Txina: 5.000 urte
Brontzearen atala. Urreztutako brontzezko dragoia
Hilobi ondasunen atala. Danbor-jolea, kokoriko jarria; buztinezkoa; Danbor-jolea, zutik; buztinezkoa; Ispilua duen emakumea, belauniko jarria; buztinezkoa
Iruzkinak
Hilobi ondasunak. Bost musikari belaunikatu, zurezkoak eta pintaturik
- Izenburua:
- Hilobi ondasunak. Bost musikari belaunikatu, zurezkoak eta pintaturik
- Erakusketa:
- Txina: 5.000 urte
- Gaiak:
- Heriotza | Arkeologia | Arte orientala | Artea eta historia | Artea eta musika | Luxua | Han aldia | Txina | Boterea
- Artelan motak:
- Hilobi ondasunak
Egun oraindik erabiltzen diren musika-tresnez musika jotzen ari diren musikarien zurezko irudi hauek Txinako deskubrimendu arkeologiko miresgarrienetako batetik datoz: Han dinastiako lehen ministro baten emaztea izan zen Dai markesaren hilobia, Hunan probintzian, Changsatik hurbil. Hilobia aristokraziako emakume haren etxebitzaren irudira eraiki zen; bost gela ditu, eta barruan milatik gora gauzaki aurkitu dira: altzariak, ardoa, botikak, janaria, eta zerbitzari, dantzari eta musikarien iruditxoak.
Han dinastian, musika atal garrantzitsua zen aristokraten bizimoduan; zurezko irudi hauek markesak bizi zirela alaitu zituzten benetako musikarien “ordezkoak” dira. Harrigarria bada ere, bi mila urte baino gehiago ingurune hezean pasatu ondoren egoera onean aurkitu zituzten; izan ere, emakumearen gorpuaren urdailean azkenengo jan zuenaren arrastoak topatu dira: meloi haziak.
Haien ondoan, hilobirako berariaz egindako gauzakiak aurkituko dituzu, esaterako, luxuzko ondasunak (Dai markesaren hilobikoak): zetazko ehun bikainen atalak, diseinu zehatz eta oso konplexuz ehundu eta brodatuak... eta lakazko ondasunak, oso-osorik eta bikain artaturik, zetazko ehunetako diseinu beraiekin apainduak. Adi soinean zetazko jantziaren ordezko pintatua duen zerbitzariaren irudiari, ehunki haiek erabiltzen zirela adierazten baitu.
Aurreko garaietan hilobietan jartzen ziren jadezko eta brontzezko ondasunak izpirituak baretzeko baziren, orain ikusten ari garen ondasunek beste zerbait erakusten dute, hain zuzen ere Han dinastian jendeak hil ondoko bizitzaz zuen ustea lurreko bizitzaren idealizazioa zela. Han dinastiaren garaian Txinako emakume aristokrata baten luxuzko bizimoduaren adierazgarri dira; halaber, erakusten dute haren ondorengoek nahi izan zutela betiereko bizitza lurrekoa baino are oparoagoa izan zezala.