Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Bilbo: hiribildua eta elizateak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Bilbo: hiribildua eta elizateak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Hirigintza | Artea eta ekonomia | Artea eta historia | Artea eta politika | Gerra | Hiria | Bilbo | Bizkaia

XIX. mendearen hasieran, Bilbo portuko hiribildu komertzial txiki bat zen; mendearen amaierarako, ordea, etorkizunerantz begiratzen zuen hiri industrial bizia bihurtu zen. Nola jazo zen aldaketa hura?

Nola izan zen posible aldaketa hura lehenengo Independentzia Gerrak (1808–14) eta ondoren zenbait Karlistaldik (1833–40 eta 1872–76) eragindako nahasmenduaren erdian? Eta nola iraun zuten bizirik bertako biztanleek (eta bertako energiak) lau kolera-erasoaldiren ostean?

Galdera horientzako erantzunik errazena, honako hau da: alde batetik, Antzinako Erregimena ezabatzeko eta hiri berri zabaldu eta moderno bilakatzeko gaitasuna izan zuelako (zentzu guztietan saneatua: urez eta argindarrez hornitua, ospitale on batekin, erruki-etxe bikain batekin, etab.); beste alde batetik, gai izan zelako portu komertzial txikia eta burdina-meatzaritza atzean utzi, eta garapen berria sustatuko zuen industriara aldatzeko (siderurgia eta ontzigintza); eta, azkenik, dendarien hiribildu izateari utzi, eta hiriburu finantzario bihurtu zelako.

1775ean, William Bowles (1705–1780) irlandar naturalistak, garaiko espainiar gobernuak hala eskatuta, Espainiako lurrak deskribatu zituen Introducción a la historia natural, y a la geografía física de España 1 lanean, eta honako hau idatzi zuen:

“Bizkaiko fruta eta barazkien ugaritasuna aipatu dut: Bilbo nabarmentzen da; izan ere, hango inguruetan asko eta ona jasotzeaz gainera, urrutiko beste leku batzuetako onena ekartzen dute. Bilbo erosotasunez eta gustura bizitzeko aukera ematen duen herria da, merkataritza-aukera zabala duelako… zentzuz eginak daudelako bertako lege zibilak eta merkataritzakoak. Horien artean, bada bat esker txarraren aurkakoa,  eta delitu hori eginez gero zigorra dakar”.

Urte batzuk geroago, Andrew Leith Hay (1785–1862) eskoziar militar eta arkitektura-kritikariak, James Leith jeneralaren iloba eta frantsesen aurkako gerran haren gudu-zelaiko laguntzaile izan zenak, honela deskribatu zuen hiribildua A Narrative of the Peninsular War memoria-liburuan: “Bilbo oso hiri polita da; trazadura erregularra du, kale zabal eta ongi zolatuak, eta eraikin handi eta ederrak. Ingurunean lur landu asko dago, eta pintoreskoa da. Hiria ibarraren atzealdean kokatuta dago, eta oso ingurune askotarikoa du; hurbileko muinoak zuhaitzez beteta daude gailurreraino. Biztanleek itxura alaia eta aktiboa dute, eta hiriari abantaila ematen dio bere kokapen eder eta komertzialki mesedegarriak. Ibaia nabigagarria da hiriraino, eta hiria izan da, hain zuzen ere, Penintsulako iparraldeko kostako merkataritzagune garrantzitsuena luzaroan”2.

1800. urtean, hiribilduko aberastasunak portuan zuen jatorria, hau da, hainbat produktutan oinarritutako merkataritza-trukean. Gaztelako artilea, bakailao gazitua eta Bizkaiko barnealdean ekoitzitako burdina trukatzen zituzten, besteak beste. Bilbok Europako iparraldearen eta Gaztelako erdialdearen arteko trukea bilatu eta sendotu zuen XVI. mendearen hasieratik, eta XVII. mendearen amaieran, Amerikako koloniekiko trukea. XVII. mendean, Bilbok Kantauri itsasoko portuetako merkataritza-trafikoaren gero eta parte handiagoa bereganatu zuen, aduana-erregistroek erakusten dutenez, eta argi definitu zuen bere itsas orientazioa herrialdetik kanporantz, Europarantz nahiz Amerikarantz; orientazio hori Espainiako beste edozein portu-hiribildutan baino nabarmenagoa zen, Sevilla eta Cádiz kenduta, eta horietan, bestalde, kontsignatario asko bizkaitarrak edo euskaldunak ziren sortzez.

