mugikorrak, eta euren esanahia berehala ulertzen dute. Umeak nire erakusketetan pozez korrika eta builaka ikusi ditut, hemen Frantzian, Estatu Batuetan edo Britainia Handian. Berez dituzte gustukoak.
Ez da nire asmoa ere “poesia teknologiko” bat sortzea! Eduki, autorik ere ez daukat. Eskultura bat ezin da mekanikoki egin. Logikoa denez, objektu handienak behin betiko tamainan fabrikan burutzen dira, nik orain ez dudalako astirik eskala handian egiteko. Egia da, estatua mugikorren kasuan, fabrikan egiten diren giltzadurak mekanikoegiak direla. Nahiago ditut nik egindakoak, baina ez dago bestelako konponbiderik tamaina handien arazoarentzat.
Atmosferako gai kimikoek eta kutsadurak eragiten dietela? Metala herdoildu egiten da..., ados, urtero berriro pintatu behar da. Material egokiena altzairu herdoilgaitza da, baina soilik Montrealgo nire eskultura dago osoki material horretaz eginda. Estatua mugikorretako elementu batzuk, adibidez “barrak edo xaflak” batzuetan herdoilgaitzak dira. Uste dut hori dela korrosioaren kontrako erantzun onena. Nire estatua estatikoek ez dute batere gatazkarik sortzen. Beharbada batzuetan kezkatuta daude, baina euren berezitasunagatik, euren nortasunagatik.
Nire estatua estatikoak ez dira mugikorren osagarri. Azken hauek alaiagoak izan daitezke airekoak direlako eta mugitzen direlako. Nire estatua estatikoak eta mugikorrak gatza eta piperbeltza bezalakoak dira. Elkarrekin jar daitezke, edo bereizita.
Ez dut uste nire eskulturetako bat ere tristea denik. Lehenik eta behin, eskulturak egiten ari naizenean zoriontsua naizelako. Gainera, eskulturek euren tamaina egokia eskatzen dute: batzuek txikiak izaten jarraitu nahi dute, beste batzuek haztea eskatzen dute... Egia da hala ere “gauza” batzuk tristeak daudela..., dauden tokian egoteagatik: Europan zein Amerikan arkitektoek bakarrik erabakitzen dute non kokatuko diren. Inoiz ez didate galdetu eskultura batek hiri-ingurune batean izango duen integrazioari buruzko iritzirik. Arkitektoek eraikitzen dute, eta geroago eurek artelana non jarri erabakitzen dute. Alderantzizko lana egiten dute.
Norentzako planeatu beharko litzateke artea, komunitatearentzat edo artearen maitale aberatsentzat? Nire aldetik, nik lan egiten dut, eta hori da dena. Frantzian badago lege bat %1 ezartzen duena ikastetxeetarako, baina batzuetan eskatutako artelanek %1 horretan gordetako fondoek baino bizpahiru bider gehiago kostatzen dute.
Gustukoa dut bakarrik lan egitea. Emaztea ez da inoiz estudiora sartzen, ilunabarrean izan ezik, egunean egin dudana ikusteko. Beti egin diot uko elkarlanean aritzeari, adibidez gazteekin, askotan eskatu didaten arren.
Lan egiten dudanean, enkargua komunitatearentzat denean ere, ez dut halabeharrez gizateria guztian pentsatzen. Batez ere pentsatzen dut maite ditudanek eta konfiantzakoak direnek zer esango ote duten nire artelanaz: emazteak, lagunek eta batik bat ni bezalako estatubatuar batek: James Johnson Sweeney arte kritikari handia… Ez dut uste ere artista batek eskultura batean Pearl Harbour, bonba atomikoa edo oro har gerra bezalako hondamendiak irudika ditzakeenik. Bai ba, mundua ikaragarria da eta gerra eten egin behar da. Eta ez da berririk sortu behar; izan ere, gerrak ingurumenarentzako..., baina, nola adierazi daiteke hori guztia plastikaren bidez? Lanean dihardudanean alde batera uzten ditut horrelako gauzak eta asko lan egiten dut.
Niretzat metala ez da laguna, ezta etsaia ere. Luzaro aztertu dut metala, eta berarekin adostasun batera iritsi naiz!
Bruzeau, Maurice, “Alexander Calder, a Blacksmith in the Town”, Revue Française des Télécomunications, 1973ko abendua, 47-51. or.
[Itzultzailea: Bitez-Logos®]