ERRUSIA!
Oleg Kulik, Emakume kirolaria eta Kosmonauta
Iruzkinak
Vadim Zakharov, Errusiako artearen historia. Abangoardietatik kontzeptualisten Moskuko eskolara
- Izenburua:
- Vadim Zakharov, Errusiako artearen historia. Abangoardietatik kontzeptualisten Moskuko eskolara
- Erakusketa:
- ERRUSIA!
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta umorea | Artearen historia | Sorkuntza artistikoa | Errusia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Zakharov, Vadim
Vadim Zakharov-en lan hau 2003koa da, eta bere izenburua da Errusiako artearen historia. Abangoardietatik kontzeptualisten Moskuko eskolara. Era askotan, erakusketa honetan egin duzun bidaiaren azken zatia da. Baina, hogeigarren mendeko garapen artistikoa laburbiltzen duen bezalaxe, artea sailkatzeko saiakera guztien parodia ere egiten du.
Instalazioan bost egitura edo gela daude elkarri lotuta, eta artxibatzeko kutxa erraldoien itxura dute. Gela bakoitzaren aurrealdean hogeigarren mendeko errusiar eta sobietar artearen mugimendu esanguratsuen izenak ageri dira. Mugimendu bakoitzarekin batera, hitz bakarreko azpititulua ere azaltzen da. Adibidez, abangoardiekin batera utopia ageri da; errealismo sozialistarekin batera, ideologia, eta abar. Abangoardiei dagokion gela hiruki gorri erraldoiak ebakitzen du. El Lissitzky-k 1919an sortutako Jo zuriak ziri gorriarekin pintura ospetsua adierazten du. Abangoardien gela beste hainbat eratan ere bada bereizgarria: tarte batek beste geletatik banatzen du, eta ezin zara sartu. Ateak itxita daude, sartzea saiheste aldera. Barrutik zurrunka hotsa entzun daiteke.
Baina beste gelak esplora ditzakezu. Bakoitzak museo txiki edo galeria gisa funtzionatzen du, eta garai bakoitzeko lan esanguratsuenetako batzuen kopiak erakusten dira. Azken gelan, Moskuko Eskola Kontzeptualari dagokionean, artxibatzeko kutxen apalak daude; alegia, egitura erraldoi osoa hor oinarritzen da.
Zakharovek baieztatzen duenez, “bere lanak frogatu egiten du ezinezkoa dela gure kulturaren hizkuntza burokratikotik kanpo bizitzea”. Halaber, nabarmentzen du historiak arte guztia epaituko duela, eta egungo artea ez dela salbuespena. Gaur egungo artea oraindik garatzen ari den lana da, eta denborak baino ez du erakutsiko hemen ikusitako zer artistak izango duen toki iraunkorra artearen historiako artxiboetan.