Datu demografikoek datu soziologiko konplexuagoek baino hobeto irudikatzen eta laburbiltzen dute edozein gizarte-egoera, baita datu ekonomikoek baino hobeto ere. Azter ditzagun Zazpikaleetara mugatuta zegoen hiribilduaren errolda-datuak, non agertzen diren bertan erroldatuta zeuden jabeen izenak. Tokiko korporazioek, hiribildukoek nahiz elizateetakoek, bizilagunen zenbaketak egiten zituzten aldian-aldian, zegozkien zergak ordaindu behar zituzten zergadunen kopurua ziurtatzeko. Zerga horiekin finantzatzen zituzten hiribilduko mantentze-lanetako eta segurtasuneko gastuak, baita Diputazioaren gastuak ere, hura arduratzen baitzen bide eta errepideen egoeraz, osasunaz, etab.3

Datu horiek adierazten digute zer jende bizi zen kale batean eta nola erlazionatzen ziren. Era askotako pertsonen bizikidetza horrek erabateko zentzua hartzen du Lehen Karlistaldiaren ondoren hiriaren aldaketa eragin zuen sistema sozioekonomikoa aztertzen dugunean. Aldaketa hori jada hasia zen frantsesen inbasioaren urteetan, Bilbon ez baitzituzten zuzenean gaitzetsi Frantziatik iritsitako ideiak.

Antzinako Erregimena ezeztatzeaz gain, Bilbok etorkizunerako bokazioa agertu zuen, eta bokazio hori hiriaren barruan eta inguruetan, hiribilduan eta elizateetan bizi ziren klase sozial guztiek zeukaten.

Azal dezagun labur-labur zer-nolako harremana zuen Bilboko hiribilduak inguruko lurraldearekin eta nola antolatuta zegoen politikoki.

Diego V.a Lopez Harokoak sortze-gutun edo hiri-gutun baten bidez eratu zuen Bilboko hiribildua, 1300. urteko ekainaren 15ean. Pribilegio hauek jaso zituen: Gaztelako merkataritza guztiak bertatik igaro behar zuen nahitaez itsasorako bidean, beraz, Urduñatik Bermeorako bidea4, jaurerriko merkataritza-bide garrantzitsuena, Bilbotik pasako zen (San Anton zubitik), libre geratuko ziren salgaien sarrera-irteerak, eta bertan bilduko zen burdinaren garraioa ere; horrek barne hartzen zituen Flandes5 eta Britainia Handiko portuekiko merkataritza, neurri txikiagoan Frantzia, Portugal eta Italiako portuekikoa, eta garai hartan Gaztelako eta Aragoiko erresumen portu nagusiak ziren Sevilla eta Bartzelonako portuekikoa ere.

Hiribildu batek kokaleku harresidun batean biltzen zuen biztanleria, hau da, kokaleku babestu batean, eta harreman komertzialak ziurtatu eta sustatzen zituzten justizia-arauak eta pribilegioak zituen. Landako bizitzarekin alderatuta, oinarrizko lau abantaila edo pribilegio zeuzkaten hiribilduek: harresiz inguratuta zeudenez, bertan ez zegoen lapurretarik; justizia bizkorra zuten; biztanleria kontzentratuago zegoen, eta bizimodua erosoagoa zen. Bizkaian 21 hiribildu eratu ziren, Urduñako hiria barne6, Gaztelatik zetorren merkataritza-ibilbideko funtsezko igarobidea (barneko portua).

Hiribilduak lur lautik (harresirik gabeko lurraldea) bereizten ziren, hau da, elizate izeneko biztanleguneetatik. Horrelakoetan, oinarria baserria zen (zentzu zabalean: etxebizitza, ukuilua, aletegia, baratzeak eta larreak, etab.); baserria eta hari zegozkion lurrak nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapen-unitatetzat hartuta, biziraupenerako ekonomia gisa. Hiribilduetako biztanleriak ez zuen zerikusirik landako biztanleriarekin, zeina baitzegoen sakabanatua, baserrietan edo eliza nagusi baten inguruko taldeetan antolatua. Hiribilduetan, artisauak eta merkatari egonkorrak taldekatzen ziren sarri. Hala, hiribilduak izaera hiritarra hartuz joan ziren, landa-eremuko ohiko ogibideen eta bizimoduen bestelakoak zeuzkan klase sozial batekin. Bizilagunen arteko harremanak ez ziren administratiboak eta udalerrikoak, giza geografiarekin lotuak baizik, eta haien lehen egitura komunala kontzeju irekiarekin edo eliza-ateko bilkurarekin agertu zen; elizen atarietan egiten ziren, eta harrizko mahai handiak daude oraindik horrelakoetan.

Hiribilduak foruagatik7 bereizten ziren elizateetatik, baita artisauak biltzeko eta egitura komertzialak sortzeko gaitasunagatik ere, merkatu- eta azoka-egunak sortzeko eskubide eta gaitasunagatik, adibidez. Bilbon beste erakunde bat agertu zen 1511n: Kontsulatua, Kontratazio Etxea, Itsasoko eta Lehorreko Negozio Gizonen Epaitegia, baita Bilboko Unibertsitatea ere8.

