Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
John Singleton Copley, Soineko urdina daraman emakume baten erretratua (Portrait of a Lady in a Blue Dress), 1763
Gilbert Stuart, George Washington (Munro-Lennox erretratua bezala ere ezaguna), 1800 inguru
Iruzkinak
Charles Willson Peale, Benjamin eta Eleanor Ridgely Laming, 1788
- Izenburua:
- Charles Willson Peale, Benjamin eta Eleanor Ridgely Laming, 1788
- Erakusketa:
- Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
- Gaiak:
- Generoa eta sexualitatea | Artea eta literatura | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erretratua eta autorretratua | AEB | Sentimenduak | Maitasuna
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Peale, Charles Willson
Benjamin eta Eleanor Ridgely Laming-ek ia-ia bost urte zeramatzaten ezkonduta 1778an Charles Wilson Peale-k egindako erretratu bikoitz bikain honetarako jarri zirenean. Emaztea Baltimoreko sona handiko familia batekoa zen; senarra, berriz, azukrea, rona eta ardoa saltzetik aberastutako merkataria. Bikotea paisaia ireki batean dago kokatua. Urrunean Baltimoreko portua ikus daiteke.
Peale Philadelphiako erretratugile nagusienetako bat zen, eta Amerikako independentziaren defendatzaile porrokatua. Bere egunerokoetan idatzi zuenaren arabera, ezohiko esfortzuak egin zituen erretratu honetarako, eta modeloei ere hainbat eserialdi egiteko eskatu zien. Baina pintura hau beste hainbat alderdigatik da bitxia. Lan honetan sentimenen garra nabaria da: Lamingek maitasunez begiratzen dio emazteari; eta Eleanor Lamingek ezkerrerantz begiratzen badu ere, honen besoa maitekiro dago senarrarenean bermatuta. Ezohikoa bada ere, gizonaren burua, makalduta ageri dena, ia-ia etzanda, emakumearena baino baxuago dago. Euren gizontasun eta emakumezkotasuna azpimarratzen dituzten objektuak dauzkate: gizonak teleskopio bat; emakumeak fruitu eta loreak. Jarrera horiek XVIII. mendeko euren mailako ezkontideen artean eta jendaurreko irudietan ezohikoa zen intimitate afektiboa erakusten dute.
Lehen ikusian, elkarren gogoko diren bikote garaikide bat ageri du erretratuak. Hala ere, hainbat ezaugarrik dimentsio alegoriko bat egon daitekeela adierazten dute. Eleanor Lamingen soineko zuri lasaia ez da garaiko modaren berezkoa eta, ziurrenik, artistaren irudimenetik aterea da. Izan ere, garai hartako emakumezkoen soinekoek gorputz estu eta hezurtsuak egiten zituzten, koloretsuak ziren eta mahuka luze eta estukoak. Urrunean, ezkerraldean, loro bat ageri da, osagai harrigarria Marylanden. Esan izan da erretratu hau literatura-gai batean oinarritzen dela, hain zuzen ere, Rinaldo-ren eta Armida-ren istorioan —Torquato Tasso XVI. mendeko poeta italiarraren poema epiko bateko maitaleak—. Hori horrela bada, pintura honek narrazio erromantikoaren gehigarri bat izan dezake, non zaldun kristau bat sorgin turkiar batekin maitemintzen den lorategi magiko batean.