Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
Lehenengo atalerako sarrera: Kolonizazioa eta Matxinada
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Art in the USA: 300 urteko berrikuntza
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta identitatea | Artea eta umorea | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kontsumoa | Guggenheim Bilbao Museoa | AEB
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Bourgeois, Louise | Holzer, Jenny | Koons, Jeff | Serra, Richard
Erakusketa hau Estatu Batuetako arteak 300 urtetan izan duen aberastasunari eta aniztasunari buruzko sarrera bat da. Kronologikoki nahiz gaika, sai ataletan dago banatuta. Aretoetan barna joan ahala, “Mundu Berria”ren kolonizazio-garai goiztiarretik hasi, XIX. mendeko gatazka eta zabalkunde garaitik pasaz, modernotasunaren garai zirraragarriko artelanak eta gaur egun Amerikan egiten diren lan liluragarrienak ere ikusi ahal izango dituzu.
Sortu berri zen nazio hartako buruzagi asko uzkur ageri ziren euren herrialdeko artearen balioari zegokionez. John Adamsek, adibidez, Amerikako Estatu Batuetako Presidente 1797tik 1801 arte, arteak demokraziarekin bat ez zetorren eragin ustela zekarrela uste zuen. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, amerikarrek euren buruaz eta euren herrialdeaz zeukaten ikuspegiari hertsiki lotua gelditu zen artea. Erakusketa honetan badira helburu handien isla diren lanak: Estatu Batuen irudi positiboak, are utopikoak. Badira halaber historiaren, kulturaren eta gizartearen alderdi ilunagoen irudi gogorra erakusten dutenak, hala nola, zapalkuntza adierazten dutenak, berdintasun-eza eztabaidatzen dutenak, areagotzen doan kontsumismoaren parodia egiten dutenak edota artearen beraren estatusa zalantzan jartzen dutenak.
Erakusketa honetan Estatu Batuetako artearen historian bezala, hainbat gai errepikatzen dira, baina ezin esan daiteke Amerikan kultura bakarra izan denik. Aitzitik, Amerikako Estatu Batuetako historia kulturaniztun eta korapilotsuak arte-sorta aberatsa, zirraragarria eta liluragarria sortu du. Erakusketa honetan arte-sorta horren zati bat ikustea atsegingarri izango zaizulakoan gaude.
Museoaren Hamargarren Urteurrena ospatzeko prestatutako erakusketa honek, Museoaren Bilduman aurki daitezkeen Bigarren Mundu Gerra osteko artelanak testuinguru batean kokatzeko aukera eskaintzen du. Art in the USA Museoaren bigarren solairuan hasten den ibilbide bat da, atal ezberdinetan banatua, eta lehen solairuan amaitzen da. Mesedez, has ezazu ibilbidea bigarren solairuan eta ez ahaztu Museoan iraunkorki kokatuta dauden artelanak era bisitatzea (Richard Serra-ren Denboraren materia, Jenny Holzer-en Bilbaorako instalazioa, Louis Bourgeois-en Ama eta Jeff Koons-en Puppy), erakusketaren zati ere baitira.
Art in the USA: 300 urteko berrikuntza The Solomon R. Guggenheim Foundation-ek antolatu du Terra Foundation for American Art delakoaren laguntzaz. Erakusketaren babeslea Iberdrola da. Ibiltaritza internazionala Alcoa Foundationen eskutik egin da eta hornikuntza originala The Henry Luce Foundationek jarri zuen.