Bilbo hiribildu gisa jaio zen, hau da, haren erdigune historikoak Erdi Aroko trazadura-eredua zuen, bide garrantzitsuen elkargunea zelako, eta zubi bat (historikoa, San Anton zubia), portua (merkataritzarako eta itsasoz bestalderako irekidura) eta itsasadarra (garbiketa-fluxua eta ardatz egituratzailea) zituen. 1375eko eta 1442ko Bilbo irudikatzen duten eskema planimetrikoak9 dauzkagu, eta batik bat ikuspegi bat, veduta bat, 1575eko Civitatis Orbis Terrarum laneko akuaforte koloreztatuan10. Bilbok zazpi kale izan zituen sorreran11:

  • Barrenkale Barrena (edo Jauregiaren kalea)— Barrenkale (goikoa edo “la Susera”)
  • Arategizar (edo Harategi Zahar)
  • Belostikale (edo Arrantoki)
  • Artekale (erdiko kalea), ondoren “Frankoena” izendatu zutena, edo “bestaldekoena”, kanpotik etorritakoena
  • Dendarikale, gremioen jardueragatik hala izendatua, Santiago kalea ere deitua
  • Goienkale (goiko kalea), “Somera” edo Cal Somera” (edo “Cimera”, gainekoa)

Ondoren harresitik kanpo sortuz eta moldatuz joan ziren Erronda kalea, Txakur kalea, Pilota kalea, Loteria kalea eta Hiltegi kalea (ondoren Espainiako Bankuaren kalea), baita Bidebarrieta ere, kale berri-berria, berriena. Plaza handiago bat sortu zen harresitik kanpo, Erriberan —itsasadarraren eta Zazpikaleen artean—; gero etorri ziren errebalak,  hau da, aurretik dagoeneko baziren auzuneak —Urazurrutia (gaur egungo Bilbo Zaharra) eta Ibeni (edo Atxuri) zein Bolueta12—; ondoren, Plaza Barria eta Posta kalea, Kapelagile kalea eta Askao kalea, Areatza, San Nikolaseko zuhaiztia, Estufa eta Sendeja kaleak; eta azkenik, anexionatu egin zituzten elizateetako lurrak, Campo Volantin, Salbe ingurua13, Deustu eta Abandoko zabalgunea, Abrara iritsi arte.

Hau da, Bilbo portuko beharren arabera zabalduz joan zen, itsasoraino iritsi arte. Ibaizabal ibaiaren ertzean sortu zen, ibaia nabigagarria zelako bokaleraino, 15 km aurrerago. Ibaizabal ibaia Bilboko hiribildutik zen nabigagarria; hiribildua korrontearen eskuinean kokatuta zegoen, eta Olabeaga zen ainguratokia. Aurreago, Zorrotza igarota, Cadagua ibaia ezkerretik sartzen zen, eta hortik aurrera —Lutxanako dorreetatik aurrera— Barakaldoko ibarrak, Nuestra Señora del Carmen burdina-lantegia, Galindo ibaia —Trapagatik zetorrena— eta Sestaoko ibarrak zeuden, Portugaleteko hiribildura iritsi arte, eta Santurtzira eta Zierbenara (garai hartan Enkarterri); eta beste aldean, Erandioko ibarrak, Itarburu menditik zetorren Asua ibaia, eta Lamiakoko eta Areetako ibarrak zeuden, baita Gobela ibaia ere, Barrikatik zetorrena Udondo ibaiko urekin.

1801ean, Los Vascos o Apuntaciones sobre un viaje por el País Vasco en Primavera de 1801 lanean, Wilhelm von Humboldtek idatzi zuen bidaiariak “Ibaizabalen ertz xarmagarriak” ikusten dituela Bilbotik, eta oin-oharrean jaso zuen “Nerbioirekin bat egiten duen lekutik bakarrik darama[la] izen hori”14. 1864an,  Guía Histórico-Descriptiva del Señorío de Vizcaya lanean, Juan Eustaquio Delmasek idatzi zuen lurraldeko sei ibai garrantzitsuenen artean “lehena [dela] Ibaizabal edo Nerbioi, Delikako iturrian duena jatorria, Urduñako Haitzean…”.

Bere portuari esker, Bilbok segurtasun eta babes handiagoarekin bideratu zuen Gaztelako artilearen merkataritza eta esportazioa, Bizkaiko Jaurerriko burdinoletako industriari bide eman zion, eta inguruko elizateetako merkatua kontrolatu zuen. Horrek berekin ekarri zuen merkataritzari eta artisautzari lotutako burgesia agertzea eta gatazka sozialak sortzea hiribilduko eta elizateetako biztanleen artean (Jaurerriko Diputazioaren mendekoak, azken horiek). Bilbok merkataritza-jarduerekin eta itsas jarduerekin izandako lotura funtsezkoa izan zen hiriaren garapenerako, eta Kontsulatua (edo kontsignatario, merkatari eta itsasontzi-kapitainen sindikatua) ere funtsezkoa izan zen, XIX. mendean desegin zen arte; hain izan zen garrantzitsua, ezen udalarekin egoitza partekatzera ere iritsi baitzen15. Hortaz, Bilboko hiribildua, bertako lurraldea eta biztanleria, hiru erakunderen artean gobernatzen zuten, eta XIX. mendean (biztanleek pairatutako gerren eta epidemien ostean), hirurek norabide berean egin zuten arraun.

