Txina: 5.000 urte
Jadearen atala. Tutu prismatikoa; jade nefritikoa; Neolitoa
Brontzearen atala. Ontzia; Xia aldia; Pertz karratua (fang ding), ildo-erliebez egindako animalia maskarak eta koskak irudikatzen dituen frisoarekin; Shang aldia
Iruzkinak
Jadearen atala. Ontzia, jainko, animalia eta maskarak irudikaturik dituena; mendebaldeko Jin dinastia; Intsentsu-erregailua, hilezinen uharte magikoaren itxurakoa; mendebaldeko Han dinastia
- Izenburua:
- Jadearen atala. Ontzia, jainko, animalia eta maskarak irudikaturik dituena; mendebaldeko Jin dinastia; Intsentsu-erregailua, hilezinen uharte magikoaren itxurakoa; mendebaldeko Han dinastia
- Erakusketa:
- Txina: 5.000 urte
- Gaiak:
- Heriotza | Arkeologia | Arte orientala | Artea eta historia | Luxua | Sinbolismo erijiosoa | Han aldia | Jin aldia | Txina | Jadea | Tradizioa | Boterea
- Artelan motak:
- Eskultura-objektua
K.a. I. mendean, agintean Han dinastia luze eta oparoa zegoenean, jadea lehengo esparrutik kanpo zabaldu zen (zeru-lurren arteko harremanen errituak eta hilobiak), eta zaldun eta adituen gozamenerako lanak egiteko ere erabiltzen hasi ziren. Oso preziatua zen beraren sentsualitateagatik eta ideia moralik gorenekin lotzen zutelako: gogortasunak ausardia adierazten du, gardentasunak zuzentasuna; distirak onberatasuna; eta jotzean egiten duen soinu garbiak jakituria.
Jade zurizko ontzi honen jabea hegoaldeko Hunan probintziako komandante bat izan zen. Ontzia jadea landuz egitea askoz zailagoa zen teknikoki brontzea galdatzea baino; gainera, oparotasun seinale ere bazen.
Jadezko ontzi honetako ehiza-eszena betiereko bizitzaren ehizaren irudikapena bezala interpreta daiteke; izan ere, gai hori oso erabilia izan zen luxuzko objektuetan, bai eta antzinako pinturako paisaietan ere.
Han dinastiako enperadoreek ehiza-parkeak zituzten beren hiriburuan; haietan, erresumako bazter guztietatik ekarritako animalia exotikoak ehizatzen zituzten. Sinbologiari dagokionez, ehizaldi haietan enperadorea xaman gisa ageri da —zeruaren eta lurraren arteko bitartekari gisa—, gizartea defendatzen, betiereko bizitzaren xerka ari delakoa egiten.
Intsentsu-erregailu honek hilezinen uhartearen itxura du: uhartea mendebaldeko alegiazko mendia zen; bertan jauregiak, lorategi esekiak eta bizi-ura zerien iturburuak zeuden. Inork gailurrera igotzea lortzen bazuen, betiereko bizitza lortzen zuen; erregailuan ehiztariak eta animaliak bidean gora eta zuhaitzak ikusi ahal dituzu, erliebean taxuturik. Oinean Ekialdeko Itsasoaren uhinak ageri dira, eta haitz bakoitzaren atzean zulo bat dago; intsentsu-kea beraietatik irteten da, mendiko barrunbeetatik jalgitzen den indarraren sinboloa gisa. Antzinako txinatarren ustetan, mendiak izaki bizidunak ziren, gizakiak bezalakoak, eta antzeko mailan zeuden Txinako kosmologian.
Erregailuaren goialdeko barrualdea keak bezturik ageri da, eta horrek esan nahi du jabeak, enperadorearen anaia Liu Sheng printzeak, erabili bide zuela. Haren hilobi-eraikuntzatik hurbil zegoen gelatxo batean aurkitu zuten, beraren altxorraren osagai gisa, hil ondoren bizian bezala erabil zezan.