Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
George Caleb Bingham, Txalupako marinel alaiak, 1877–78
Winslow Homer, Arriskuaren seinalea, 1890
Iruzkinak
Thomas Eakins, Borrokalariak, 1899
- Izenburua:
- Thomas Eakins, Borrokalariak, 1899
- Erakusketa:
- Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
- Gaiak:
- Giza gorputza | Artea eta kirola | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Biluzia | Erretratua eta autorretratua | Filadelfiako Arte-Ikasleen Liga | AEB
- Mugimendu artistikoak:
- Errealismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Eakins, Thomas | Homer, Winslow
Margo handi eta indartsu hau Thomas Eakins-en azken lan nagusietako bat izan zen, eta funtsezkoa izan da Amerikako artearen historian. Mende berriaren atarian margotu zuen, 1899an. Margoan bi kirolari ageri dira, borrokan elkar lotuak. Konposizioa oso labur-zehatza da. Atzean, koadroaren izkinak eskuinaldeko bi figura mozten ditu, eta, beraz, euren hankak baino ez ditugu ikusten. Ia guztiz biluzik dauden atleten artean, jantzitako gizon bat dago, eta horrek are nabariago bihurtzen du figuren biluztasuna eta larruazal hutsaren izaera leuna. Barruko testuinguru narratiboan ez da askoz gehiago ageri, eserita agertzen den bosgarren figura biluzi bat izan ezik, gelaren atzealdera begira. Pintorearen “mozketa” horrek behartu egiten gaitu, ikusle garen aldetik, zoruan zapalduta eta gorputzak korapilatuta ageri dituzten borrokalariei aurre egitea.
Eakinsentzat izugarri garrantzitsua zen anatomia bertatik bertara, zuzeneko modeloetatik aztertzea. Medikuntza-klaseetara joaten zen gorputza xehetasunez ikusteko. Prestakuntza akademiko horrek giza gorputza irudikatzeko sekulako dohaina eman zion. Baina ezohiko intentsitate psikologiko bat ere gehitu zien irudi horiei. Eakins-ek hainbat ingurune ezberdinetan margotu zituen gizon-emakumeak; adibideetako batzuk areto honetan bertan ikus ditzakezu. Erretratugile ezaguna zen, baina, gaur egun, gizonezkoak jarrera errealistetan biluzik margotzeagatik da ospetsuagoa.
Gorputzean jartzen zuen enfasiak arau viktoriarrekin egiten zuen talka: hala, bizi artean eztabaida sorrarazi zuen, defendatzen baitzuen bere lantoki zen Pennsylvaniako Akademiako arte-ikasle gizonek ez ezik, emakumezkoek ere sartu behar zutela zuzeneko marrazketa klaseetara. Azkenean, Eakins Akademiatik bota zuten, baina halakoa zen bere ikasleen leialtasuna, askok berarekin batera alde egin eta Filadelfiako Arte-Ikasleen Liga sortu baitzuten, euren irakasleak irakasten jarrai ziezaien.
Winslow Homer-ekin batera —eta Homerren lanak ere ikus ditzakezu erakusketa honetan—, XIX. mendeko Amerikako pintore errealista bikainenetako bat da Eakins.