Azken hogei urteetan, gure lurraldeko biztanleriari buruzko azterlan demografiko oso onak izan ditugu. Badakigu 1797an zehazki 10.943 biztanle bizi zirela eta kopuru hori 90.000 ingurukoa izatera iritsi zela XIX. mendearen amaierarako; aldiz Madrilek 200.000 biztanle zituen 1820an, eta 539.835, berriz, 1900. urtean16.

Nolanahi ere, batzuetan, azterlan horietan jasota dauden iritzi batzuk ez datoz bat erroldek erakusten diguten Bilbo errealarekin. Adibidez, Arantza Pareja Alonsok (gainerakoan bikaina den “Bilbao. Demografía en los siglos XIX y XX” lanean) bi iruzkin egin zituen, hiribilduaren hedapena geldiaraziko zuketenak, nolabait; baina hedapen hori gertatu egin zen. Honako hauek dira:

  1. “Kontuan hartu behar da industriaurreko gizartea landatarra zela, eta haren ekonomia ere halakoa zen, funtsean; hiriak, aldiz, ez zuen pisu handirik, ez demografikoki, ez sozioekonomikoki. Testuinguru hartan, Bilbo “landarik” gabeko hiri bat zen, eta, hortaz, ez zuen nekazaririk”.
  2. “Bilboko historia modernoaren historialariek ongi dakite udal-agintarien obsesio etengabeetako bat zera izan zela, hain zuzen ere, biztanle berriei hiritar-izaera emateko ikaragarrizko mugak jartzea; izaera horrek hiribilduaren barruan eskubide nahiz betebeharrak bete-betean baliatzeko eskubidea ematen zuen”17.

Lehenengo puntuari dagokionez, aipatu beharra dago inguruko elizateek elikadura-kalitatea ematen ziotela Bilbori; horregatik anexionatu nahi zituen lur horiek udalerriaren etorkizuna taxutzeko. Joaquín Adánek zioen moduan18, “ez da industria-kudeatzaile ona izango nekazaritzako azken gorabeherak ezagutzen ez dituena”. Hiribildu komertzial aberatsak portuko eta zamalanetarako kaietako jardueren bitartez bideratu zuen bere jarduna eta garapena. Garai hartan, Erriberako kaiak (eta merkatua) eta Areatza zeuden, Olabeagako ainguratokiarekin, baina berehala ikusi zuten itsasadarraren kanalizazio hobea eta kanpo-portua behar zituztela, jada ez zeudela harresien barruan, ezta Abandoko ontziola ere, eta Olabeaga eta Zorrotza ere ez, noski. Kontsulatua Erriberako kaiez arduratu zen, eta, horrez gainera, biltegi, garraio eta nabigazioko azpiegiturak mantendu eta zabaldu zituen, bai bi ibaiertzetan, bai itsasadarrak Abraraino egiten zuen bidean, hau da, Bilborekin mugakide ziren hiru elizateekin ez ezik beste batzuekin ere harremanetan. Horrez gainera, portuko lanaren ondorioz langile gehiago behar izan ziren salgaiak mugitzeko, zamalanak egiteko eta portuari lotutako beste arlo batzuetan aritzeko, eta Begoñako nahiz Abandoko jende ugari hasi zen lanean.

Bigarren puntuari dagokionez, errealitatea oso bestelakoa zen, Bilbok berehala onartu baitzituen hiribildura iritsitako indianoak eta atzerritarrak. Bilboko “sistema demografikoa” aztertu behar dugu, XVIII. mendearen amaieratik, eta aurkituko dugu oso biztanleria heterogeneoa, elkarrekin bizi zena anaitasunez, eta ezkontzen bidez erlazionatu eta nahasten zena. Beste kapitulu batean aztertuko dugu hori, aurrerago. XVIII. mendearen amaierako eta XIX. mendeko Bilbo, non garatu ziren gure erakusketako margolariak, ez zen 1575eko Civitates Orbis Terrarum lanean eskainitako veduta edo ikuspegi panoramikoaren oso bestelakoa (ikus gaztelerazko liburukiko 26–27. or.). Ikuspegi hori Miribillako gainetik egina dago, eta bertan atseden hartzen edo askaria egiten ageri dira emakume batzuk, txano frigiarra jantzita, eta behi bat. Akuaforte teknikaz egindako veduta horretan Zazpikaleak ikusten dira, Santiago katedral gotikoa, San Anton eliza eta zubia, eta jada desagertuta dagoen San Frantzisko komentua, besteak beste. Behealdean ezkerretara kokatuta dagoen kartel batean jasota daude hemeretzi eraikin garrantzitsuren izenak19. Baina ikuspegi horren begiradaren zerumuga Bilbok XIX. mendean lortu nahi zuena da: Ibaizabal ibaiari jarraituz zabaltzea bokaleraino, non Serantes mendiaren tontorraren ondoan ageri diren La vara de PortoGalete letra larriz idatzita eta bi galeoi (sarrerako nabigazioa oztopatzen zuen hareazko barrari egindako lehen aipamenetako bat). Barra hori betirako desagertu zen portuko obrak, burdinazko kaia (1880–87) eta kontrakaia (1903) egitean. Bilbo Abrara iritsi zen.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

Besterik adierazi ezean, testuan agertzen diren aipuak gaztelaniatik euskarara itzulita daude jatorrizko iturria euskaraz argitaratua ez dagoen kasu guztietan.

