Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
Hirugarren atalerako sarrera: Kosmopolitismoa eta Nazionalismoa
John Singer Sargent, Barrualdeko eszena Venezian, 1898
Iruzkinak
Mary Cassatt, Uda, 1894
- Izenburua:
- Mary Cassatt, Uda, 1894
- Erakusketa:
- Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
- Gaiak:
- Emakumea artean | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Itsas paisaia | Feminismoa | Natura | Paris
- Mugimendu artistikoak:
- Inpresionismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Cassatt, Mary
Margo honek Uda izena du. Mary Cassatt da egilea, garai modernoan nazioarteko emakumezko artista garrantzitsuenetako bat. Cassatt Amerikako familia aberats eta ikasi bateko alaba zen, baina bizitzaren gehiengoa Parisen eman zuen margolari moduan. Han, Parisen, pintore inpresionista modernoen taldeko kide garrantzitsu bihurtu zen. 1894an chateau (gaztelu) bat erosi zuen Paris kanpoaldeko landa-ingurunean. Hantxe margotu zuen udan urmael bateko ontzi batean lasai-lasai diren emakumearen eta haurraren irudi hau.
Eszenak intimitate eta berehalakotasun zentzu bat du. Badirudi figurak ureko ahateek liluratu dituztela. Cassattek etxean edo natura paisaietan ageri diren emakume eta haurren hainbat irudi margotu zituen. Feminista sutsua izan zen bizitza osoan, eta Baudelaire-ren bizitza modernoari buruzko heroismo ideiak erabili zituen emakume modernoaren irudikapen heroikoa sortzeko. Hain zuzen ere, gai horri zegokion mural erraldoi bat margotzeko hautatu zuten Cassatt; izenburua “Emakume modernoa” zen eta 1893ko Chicagoko Erakusketa Unibertsalerako egin zezan eskatu zioten, Emakumeen Eraikinean jartzeko.
Cassatten arte-ibilbideak aldaketa garrantzitsua jasan zuen Edgar Degas-ek bere lana ikusi eta miretsi zuenean. 1877an Degasek Inpresionisten zirkuluaren aurrean aurkeztu zuen eta bertan sartzera gonbidatu zuen. Honelaxe esan zion lagun bati:
“Atsegin handiz onartu nuen. Azkenean askatasun osoz lan egin ahalko nuen... Arte konbentzionala baztertzen nuen. Momentu hartan bizitzen hasi nintzen”.
Margo honetan pintatzeko modu lasaia eta askea nabari da. Horixe izan zen pintura Inpresionistaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Begira itzazu, bereziki, ur-gaineko uhinak irudikatzen dituzten pintura-guneak eta elkarren osagarri diren koloreen marra luze eta biziak direla ikusiko duzu: gorria berdearen aurrean, urdinak laranjekin batera. Konposizioan ez da horizonterik ageri eta espazioaren zentzu laua da nagusi. Horrek margo japoniarrek hainbat artista modernoren lanetan izan zuen eragina erakusten du. Margolan hau Cassattek artistikoki unerik garaienean egindako lanaren adibide ezin hobea da.