ERRUSIA!
Alexander Deineka, Ehungintzako langileak
Yuri Pimenov, Mosku berria
Iruzkinak
Kazimir Malevich, Emakume-soina
- Izenburua:
- Kazimir Malevich, Emakume-soina
- Erakusketa:
- ERRUSIA!
- Gaiak:
- Emakumea artean | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Sinbologia | Errusia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa | Suprematismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Malevich, Kazimir
Pintura hau Kazimir Malevich-ena da. Malevich hogeigarren mendeko arte abstraktuaren garapenean artista garrantzitsuenetakoa izan zen, bai Errusian eta bai mendebaldean. Emakume-soina lan berankorra izan zen; hain zuzen ere, 1928 eta 1929 artekoa da. Garai hartan, sobietar pintura ofiziala gero eta atzerakoiagoa zen estiloaren aldetik, eta ia argazkilaritzazkoa zen errealismoaren alde egiten zuen. Baina, horren aurka, Malevichen emakume-irudia denborarik gabeko espazio abstraktuan dago. Irudiaren forma kolore eremu lauez osatuta dago. Aurpegi hutsak interpretazio psikologikoa egitea eragozten du: aurpegian ezer irakurtzeko saio guztiek ikuslearengana jotzen dute berriz. Hondoa kolore biziko marraz osatuta dago, eta hor ere zaila da ezer ulertzea. Hasieran, ematen du urruntzen den espazioa irudikatzen dela, espazio ezaguna, alegia; agian landa zabaleko zelaia. Baina laster atzematen da gainazal laua dela, uler daitekeen esanahi identifikagarririk gabea.
Malevichen beste lan bat ere erakusten da hemendik gertu: Emakume langilea, 1933koa. Hemen, hainbat xehetasun naturalista harrigarri dago, hala nola emakumearen begiak eta besoetako gihar eta zainak. Baina irudia, oro har, oso estatikoa da. Emakumea atzealde lauaren kontra dago. Keinu artifizialek errusiar ikonoak gogorarazten dituzte, eta lanari izaera irreala eta sinbolikoa ematen diote.
Ezkerraldeko beheko izkinan lauki beltz bat dago, txikia izanagatik ere erraz bereizten dena. Horrek Malevichen artearen eta teoriaren elementu nagusiari egiten dio erreferentzia; nerabezaroan garatu zuen bere teoria, eta suprematismoa deitu zion. Garai hartan, pintura bere adierazpen huts eta abstraktuetaraino eraman zuen, eta hondo zurien gaineko oinarrizko forma geometriko koloredunak baino ez zituen erabiltzen. Pintura honetan lauki beltza egotea hainbat eratan interpretatu da. Batetik, agerikoa da Malevichen izenpea dela. Bestetik, ulertzen da, lana oinarrian figuratiboa izan arren eta gobernuak arte modernoa era sistematikoan zapaltzen zuen garaian sortu zen arren, Malevichek abstrakzioaren printzipioekin engaiatuta jarraitzen zuela.