  1. William Bowles, Introducción a la historia natural, y a la geografía física de España, Imprenta de Mena, Madril, 1775, 312. or. Bere behaketen zehaztasuna eta doitasuna tarteko, irlandar biologo eta botanikariak nazioarteko gorespena lortu zuen, eta lana frantsesera itzuli zuen Guillaume Bowlespar Flavigniko bizkondeak (Paris, 1776), eta italierara, aldiz, Francesco Miliziak (Stamperia Reale Bodoni, Parma, 1783). Hauek dira Bilbon 1700–1850 urteen artean agertutako pasealeku eta lorategien ezaugarri komunak: 1) oso lotuta zeuden itsasadarrarekin, zeina baitzen ikuskizunaren parte: Kañu pasealekua itsasadarraren forma geofisikoaren arabera eratua zegoen; Areatzak ibilguaren zati bat lapurtzen zion, eta Campo Volantin pasealekua uraren ibilbide zuzenaren parean zihoan; 2) eremu publiko horiek (dikeak, urak ekartzeko azpiegiturak, industriako instalazioak) jatorri soziolaborala zuten, eta herritarrak horiek beretzen joan ziren, denborak aurrera egin ahala; 3) hiribildurako bi sarrera posible bakarretan kokatuta zeuden: Deustu eta erriberakoa (Volantin) eta Gaztelako errepidekoa (Kañu). [itzuli]
  2. Carlos Santacara, “Bilbao visto por los británicos durante la francesada, 1808–1814”, Bidebarrieta, 14. zk., Bilbo, 2003, 108. or. Jatorrizko bertsioa: Sir Andrew Leith Hay of Rannes, A Narrative of the Peninsula War. Daniel Lizars, Edinburgo/Londres, 1831, 21. or., egileak berak egindako marrazkiak dituzten bi liburuki (berrargitalpena: Franklin Classics, Londres, 2018). [itzuli]
  3. Fogerazio horiek —horrela esaten zitzaien “suen erroldei”, hau da, biztanledun zenbat etxe zeuden eta bakoitzean zenbat lagun bizi ziren jasotzen zuten erregistroei— biztanlegune bakoitzaren bizilagun-kopurua adierazten digute; nabarmentzekoak dira 1493, 1514, 1704, 1745 eta 1796. urteetakoak, 1810eko erroldak eta 1857ko eta 1860ko errolda instituzionalak. Bilboko hiribilduan, korrejidoreak ez ezik, Kontsulatuak ere erreparatzen zion erroldaren egoerari. Kontsulatuak beti aurreikusten zituen biltegiratze-, garraio-, zamalan- eta nabigazio-azpiegiturak mantentzeko edo zabaltzeko beharrak. [itzuli]
  4. Gaztelako Fernando IV.ak berretsia Burgosen, 1300. urteko urtarrilaren 4an, Logroñoko Forupean. Hiribildua Erdi Aroan sortutako biztanlegune-mota bat da. Lurralde-oinarri gutxi-asko zabala zuen kontzeju bateko ordezkariek eskatuta, erregeak edo autoritateak (Bizkaiko jaunak, bertako lurraldearen jabea eta jabe jurisdikzionala zenak) hiri-gutun edo sortze-gutun bat ematen zuen. Ziurrenik, portutik eratorritako merkataritza-jarduerak babesteko beharrak bultzatuta eratu zen hiribildua 1300. urtean, pribilegioz (hau da, sortze-legedi juridikoarekin) eta harresiekin. [itzuli]
  5. XIV. mendetik bertatik, Bilbok harreman komertzialak zeuzkan Flandesko konderri zaharrarekin (Guilliots van Severen-ek argitaratutako Cartulario de Brujas lanean jasota dagoenez, 1350erako jada baziren bizkaitar ontziak Europako eskualde hartan). Bilboren harreman komertzial horien erakusle da Bizkaiko Kontratazio Etxea izan zuela Brujasen 1489ra arte, eta ondoren Anberesen. [itzuli]
  6. Urduña hiribildua izan zen lehenengo, 1229an, eta ondoren hiri-titulua jaso zuen, Fernando Katolikoaren eskutik 1467an, eta Isabel eta Fernando Errege-erregina Katolikoen eskutik, 1481ean, Bartzelonan egindako dekretu baten bidez. Bertako bideetatik igarotzeagatik kobratzen zuenetik eta Bilboko portuaren aduana izatetik bizi izan zen Urduña mende luzez. Aduana, gainera, bi noranzkoetan zen: joatean, gurdiak artilez, zerealez, ardoz eta olioz beteta joaten ziren; itzuleran, bideko burdinoletan landutako burdina eta altzairua zeramatzaten. Bertan eraiki zituen Jesusen Konpainiak Bizkaiko bere lehen tenplua eta eskola. Urduñak Espainia barruko ordokitik zetorren igarobidea kontrolatzen zuen Bilboraino iristen den Nerbioi ibaiaren bailarari esker; Bizkaiko Jaurerriaren eta Gaztelako konderrien arteko muga naturala izan zen, eta paper ekonomiko garrantzitsua lortu zuen. Balmaseda, Urduña, Bermeo eta Otxandioko hiribilduak Bilbo baino lehenagokoak dira. Fernando II.a Aragoikoak 1511ko ekainaren 21ean egin zuen Foruen zina; Isabel I.a Gaztelakoak 1483ko irailaren 5ean egin zuen haien zina, eta 1511n “Bilboko Kontsulatua, Kontratazio Etxea eta Itsasoko eta Lehorreko Negozio Gizonen epaitegia” eratzeko ordenantzak onartu ziren. 1602an, Bizkaiko hiriburu izendatu zuten; ordura arte Bermeok izan zuen titulu hori (Bermeori zegokion lehen eserlekua Batzarretan parte hartzen zuten hiribildu guztietako ordezkarien artean). Erdi Aroan, 21 hirigune harresidun sortu ziren Bizkaian (Bizkaiko Forutik bereizten zituzten beren hiri-gutunetan jasotako foru partikularrek): Balmaseda, Bermeo, Bilbo, Durango, Ermua, Gernika, Lanestosa, Lekeitio, Markina, Ondarroa, Otxandio, Portugalete, Plentzia, Mungia, Areatza, Errigoiti, Larrabetzu, Gerrikaitz, Miravalles, Elorrio eta Urduñako hiria. [itzuli]
  7. Bilboko sortze-forua erregeak emana zen, Jaurerriko foru-araudi orokorra ez bezala, zeinak baitzuen ohiturazko jatorria. [itzuli]
  8. Bilboko merkatari-talde baten izenean, Juan de Arizek Kontsulatuaren sorrera eskatu zuen, eta baimena eskuratu zuen 1511ko ekainaren 22an Sevillan emandako errege-gutunaren bidez. Burgosen bazen Lehorreko Kontsulatua 1494az geroztik, eta Madrilen askoz geroago sortu zuten, 1632an. Erakunde publiko-pribatu gisa, itsasoko edo lehorreko kontsulatu batek kudeaketa-ahalmena zuen, baita betearazpenerako eta zigor juridikorako ahalmena ere, itsas azpiegiturei (portuak, pilotajea, itsasontzien porturatzea, zamalanak) edo lehorreko azpiegiturei (trafiko komertziala eta merkataritza-legediko eskumenak) zegokienez: “[…] hemendik aurrera merkatariek izango dute jurisdikzioa merkatarien artean izan daitezkeen desadostasun eta eztabaiden berri izateko, eta ezagutu beharko dituzte, eta salgai-tratuaren kideen eta faktoreen berri jakin beharko dute, baita truke eta salerosketen berri ere, eta kanbio eta aseguruen berri, izan dituzten eta dituzten kontu eta konpainien berri, ontziratutako ontzien berri…”. Cádizko 1812ko konstituzioak Kontsulatuen ahalmenak eta jarduerak deuseztatu zituen, 1866an Merkataritza Ganberak sortu ziren arte. [itzuli]
  9. Beatriz Arizaga Bolumburu eta Sergio Martínez Martínez, “El espacio público de la villa de Bilbao”, Donostia, 2006, http://www.eusko-ikaskuntza. eus/es/publicaciones/bilbao-el-espacio-publico-de-la-villa-de-bilbao/art-17947/. Honako hau diote 55. orrialdean: “1913an, Carlos de la Pazak grabatu bat argitaratu zuen, non irudikatuta ageri den 1375eko Bilboren ustezko planoa zazpi kaleetako hirurekin bakarrik: Goienkale, Artekale eta Dendarikale. Interpretazio horren arabera, pentsatzekoa da harresiak biztanlegunearen ekialdeko zatia bakarrik inguratuko zuela, eta hiribilduaren mendebaldea babesik gabe egongo zela. Urte batzuk lehenago, 1881ean, Juan E. Delmasek 1442ko Bilbo irudikatzen zuen beste grabatu bat argitaratu zuen, eta bertan ageri ziren zazpi kale bereizgarriak. 1913ko marrazkia Delmasenaren kalko partziala da, ziurrenik. […] Argitaratu zirenetik behin eta berriro errepikatu diren bi marrazki horien oinarri dokumentala ezezaguna da, eta ezezaguna da, halaber, zergatik jarri nahi izan zieten data hainbesteko zehaztasunez irudikatu nahi zituzten eboluzio-uneei. XVI. mendearen amaierako bi plano daude, bat Britaniar Museoan eta bestea Madrilgo Gerraren Museoan, eta XVII. mendearen erdialdeko beste bi, bi-biak Londresen. [itzuli]
  10. Georg Braun-ek (1541–1622), Koloniako artzain protestante eta geografo (Alemania) Frans Hogenberg (1535–1590) grabatzailearekin lan egin zuen. Hogenberg Municheko grabatzaile-sendi bateko semea zen, eta Civitates lanaren plantxa gehienak egin zituen, hala nola Abraham Ortelius flandestar kartografoaren Theatrum Orbis Terrarum (1570) lanerako osagarri bat, zeinerako egin baitzituen, halaber, grabatuak. Sei liburukiak Kolonian inprimatu zituzten, 1572an, 1575ean, 1581ean, 1588an, 1597an—azken hori Frans Hogenbergek grabatua— eta 1617an, hurrenez hurren. 47 edizio baino gehiago argitaratu ziren, hainbat hizkuntzatan (latina, alemana eta frantsesa). Civitates Orbis Terrarum munduko hirien vedute edo ikuspegien lehen bilduma izan zen. Lehenengo liburukiak, 1572koak, 59 grabatu zituen, baina urteak joan ahala, 6 liburukiko lan ikaragarria osatu zuten, mundu osoko hirien 546 ikuspegi, bista panoramiko eta mapa biltzen zituena. Braunek, Hogenbergekin eta beste grabatzaile batzuekin batera, beste artista batzuek bere esku utzitako paisaia hiritarrak prozesatzen zituen. Ezagunak dira, adibidez, Kieleko ikuspegia egiteko izan zituen harremanak. Ikusi Franz Obermeier “Stadtansichten von Kiel in der Druckgraphik vom 16. bis 18. Jahrhundert” hemen: http://archiv. ub.uni-heidelberg.de/artdok/233/. Georg (Joris) Hoefnagel (1542–1600) anberestar artistak ere parte hartu zuen, eta Espainiako zein Italiako hirietarako jatorrizko materialaren zatirik handiena jarri zuen. Braun izan zen lanaren argitaratzaile nagusia: plantxak eskuratu, artistak kontratatu eta testuak idatzi zituen. Laurogeitaka urte zituela hil zen, 1622an, eta jatorrizko taldeko kide bakarra izan zen 1617an VI. liburukia argitaratuta ikusi zuena, gainerakoak hilda baitzeuden. [itzuli]
  11. Horiek denak jada aipatuta ageri dira 1463an, Henrike IV.ari hiribildua zabaltzeko egindako lehen eskaerarekin batera (E. J. Labayru: Historia general del Señorío de Bizcaya. Bilbo, 1968, lll. lib., 240. or.). [itzuli]
  12. Bolueta Begoñako elizateko lau auzoetako bat zen, Atxuri, Zabalbide eta Galtzadak izenekoekin batera. Ibaizabal ibaiaren eskuineko aldean dago, Zubi Berrirainoko tartean, Bilbo eta Bidebietaren (Basauri) artean. Handik zihoan Pancorborako Errege Bidea, Bizkaiko Diputazioak, Kontsulatuak eta Bilboko Udalak XVIII. mendearen erdialdean sortua. Bolueta berandu anexionatu zuten, 1925ean. [itzuli]
  13. Salbe ingurua ontziolen eta ontzitegien eremua izan zen XVI. mendean. El Guindaste (altzamaia) izeneko gune bat zegoen bertan (hitz hori gaztelaniazko guindar aditzetik zetorren, zeinak esan nahi baitu itsasontzietan mastadia jartzea), baita La Grúa (garabia) izeneko beste bat ere, ondoren El Siete (zazpia) izena hartu zuena. [itzuli]
  14. Ibaizabal ibaia Durangaldetik dator, Atxondo bailaratik, ipar-mendebalderantz, eta Basaurin bat egiten du Nerbioi ibaiarekin. [itzuli]
  15. 1603an, udaletxe berria inauguratu zuten, eta bertan kokatu zituzten udaletxea bera eta Kontsulatuaren egoitza. Diputazioak ez zuen egoitza finkorik izan Plaza Barria sortu arte; bertan, erlojuaren fatxada hartu zuen, eta Bizkaiko Jaurerriaren armarria ipini zuen bertan. 1900eko uztailaren 31n lekualdatu zen Kale Nagusiko eraikin berrira. [itzuli]
  16. Ikusi, besteak beste, azterlan hauek: José Urruticoechea, “Demografía Vasca en el siglo XVIII”, Historia del País Vasco. (Siglo XVIII), Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, 1985, 93–128. or.: “1797an, Bilbok 10.943 biztanle eskas zituen; 1865ean, 27.000; 1877an, 32.734, eta 1900ean, 80.000 inguru”; Luis Vicente García Merino, La formación de una ciudad industrial. El despegue urbano de Bilbao, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Oñati, 1987, 408. or.: “Bilbok 1797an zeuzkan 10.943 biztanleak hirukoiztu egin ziren XIX. mendearen amaierarako; izan ere, 1877an 32.734 biztanlera igo zen Hiribilduko biztanleria”; Arturo Rafael Ortega Berruguete, “La población de Bilbao: 1800–1870”, Vasconia: Cuadernos de historia-geografía, 10. zk., 1988, 47–62. or.: “Bilbok 15.000 inguru zituen 1800. urtean, eta mendearen amaieran 90.000 inguru izatera iritsi zen”; Arantza Pareja Alonso, “Bilbao (Población, demografía siglos XIX y XX)”, Auñamendi Eusko Entziklopedia Digitala, 1. lib., 1–21. or., 2002: “1800–1860: 11.407 biztanle; 1870: 17.923 biztanle; 1890: 55.632 biztanle: 1900–1910: 83.306 biztanle”; Manuel González Portilla, (ed.), La consolidación de la metrópoli de la Ría de Bilbao, BBVA Fundazioa, Bilbo, 2009, II. lib., 81. or.(‘Evolución de la población de Bilbao 1877–1975’ grafikoa): “1877: 39.695 biztanle; 1900: 93.250 biztanle; 1930: 161.987 biztanle. [itzuli]
  17. Arantza Pareja Alonso, “Bilbao (Población, demografía siglos XIX y XX)”, Auñamendi Eusko Entziklopedia Digitala, 1. lib., 1–21. or., 2002 , hemen: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/bilbao-demografia-en-los-siglos-XIX-y-XX/ar-5915/ [itzuli]
  18. Joaquín Adán Satué (1892–1936) 1915ean sartu zen Bizkaiko Diputazioan abokatu gisa, eta ondoren, 1921etik aurrera, Echevarria SA enpresako idazkari nagusia izan zen. El Noticiero Bilbaíno, Blanco y Negro eta El Nervión egunkarietan idazten zuen, azken horretan “Argencio” goitizenarekin. 1918an Lan Sariketak sustatu zituen, Bilboko Erakustazokaren oinarria. Los pecados de la Industria Española (1925) saiakera idatzi zuen, eta Bilbo kosmopolita eta modernoaren alde egin zuen. Aingeru Zaindarien komentuko kartzelan hil zuten, 1936an. [itzuli]
  19. Bilboren ikuspegi panoramikoa, hego-ekialdetik hartua. Civitates Orbis Terrarum lanean jasotako ikuspegietako bat da eta hemen ageri da: De Praecipvis, totivs Vniversi Vrbibvs, Georg Braun. Franciscus Hogenbergius.[...] Simon Novellanus, Coloniae: Auctores, 1575; 2. liburukiko 8. eta 9. or.; koloretako akuaforteak, 373 × 472 mm 40 x 55 cm-ko orri batean. Kolorea eskuz eman zioten, eta inprimatze berantiarrenen kalitate kaxkarragoa ezkutatzeko erabili zen. Ez dakigu ikuspegia Joris Hoefgnagel (1542–1600) flandestar margolariak margotu zuen, edo Joannes Muflinek, 1544an, Espainian zebilela Christoffel Plantijn (Saint Avertin, Frantzia, ca. 1520–Anberes, Belgika, 1589) flandestar argitaratzaile entzutetsuaren agente gisa, edo horrek armarria bakarrik egin zuen. Braunek Bilbao, Vulgo, Latinis, Flaviobriga izenburua jarri zion testuari, baina grabatuko legendan uvez idatzita dago bigarren silaba, Bil Vao, Bellum vadum, hots, Bilvao. Lan horiek Bilboren irudi artistikoa baldintzatu zuen 200 urtean baino gehiagoan. Hegoekialdetik hartutako ikuspegia da, Miribilla gainetik eginda dago, eta bertan atseden hartzen edo askaria egiten ageri dira emakume batzuk, txano frigiarra jantzita, eta behi bat. Zazpikaleak ikusten dira, eta Ibaizabal ibaia, bokaleraino, non Serantes mendiaren ondoan ageri diren La vara de PortoGalete, letra larriz idatzita, eta bi galeoi (sarrerako nabigazioa oztopatzen zuen hareazko barrari egindako lehen aipamenetako bat). Era berean, San Anton zubiaren eta Erriberaren ondoan beste bi galeoi daude. Beheko aldean ezkerrean ageri den kartel batean hemeretzi eraikin garrantzitsuren izenak daude idatzita, Santiago katedral gotikoarena (10), San Anton elizarena (12) edo jada desagertutako San Frantzisko komentuarena (6), besteak beste. Goian, erdialdean, Bilboko armarria dago, zinta batekin, eta azpian letra etzanez idatzitako latinezko lau lerro ditu: “Bilvao”: “En spectator benevole Magnificia Hispaniae civitas Bilbao, alijs quasi Bellum vadum, Bilvao, ...”. [itzuli]